Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ezinezko maitasun istorioa

IVAN & HADOUM
Estatu espainola, 2026. 101’. Zuzend.: Ian de la Rosa. Gidoia: Ian de la Rosa, Diego Vega. Akt.: Herminia Loh, Silver, Úrsula Díaz Manzano, Esperanza Guardado. Argaz.: Beatriz Sastre.

‘Iván & Hadoum’ filmeko eszena.
‘Iván & Hadoum’ filmeko eszena. (Canal Sur, Movistar Plus+, ZDF/Arte)

Ian de la Rosa zinegileak Berlinalen estreinatu zuen ‘Iván & Hadoum’, ezinezko maitasunen inguruko istorio hunkigarria. Epopeia sentimental handiei begirada berria eskaintzen dien lana da, LGTBIQ+ ikuspegitik kontatua.

Filmak Ivanen istorioa kontatuko du: Europa hegoaldeko negutegi batzuetako biltegietan lan egiten duen gizon trans batena. Bertan, Ivan, Hadoum-ekin maiteminduko da, bere lankide berria. Biek negutegian egiten dute lan, baina Ivanek hainbeste desiratzen duen lan-igoerak eragina izango du bien arteko harremanean. Gainera, haien familiak maitasun horren aurka daude.

Hondartzen, basamortuen eta negutegien artean girotutako maitasun-istorio garaikidea eskaintzen du Ian de la Rosak. Bi protagonisten arteko harremanaren bidez, hainbat gai jorratuko ditu: identitatea, familiaren herentzia eta norberaren gorputzaren konkista maitasunaren bitartez.

Silver Chicon eta Hermina Loh dira filmeko protagonistak. Mundu mailako estreinaldia Berlinalen izan zuen, eta han Teddy Award entzutetsua irabazi zuen. Horrez gain, Malagako Jaialdian bi Zilarrezko Biznaga eskuratu zituen.

«Horrelako lan batek pertsona asko behar ditu: galduta zauden uneetan, nola jarraitu ez dakizunean, ikuspegi berri bat emango dizutenak. Profesional askoren begiradak behar dira, ahalik eta iritzi gehien biltzeko eta ahalik eta filmik onena egiteko», dio Ian de la Rosak. «2015ean amaitu nuen gradu amaierako nire film laburra, ‘Victor XX’, eta orduan galdetu nion neure buruari nolakoa izango zen ‘Romeo eta Julieta’ moduko istorio bat negutegien artean kokatzea. Urte hauetan zehar, ideia horrek bilakaera handia izan du», gehitu du zinegileak.