
Zurrumurru asko egon dira bere irteera posibleari buruz, ohi baino protagonismo gutxiago izan duen denboraldi honetan. Baina abenduan NAIZi eskainitako elkarrizetan azpimarratu zuenez, «nik beti eman diot lehentasuna Realari, hazi naizen kluba delako eta sentitzen ditudan koloreak direlako». Maitasun istorio horrek jarraipena izango du, Nerea Eizagirrek kontratua berritu baitu 2028ra arte.
Tolosarra duela hamar urte iritsi zen Zubietara, 16 urterekin. Hamar denboraldi hauetan sufritu eta gozatu egin du, dozena erdi entrenatzailerekin lan egin du, Kopa bat irabazi du, finalak jokatu ditu eta bi aldiz parte hartu du taldearen Europako sailkapenean. 2021etik kapitainaren besokoarekin jokatzen du, eta duela bi astetik elastiko txuri-urdinarekin partida gehien jokatu dituen bigarren futbolaria da (283), Aintzane Encinasen atzetik.
Erreferentea
Futbolari-ohi donostiarraren marka gainditzeko aukera izango du, gutxienez beste bi urtez jokatuko baitu Realean. Behintzat protagonismoa berreskuratzen badu, amaitzear dagoen denboraldi hau izan baitu eskasena parte-hartzeari dagokionez, debuta egin zuenetik. Jokatzen hasi bazen ere, lesio batek kanpoan utzi zuen aste batzuetan eta ondoren ez da Arturo Ruizen konfiantza handieneko futbolarien multzoan sartu. Hala eta guztiz ere, taldeko bigarren golegile nagusia da –Edna Imaderen atzetik bakarrik– eta, zalantzarik gabe, batez besteko onena duena, 110 minututik behin sartu baitu gola, guztira zortzi ospatuz.
Klubak berritzea iragartzeko argitaratu duen oharrean, tolosarrak «Realaren balioak lehen taldearekin debutatu zuenetk ezin hobetu ordezkatu» dituela azpimarratu du. «Bere hazkundea eskutik helduta joan da emakumezkoen futbol txuri-urdinaren garapenarekin batera, aro bat markatu duen belaunaldi baten funtsezko pieza bihurtzeraino. Belaunaldi horrek klubaren historiako unerik garrantzitsuenetako batzuk biziarazi dizkio taldeari». «Bere talentuaz eta zelaian erakutsitako mailaz harago –gaineratu du Realak–, erdilari gipuzkoarra ispilu eta erreferente bihurtu da jokalari gazteenentzat, baita zale txuri-urdinek gehien maite duten jokalarietako bat ere. Nortasunean, lanean eta anbizioan oinarritutako proiektu baten oraina eta etorkizuna ordezkatzen dituen futbolaria da».
«Poza eta harrotasuna»
Hunkituta agertu da Eizagirre bera. «Ilusioa ez da galtzen», adierazi du. «Urte asko dira hemen, baina berdin berdin jarraitzen dugu. Oso pozik, ilusionatuta, gogotsu... Eta espero dut aurten izan dugun urtea bezalako urte asko izatea eta disfrutatzea».
Ibilbideari eta orainari begira, «poza eta harrotasuna» sentitzen duela aitortu du. «Ez da erreza horrenbeste gauza lortzea, bi aldiz Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izatea, lau final jokatzea, titulu bat irabaztea... Batzuetan dirudi erreza dela, baina ez da erreza. Momentu guzti horietaz disfrutatzen dut, astebururo jokatzen ditut partida guztietaz». «Egunero esnatzen naizenean –gaineratu du–, ilusio hori daukat, entrenamendura joateko, Realeko kamiseta janzteko, asteburuetan Realeko ezkutua ahalik eta altuen lagatzeko... Ilusio hori da neretzat Reala».
Kapitainak ez ditu zaleak ahaztu nahi izan, «oso pozgarria» baita «astebururu pozik ikustea. Eskerrak eman nahi dizkiet, beti oso babestua sentitu naizelako, asko animatzen didatelako, kariñoa jasotzen dudalako. Benetan, eskerrik asko».

Ni «oleada» de ceros, ni capricho del corrector; claves para entender lo ocurrido en la PAU

Fallece un montañero de Urnieta cuando descendía del Pic du Midi d’Ossau

La ‘cabeza de Baco’ sustraída por un ex alto cargo del PNV llega 50 años después al museo Bibat

«Nosotros invertimos 13 millones en el Bilbao BBK Live y la ayuda pública no llega al millón»

