NAIZ

Astigarragan institutu berria eraikiko dute, 22,8 milioiko aurrekontuaz

Astigarragako hazkuntza demografikoa kontuan hartuta, hezkuntza beharrek gora egin dutela adierazi dute, eta beraz, Lakuak 22,8 milioi euroko kontratua baimendu du institutu publiko berria eraikitzeko.

Institutu bateko artxiboko irudia.
Institutu bateko artxiboko irudia. (Gorka Rubio | Foku)

Astearte honetan Astigarragan Bigarren Hezkuntzako institutu publiko berria eraikitzeko 22,8 milioi euroko kontratua baimendu du Lakuak.

Gaur egun, Lehen Hezkuntza amaitu ondoren, ikasleek haien bidea Martuteneko edota inguruko beste herriren bateko institutuan jarraitzen dituzte ikasketak. Azken urteotan ordea, Astigarragak hazkunde demografiko handia izan du, eta beraz, hezkuntza beharrak handiagoak dira. Hori horrela, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe propioa izateko beharra areagotu dela azaldu dute. 

Instalazioak Udalak emandako lurzatian eraikiko dira, Miandiaundi-Anibar eremuan. Lursail horrek konplexutasun tekniko berezia du, duen maldagatik eta lurraren ezaugarriengatik aditzera eman dutenez. Hori dela eta, Hezkuntza Sailaren arabera, plangintza espezifikoa egin behar izan da lur-mugimenduetan, zimenduetan eta proiektua kokalekura egokitzean.

Institutu berriak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako DBHko 16 unitate izango ditu, baita ikasgela espezifikoak, gimnasioa, jantokia, espazio osagarriak eta beste gela batzuk ere. Gainera, aurreikusten dute beranduago ikastetxea handitzeko aukera egon daitekeela; besteak beste, batxilergoko sei ikasgelarekin eta espazio espezializatu berriekin. Lanek 24 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.