Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Beldurra saretik pantaila handira

BACKROOMS
AEB, 2026. 105’. Zuzend.: Kane Parsons. Gidoia: Roberto Patino, William Bromell. Akt.: Renate Reinsve, Chiwetel Ejiofor, Mark Duplass, Finn Bennett. Argaz.: Jeremy Cox. 

‘Backrooms’ filmeko eszena.
‘Backrooms’ filmeko eszena. (A24)

Aurten gehien espero diren beldurrezko filmen zerrenda guztietan ageri den proposamena zinemetara helduko da: ‘Backrooms’. 

A24 ekoiztetxearen zigilupean eta Kane Parsons gaztearen begiradapean ondua, lanak Parsonsek berak sortutako izen bereko web seriean du jatorria. Hiri kondairen eta creepypasta genero digitalaren eraginpean, istorioak ‘4chan’ webgunean sortutako iruditerian du sustraia. Parsonsek 19 urte besterik ez dituela zuzendu du filma, eta, horrela, A24ren historiako zuzendari gazteena bihurtu da.

Parsonsek berak YouTuben sortutako unibertso batetik dator dena. Nerabea zela, fenomeno biral bihurtu zen, errealitatetik haragoko espazio labirintikoei buruzko film laburren sorta bati esker. 2022an lehen bideoa argitaratu zenetik, milioika ikus-entzule bildu ditu, eta sarean izandako oihartzun handi horretatik sortu da orain film luzea.

Istorioak, orain, aurpegi ezagunak hartuko ditu, eta Chiwetel Ejiofor eta Renate Reinsve izango dira protagonistak. Argumentuak misterioz beteriko abiapuntua du: altzari denda bateko sotoan ate bitxi bat agertuko da. Terapeuta baten pazientea errealitatetik haragoko dimentsio batean desagertzen denean, emakumeak ezezagun zaionera egin beharko du jauzi, hura salbatzeko asmoz.

‘Backrooms’ filmaren beste elementu deigarrienetako bat bere found footage estetika da; izan ere, jatorrizko film laburretan funtsezko ezaugarria bihurtu zen. «Egia esan, YouTuben aspalditik erabiltzen dudan ia prozesu bera erabili dugu hemen ere. Blender programa erabiltzen jarraitzen dugu, motion tracking egiten dugu eta live action irudiak eszenatoki digitalekin nahasten ditugu. Etxean dudan VCR bera ere erabiltzen dugu efektu analogiko hori lortzeko», azaldu du Kane Parsons zuzendariak. 

Parsonsek aitortu du, halaber, zinema-areto batean estilo bisual horrek publikoaren artean nolako erreakzioa sortuko zuen kezka iturri izan zela, bereziki kameraren etengabeko mugimenduagatik. Hala ere, aurretik egindako probak arrakastatsuak izan zirela nabarmendu du, eta filmak pantaila handian bikain funtzionatzen duela ziurtatu du.