Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Hego Koreak bilatu eta aurkitu (2-1)

Asiako selekzioak hiru puntuak eskuratu ditu partida bizi batean. Txekiak aurrea hartu du baloi geldiari esker, baina garaipena ausardi handiagoz bilatu duten korearrek, markagailua irauli dute azken minutuetan. Mexikorekin bat egin dute A multzoaren buruan.

Kovarrek lan ona egin du baina ezin izan du Txekiaren porrota sahiestu.
Kovarrek lan ona egin du baina ezin izan du Txekiaren porrota sahiestu. (Ulises Ruiz | AFP)

Hego Koreak bere lehen hiru puntuak lortu ditu Txekiar Errepublika irabazita. Euren jarrera oso kontserbadorea izan bada ere, europarrek aurrea hartu dute 60. minutuan, baina Hong Myung-bo-ren taldeak markagailua irauli du azken txanpan, Hwang In-beom-en protagonismoarekin –lehen gola sartu eta bigarrena asistitu du–. Ordua eskatzen amaitu du, baina merezita ospatu du garaipena.

Asiako taldeak garaipena nahi zuela erakutsi du hasierati, oso aurkari itxi baten aurrean. Atea hutsean denbora luzez mantendu badu ere, apostua ez da ona izan Txekiaren aldetik, nahiz eta defentsa lerro jendetsua izan, aurkariak sartzeko hutsuneak aurkitu baititu eta min egin baitu baloiak erdiko atzelarien bizkarrera bidaliz.

Kang-in Leek eta Son Heung-min-ek atsedenik gabe bilatu dute gola, baina azken metroetan argitasuna falta izan zaie. Apur bat zapuztu dira, hutsegindako aukeren ondorioz, txekiarren zorionerako, baina lehen zatiko azken txanpan berriro estutu dute. Baina, berriz ere, definitzeko gaitasuna falta izan zaie eta, gainera, Kovarrek lan ona egin du atepean. 

PSV Eindhoveneko atezainak bere taldea salbatu du bigarren zatiaren hasieran eta Krejcikek taldekidearen lana borobiltzeko erarik onena izan du, 60. minutuan 0-1ekoa sartuz. Baloi geldiko jokaldi batean, europearrek erakutsi duten erasoko baliabide ia bakarra. Krejcikek buruz errematatu du lehen zutoinera iritsi den 

Korearrek nahigabeari indar gehiagoz erasotuz aurre egitea erabaki dute, Miroslav Kouvek defentsa indartzen zuen bitartean. Saria ausartenarentzat izan da. Gola jaso eta zortzi minutura, Hwang In-beomek jokaldi ederra burutu du, berdinketa markagailura eramateko.

Azken txanpa zirraragarrian, Txekiak baloi geldiko beste jokaldi bat baliatu du – falta bat areara – berriro aurrea hartzeko, baina Souceken golak ez du balio izan jokoz kanpo egoteagatik. Markagailura igo da, berriz, ondoren Hyeon-gyu Oh-k sartu duena, Hwang In-beomen pase bikaina errematatuz partida erabakia lagatzeko.

Atzetik ikusi direnean, txekiarrek azeleratu egin dute golaren bila, baina ezin izan dute porrota saihestu.

Hiru puntuekin, Hego Koreak berdindu egin du Mexikorekin –Hegoafrikari irabazi dio (2-0) Munduko Txapelketako lehen partidan– A Multzoko buruan.

PARTIDAKO FITXA:

Hego Korea: Kim Seung gyu; Lee Han beon, Kim Min jae, Lee Tae Seok (Eom Ji Sung 69.min.), Seol Young woo; Lee Gih yuk, Hwang Inbeom (Kim Jing Yu 84.min.), Paik Seung ho (Park Jin Seob 84.min.), Lee Jae Sung (Hwang Hee Chan 62.min.), Kang in Lee eta Heung Min Son (Oh Hyeong Yu 69.min.).

Txekiar Errepublika: Matej Kovar; Robin Hranac, Vladimir Coufal, Stepan Chaloupek, Ladislav Krejci, Jaroslav Zeleny; Lukas Provod (Michal Sadilek m.63), Tomas Soucek, Alexandr Sojka (Mojmir Chytil 84.min.); Patrik Schick (Adam Hlozek 63.min.) eta Pavel Sulc (Tomas Chory 63.min.).

Epailea: Amin Mohamed Omar (Egipto). Txartel oria Lee Gih Yuk-i.

Golak: 0-1, 59.min.: Ladislav Krejci. 1-1, 67.min.: Hwang In-beom. 2-1, 80.min.: Hyeon-gyu Oh.

Gertakariak: Munduko Txapelketako A multzoko partida, Guadalajarako Akron Estadioan jokatuta.