A.A.
BILBO
Interview
Amaia Galindez
Kirikiño ikastolako zuzendaria

«Bilbo euskaldun bat dago, eta hori bultzatzen jarraitu behar dugu»

Txiki-txikitatik ezagutzen du Txurdinaga auzoa eta bertako gizarteak izan duen bilakaera. Bere hitzetan, euskararen egoerak hobera egin du, baina Bilbo bezalako hiri handi batean erabilerak erronka itzela izaten jarraitzen du. Horrexegatik uste du aurtengo Ibilaldiak balio berezia duela.

Argazkiak: Oskar Matxin edesa  FOKU
Argazkiak: Oskar Matxin edesa FOKU

2026ko Ibilaldiaren egun handia iritsi da Txurdinagara. 2025ean Galdakaoko Eguzkibegi ikastolari egokitu zitzaion Bizkaiko ikastolen jai handiaren antolaketa, eta aurten Kirikiño ikastolak izan du ardura hori. Ikastolakoek aspalditik dihardute auzoa euskararen, euskal kulturaren eta hezkuntza komunitatearen topagune bihurtzeko lanean. Proiektuaren burutzan Amaia Galindez dabil, ikastolako zuzendaria 2020tik, eta aurretik ibilbide luzea izan duena langile, irakasle, kooperatibista eta ikasleen ama gisa. Ekitaldiaren antolaketa komunitate osoarentzat «ohore» bat dela aitortu digu.

Nolakoa izan da zure ibilbidea Kirikiño ikastolaren barruan?

2010ean hasi nintzen Kirikiñon lan egiten. Lehenik, administrazioan jardun nuen; gero, Bigarren Hezkuntzako irakasle. Ikastolako ama eta kooperatibista ere banaiz; nire seme-alabak HH4 eta LH4 mailetan daude ikasturte honetan. 2020an zuzendari izendatu ninduten, konfinamendu garaian, hain zuzen ere.

Zer esan nahi du Kirikiño ikastolarentzat Ibilaldia antolatzeak?

Oso kontu berezia da guretzat Ibilaldia antolatzea. Bagenekien 2026a gure urtea izango zela eta ilusio handiz heldu genion erronkari. Ibilaldia behin ospatu zen gure auzoan, 1988an, orain 40 urte ia. Garai hartan, Bilboko zenbait ikastolak batera antolatu zuten Ibilaldia, tartean Kirikiñok, baina hau izango da ardura hori bakarka hartuko dugun estreinako aldia. Horrek berebiziko erantzukizuna dakarkigu.

Osagai emozional garrantzitsua ere badauka Ibilaldia antolatzeak, jende askok gogoratzen baitu 1988ko edizio hura. Ni oso txikia nintzen eta ia ez dut haren oroitzapenik, baina garaiko irudiak ikusi ditugu, eta oso deigarriak iruditu zaizkigu. Helikopterotik egindako grabazio haietan auzoa eraikitzen ikusten da, oraindik erdipurdi, erabat urbanizatu gabe. Orain, ordea, askoz berdeago eta urbanizatuago daukagu, eroso eta abegikor, bizitzeko askoz ere txukunago.

Lan nekeza egin dugu baina komunitate osoaren inplikazioa bertatik bertara ikustea oso hunkigarria izan da guretzat. Aspaldi hasi ginen prestaketak egiten, aurreko ikasturtea hasi baino lehen, eta denbora honetan sare berezia sortu da Txurdinagako auzotarren artean.

Euskararen egoera ere aldatu al da ordutik?

Bai, izugarri. Euskararen egoerak hobera egin du, inolako zalantzarik gabe, baina oraindik asko dago egiteko. Santutxuk beti izan du euskararekiko konpromiso irmoa eta, ikastola Txurdinagara eraman genuenean, bertan ere hedatu zen engaiamendu hura.

Hala ere, Bilbo bezalako hiri handi batean, euskararen erabilerak erronka itzela izaten jarraitzen du. Horrexegatik uste dugu aurtengo Ibilaldiak balio berezia duela: euskara hiri ingurune batean eskaini, aldarrikatu eta ikusarazteko modu ezin hobea da.

Nola ari da bizitzen auzoa prestaketa hauek?

Ilusio handiz. Hilabete hauetan Ibilaldiarekin lotutako hainbat jarduera antolatu ditugu eta erantzuna bikaina izan da. Irailean, adibidez, Ibilkrosa egin genuen eta egun ederra izan zen. Hala ere, barne txantxa bat daukagu gure artean: ia jarduera guztietan euria egin digu. Gure “zorte txarra” agorturik egotea espero dugu, eta maiatzaren 31n eguraldia lagun izatea, benetan merezi dugulako. Azken jarduera garrantzitsua maiatzaren 8an izan zen eta kazkabarra ere bota zuen!

Hala ere, nola edo hala, ekitaldi guztiak aurrera ateratzea lortu dugu. Egun horretan, adibidez, eguraldia etsai izan arren, abesbatzak abestu ahal izan zuen, trikitilariek ongi baino hobeto jo zuten, eta dena primeran irten zen. Uste dut horrek nahikoa ondo islatzen duela gure espiritua.

Zer berrikuntza edo jarduera berezi nabarmenduko zenituzke edizio honetan?

Hainbat proposamen berri daude 2026ko Ibilaldian. Horietako bat, guretzat oso kutuna, pintura eta marrazki lehiaketa da. Bi kategoria izango dira eta garrantzi handia eman nahi diogu.

Helduen kategorian, hainbat artistak aire zabalean margotuko dute Ibilaldiko ibilbidean zehar. Haur kategoria bat ere izango da larunbat bezperan eta Bizkaiko toki guztietako haurrek parte hartu ahal izango dute.

Gainera, aurten lehen aldiz ginkana bat antolatuko dugu, gazteak erakartzeko eta programaren barruan askotariko proposamenak eskaintzeko asmoz. Beste jarduera berritzaile batzuk ere prestatu ditugu, jendearen gustukoak izango direlakoan.

Ibilaldiaren leloa, abestia eta logoa ere oso lotuta daude Kirikiñorekin. Nola sortu ziren?

Ibilaldiaren abestiak eta logoak lotura handia dute Kirikiñorekin, bai, eta horrek ilusio handia egiten digu. Ikastolako ikasle ohiek sortu dituzte eta proiektuaren bideografoa ere ikasle ohia da.

Leloari dagokionez, “Hiri Kiribili Bil” oso prozesu polit eta parte hartzaile batetik sortu zen. Ikasleekin sormen tailerrak eta hitzekin jolasteko dinamikak egiten ditugu, palindromoak ere landuz, Evaristo Bustinza Kirikiño irakaslearen omenez. Leloak hiria, mugimendua, euskararen ibilbidea eta digitalizazioarekiko eta orainarekiko lotura sinbolizatzen ditu.

Logoa ere modu naturalean sortu zen: haur batek marrazki batzuk egin zituen lerro eta zirkuluekin, eta, ondoren, diseinatzaile grafiko batek haiek hartu eta behin betiko irudia sortu zuen.

Zer helburu dituzue Ibilaldi honekin?

Batetik, hezkuntza proiektua bultzatzea eta Kirikiño ikastola indartzea. Baina, era berean, Bilbo euskaldun bat dagoela aldarrikatu nahi dugu, bizia eta erakargarria, eta hori bultzatzen jarraitu behar dugula ozen eta garbi esateko modu bat da Ibilaldia.

2026ko Ibilaldiaren mamia esaldi batean definitu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Aurtengo abestia hasten den esaldi berarekin definituko nuke: «Badator berriz Bilbora Ibilaldia, oraingoan gure komunitatera». Esaldi horrek oso ondo laburbiltzen du gure sentimendua. Ibilaldia Bilbora itzuliko da eta gure komunitatearen eskutik egingo du. Auzo horietatik pertsona eta istorio asko igaro dira, eta horixe da, hain zuzen ere, islatu nahi duguna: komunitate bizia, askotarikoa eta esku askoren artean eraikia.

Kirikiñorentzat ohore handia da gure ateak irekitzea Bizkaiko ikastolen jaiari harrera egiteko. Zalantzarik gabe, oso asteburu berezia izango da, bai auzoarentzat, baita euskal komunitate osoarentzat ere.