
Hauxe da Giroaren aldrebesa esprinterrentzat, bereziki Giroak hain bereak dituen ‘volata’ horietan nabarmentzen direnentzat. Bigarren astea Milanen amaitu da, normalean Giroaren amaiera suposatzen duen helmugan. Halakoetan, erlojupeko probarik ezean, esprintean amaitu ohi da etapa, ibilbidea alfonbra baino lauagoa delako. Baina hara non, laukote ausart batek etapa hasieran tropela atzean laga, lanean elkarrekin bikain konpondu eta tropelaren ahalegin desesperatuari burla eginda helmugara iristea lortu duela! Uno-X taldeko Fredrik Dversnes norvegiarrak Mirco Maestri (Polti) eta Martin Marcellusi (Bardiani) gainditu ditu esprintean, tropeleko gizonik bizkorrenak bizikletari ukabilkadaka helmugaratu diren bitartean, Urrezko Kopan zaldia jipoitzen duten moduan. Alperrik, ordea.
Aipatu hirukoteak gehi Polti taldeko Mattia Bais izan dira Voghera eta Milano arteko 158 kilometroetako protagonistak. Etapa abiatu eta berehala egin dute hanka. Tropelaren aharrausia ikustekoa izan da, nahiz eta laukoteak sekula ez duen alde nabarmenegirik lortu. Logikak dio esprinterren taldekideek martxa sartzeaz bat eta kilometroek eragindako nekeak zangoetan, iheslariak tropelaren morrontzara erori behar dutela, baina Giro xelebre honetan ia zernahi gertatu liteke, eta lau iheslariek, besterik gabe amore emateko inolako borondaterik izan ez dutelako, tarteka «ezina, ekinez egina» leloa egi bihurtzen dela erabaki dute.
Lana beltz egin behar izan dute horretarako; izan ere, ia 50 kilometro orduko abiadan burutu dute etapa guztia, ez bazterretara begira. Lonbardiako hiriburuan jende andana kalera atera da Giroko txirrindulariak hauspotzera, Milanoko erdigunean lasterketaren antolakuntzak eratutako zirkuituan barrena. Bertatik bertara ikusi eta bereizteko ahalmena izan duen horri bedeinka diezaiola bista tokatzen denak, tximistaren pare pasa baitira hala iheslariak nola hauek atzemateko lanean erre direnak ere.
Vingegaard ‘capoa’ eta esprinta
Abiaduraz kezkatuta edo, ez behintzat ibilbidea estua edo arriskutsua izan delako, Jonas Vingegaard liderra Zuzendaritzarekin hitz egitera joan da eta, itxura denez, bere berriketaldiak izan du eraginik. Hala, etapako denbora ofizialak helmugatik azken aurrekoz pasa direnean hartzea deliberatu dute. Azken itzulian etaparen lehian korritu dute txirrindulariek, baina ez sailkapen nagusiari begira.
Hala ere, horrek ez dio inori balazta sakatzeko aukerarik eman. Esprinterren taldeek beren morroiak erre dituzte, baina abantailari egoskor eutsi dio aurreko laukoteak, azkeneraino lanari ekin diote-eta. Tropela gero eta kaos histerikoago baten hartu du menpean, azeleragailua hondoraino sakatuz begien bistan bai baina harrapatu ezinik izan dituzten iheslariak noiz atzemango.
Ez ordea. Etapako azken zuzengunean bi kilometro izan ditu eta nahi besteko zabalera izan du tropela lasai joateko, baina iheslariak ezin artaldera bildu. ‘Volataren’ herrian ‘volatarik’ ez, alajaina, edo ez behintzat tropelean. Iheslarien artean, berriz, Fredrik Dversnes norvegiarra izan da bizkorrena eta astelehen honetako atseden eguna baliatu ahal izango du tropelari ziria nola sartu dion gozatzeko. Giroa aste erabakigarrian sartzera doa, asteartean Carì gainean amaituko den etapa labur eta gogorrarekin hasita.
Hamabosgarren etapa:
1- Fredrik Dversnes (Uno-X) 3h03:18
2- Marco Maestri (Polti) d.b.
3- Martin Marcellusi (Bardiani) d.b.
4- Mattia Bais (Polti) d.b.
5- Paul Magnier (Soudal) 57ra
6- Dylan Groenewegen (Unibet) d.b.
7- Tobias Lund Andresen (Decathlon) d.b.
8- Ethan Vernon (NSN), d.b.
9- Paul Penhoet (Groupama) d.b.
10- Luca Mozzato (Tudor) d.b.
70- Markel Beloki (EF) d.b.
76- Igor Arrieta (UAE) d.b.
Sailkapen nagusia:
1- Jonas Vingegaard (Visma) 59h12:56
2- Afonso Eulalio (Bahrain) 2:26ra
3- Felix Gall (Decathlon) 2:50era
4- Thymen Arensman (Ineos) 3:03ra
5- Jai Hindley (Red Bull) 3:43ra
6- Giulio Pellizzari (Red Bull) 4:22ra
7- Michael Storer (Tudor) 4:46ra
8- Ben O'Connor (Jayco) 5:22ra
9- Derek Gee (Lidl-Trek) 5:41era
10- Davide Piganzoli (Visma) 6:13ra
18- Markel Beloki (EF) 11:33ra
20- Igor Arrieta (UAE) 14:17ra

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

La Generalitat reclama casi 800.000 euros a una monja de Araba por el caso de Sixena

Venezuelan hil da Xabier Arruti Imaz Lazkaoko iheslari ohia

UPN, PP y Vox patalean porque la nueva camiseta del Athletic tiene un mapa de Euskal Herria

