Greg Lemond, txirrindularitza aro berri batean sartu zuen estatubatuarra
Greg Lemond izan zen, 1986an, Tourra irabazi zuen lehen txirrindulari ez-europarra. Berrogei urte geroago, Frantziak Hinaulten lekukoa hartuko duen txapeldunaren zain jarraitzen du. Bitartean, aurrez inoiz irabazi ez zuten zortzi nazionalitatetako ziklistek idatzi dute bere izena palmaresean.

Bere sorreratik eta XX. mendearen zati handi batean, txirrindularitza profesionala europarren kontua izan zen. Ziklistak, antolatzaileak, babesleak, zaleak... kontinente zaharrean zeuden, ia salbuespenik gabe. Tourrak, unibertso horren erakusleiho nagusia izanik, ederki islatu zuen geografia mugatu hori. Tropela nazioartera zabaltzen joan zen, baina hamarkada askoan, nagusitasunak kultura ziklista zuten herrialde gutxi batzuen eskuetan jarraitu zuen; 1986an, 25 urteko kaliforniar bat Pariseko podiumera igo zen arte. Haren garaipenarekin, aro berri bat hasi zen.
Aurreko urtean bere bosgarren Tourra irabazi zuen Bernard Hinault menderatzeaz gain, Greg Lemond egutegiko itzuli handi bat irabazi zuen lehen txirrindulari ez-europarra izan zen. Haize freskoa ekarri zuen, lan metodo berriak, berrikuntzak materialean, eta, batez ere, ziklismoa mundu zabalago batera atera zuen.
Lemonden garaipenera arte, aurreko 72 edizioak zortzi nazionalitatetako txirrindularien artean banatu ziren, guztiak europarrak: Frantzia, Belgika, Italia, Luxenburgo, Suitza, Herbehereak, Espainia eta Euskal Herria. Ondorengo berrogeietan, hamabi herrialdek ospatu dute garaipena Tourrean. Zortzik ez zuten halakorik egin aurretik, eta aitzindarietatik, Frantziak, Belgikak, Suitzak eta Herbehereek ezin izan dute errepikatu azken lau hamarkada hauetan. Estatu Batuek, Irlandak, Danimarkak, Alemaniak, Australiak, Britainia Handiak, Kolonbiak eta Esloveniak beren ziklistak sartu dituzte 1986tik hona Tourreko irabazleen zerrendan.
Aldaketa laurogeiko hamarkadaren erdialdean hasi zen, eta zerikusi handia du beste herrialde batzuetan garatzen hasia zen zaletasunak, hala nola Kolonbian, baita Ekialdeko Europak, Britainia Handiak edota Australiak zuten olinpiar eta pistako tradizioak ere. Telebistak etapen laburpen luzeagoak ematen hasi ziren; laurogeiko hamarkadaren erdialdean, Tourreko zuzeneko emanaldiak hedatuz joan ziren, eta munduan bizikletan ibiltzen ziren ume asko pantailan agertzen zitzaizkien mendate zoragarri haiek igotzearekin eta Parisera heltzearekin amets egiten hasi ziren.
Beste motor handia, nola ez, dirua da. Babesleek merkatu berriak nahi zituzten eta lasterketek, babesle berriak. Tradizio gutxiagoko herrialdeetako taldeak gonbidatzen hasi ziren Europako egutegiko proba handietan parte hartzera. Gurpila martxan jarri zen. Ziklista berri horiek emaitza onak lortzen hasi ziren poliki-poliki, eta beren herrialdeetan zaletasuna pizten. Zenbat eta txirrindulari gehiago, orduan eta aukera gehiago txapeldun handiak sortzeko. Eta zenbat eta txapeldun gehiago, orduan eta zaletasun handiagoa, jarraipen gehiago eta, ondorioz, marken inbertsio handiagoa lasterketetan eta taldeetan; eta, bide batez, txirrindularien prestakuntza eta kondizioak hobetu ziren.
Apustu garailea
Booma bereziki esanguratsua izan da mundu anglo-saxoian. AEBn 1981ean sortu zen 7-Eleven taldea. Bost urte geroago, Tourrerako lehen gonbidapena jaso zuen, Lemondek eskuratu zuen lehen edizio horretan, eta etapa bat irabazi zuen David Phinneyrekin. Guztien artean hazi txiki bat jarri zuten, bi hamarkada geroago ernatu zena, Lance Armstrongen eztandarekin. Texasko ziklistarekin eta bere taldekideekin gero etorri zena beste istorio bat da. Britainia Handiak 2000ko bigarren hamarkadan hartu zuen lekukoa, Dave Brailsforden Sky taldearekin. Bere sustraiak pistako talde olinpikoan zituen, eta euskarri ekonomiko oso garrantzitsua izan zuen –babes ekonomiko horri Jim Ratcliffek eman zion jarraipena gero, Ineosekin–.
Bi hanka horiekin eta marginal gains famatuekin, Tourraren zazpi edizio irabazi zituzten zortzi urteko epean eta lau txirrindulari ezberdinekin; tartean, Grande Boucle-a poltsikoratu zuten lehen britainiarrak (Wiggins, Froome, Thomas) eta Parisera horiz jantzita heldu zen lehen kolonbiarra (Bernal). Tourrak Londresen eta, batez ere, 2014an Yorkshiren egin zituen irteerek argi utzi zuten txirrindularitzaren ospea uharteetan. Gorabeherekin, baina Australiak ere duela urte batzuk besarkatu zuen errepideko txirrindularitza: World Tourrean bere lasterketa propioak ditu, badira urte asko elitean ez dela falta bertako taldea eta Tourrean ere izan zuen bere txapelduna: Cadel Evans.
Globalizazio horrek sportswashing-erako eremu apropos bilakatu du ziklismoa ere, eta marka komertzialei babesle nazionalak gehitu zaizkie azkenaldi honetan, hala nola Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain eta, iaz arte, Israel. Azken urrats horrek, baina, ez du momentuz eraginik izan herrialde horietako txirrindularitzan eta ez dago ia hango izenik topatzerik tropelean. Are gutxiago txapeldunen artean: Tourraren azken sei edizioak esloveniar baten eta daniar baten artean banatu dira. Eta aurten behintzat, ez da aldaketarik aurreikusten buruz buruko horretan.

Indurain lo da todo y un poco más en el surrealista y multitudinario encierro de la villavesa

Peligrosísima embestida de Jandilla en el Ayuntamiento y dos cornadas

Josu Urrutikoetxea: «Euskal gatazka politikoak konponbide demokratikoa behar du»

Muere un triatleta de 25 años en el Ironman de Gasteiz

