Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Erroma, Merida eta Cuscoren bidegurutzean dago Oiasso Museoa

‘Bide guztiek Erromara daramate eta guztiak Cuscotik abiatzen dira’ izenburua jarri dio Irungo Oiasso Museoak zabaldu duen bi erakusketetako bati. Uda honetan gure iragan erromatarrera bidaiatzea proposatu digutelako, baita lehen mailako zeramika piezak ezagutzea ere.

‘Ars Fatum’ erakusketan, zeramika da protagonista.
‘Ars Fatum’ erakusketan, zeramika da protagonista. (OIASSO MUSEOA)

Museoetan mugimendu handiko garaia izan ohi da hau. Hemen adibide bat: asteburu honetan, Irungo Oiasso Museoak, ostiralero legez, bisita gidatuak antolatu ditu bere bilduma iraunkorrera eta erromatar termen aztarnategira (11.00etatik 13.00etara) eta Irugurutzetako mehategietara –Tren Txikitoan egiten da; trenak museoan bertan jasotzen ditu bisitariak eta meatokia dagoen natur ingurunera eramaten ditu–.

Larunbatean, Irungo kaleetan barrena, Oiassoko aurkikuntza arkeologikoak ezagutzeko ibilbidea egingo da Xantalen ermitara sartuta, antzinako nekropoli erromatarrera.

Egungo Irungo zorupean ezkutatuta dagoen aitzinako Oiasso erromatar hirian sartzeko atea da museoa. «Bidasoa ibaiaren bokalean, Hispania eta Akitaniaren arteko mugan, Oiasso baskoien portua izan zen antzinaroan –argitzen du museoak berak–. Erromatar Inperioaren garaian komunikazio eta merkataritza zentro garrantzitsu bilakatu zen Hispaniako iparraldean, Tarraconensis probintziaren barnean».

Bi inperio: erromatarra eta inka

Irungo museoak proposatzen digun iraganerako bidaia honetan, uztailean inauguratu berri dituzten bi erakusketa bereziki aproposak dira. Bati izen bitxia jarri diote: ‘Bide guztiek Erromara daramate eta guztiak Cuscotik abiatzen dira’ (2027ko urtarrilaren 10era arte dago zabalik).

Munduaren alde banatan dauden bi hiri historiko handi lotzen ditu erakusketa honek: Erroma –Inperioaren bihotza–  eta Cusco –Inken inperioaren hiriburua–. Oiasso Museoak eta Arkeolan fundazioak Txileko Andeetako Arkeologia Museoarekin egindako lankidetza proiektuaren ondorioa da lagina, inken ikuspegia eta Erromaren boterearen inguruko ohiko ikuspegia aurrez-aurre ikusi ahal izateko.

Carlos Coros Villca, Txileko Andeetako Arkeologia Museoko zuzendaria: «Arkeologiak milaka kilometrora dauden bi talde uztartu ditu. Lankidetzari esker, baieztatu ahal izan dugu iraganeko elementu kultural ugari partekatzen ditugula, nahiz eta jatorri historiko eta geografiko ezberdinak izan; horrek erakusten du munduko herri guztiek antzeko gaitasunak dituztela. Bi komunitate hauen kasuan, biak periferikoak izan ziren erromatar edo inka inperio handien garapenean. Lotura honen asmoa da gure kulturak partekatzea, elkarguneak nabarmentzea, eta oro har zentralistak izan diren inperio handien inguruko ikuspegi berriak eskaintzea».

Zeramikaren bihotza

Diseinua eta artisautza, artisautza eta diseinua: faktoreen ordenak, hemen, ez du ordena aldatzen. Kasu honetan, hamar urte, hamarkada bat bete dituen zeramika-bilduma aurkezten da, Terracota Merida eta Samuel Lopez-Lagok diseinatutakoa; eta Meridako Antzerki Klasikoko Nazioarteko Jaialdiari esker iritsi zaiena. «‘Ars Fatum’ bildumak arrakasta ugari lortu dituen bilduma da: besteak beste, piezetako batzuk Madrilgo Sofia Erregina museoan salgai egon dira, Artisautza Sari Nazionaletako finalista izan dira, 2020ko Dubaiko Erakusketa Unibertsalean parte hartu du... Hala ere, lorpenik aipagarriena, zazpi urtez Meridako Antzerki Klasikoko Nazioarteko Jaialdiarekin izan duen lotura da: edizio bakoitzean Jaialdiaren espiritua islatzen duen maskara pertsonalizatu bat sortuz», aipatzen dute dossierrean.

Samuel López-Lagok diseinatutako maskarak. (OIASSO MUSEOA)

Bilduma hau irailaren 27ra arte dago ikusgai, ‘Ars Fatum, mintzatzen diren pertsonak’ izenpean. Orain arte argitaratu gabeko dokumentuak daude, elkarrizketak eta jatorrizko zirriborroak barne eta hamabost jatorrizko venus piezen bilduma osoa, bakoitza bere laminarekin batera, baita jaialdirako egin diren zazpi venusak ere, edizio berezikoak.

Nork egin ditu? Terracota Merida-k. «Astroek eragin txikia izan zuten Perez Vinagre anaien patuan; tradizioak, aldiz, handia. Espainian buztingile gehien eman dituen herrian jaio ziren biak, Salvatierra de los Barrosen, bertako ontzigintza-tradizioa Erdi Arora arte doa, eta aitona-amonen tornuen artean hazi ziren. 1980ko hamarkadan, Lorenzok eta Juan Manuelek beren pasioa, artisautza, lanbide bihurtzea erabaki zuten. Extremadurako Autonomia Erkidegoko Artisauen eta Artisautza Enpresen Erregistroan inskribatu ziren, eta ’Hermanos Pérez Vinagre’ artisautza tailerra sortu eta ‘Terracota Mérida’ denda ireki zuten, biak, Extremadurako hiriburuan», aipatu dute museotik.

Lorenzo Perez Vinagre, anaia nagusia, artisau maisua da –Extremaduran hamar artisauk baino ez omen dute aitortza hori–. Juan Manuel Perez Vinagrek, anaia gazteenak, diseinu eta sormen arloa zuzentzen du, eta enpresaren zuzendaritzaz arduratzen da.