Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Beldur berria

Aurten estreinatu diren ehunka filmen artetik genero bat nabarmendu beharko banu, beldurra izango litzateke. Are gehiago, esango nuke beldurrezko zinemaren inflexio-puntu baten aurrean gaudela. 

Urteetan, generoari gehiegi errepikatzea leporatu izan zaio, eta formula aurreikusgarriegietan oinarritzea. Baina zerbait aldatzen ari da. Izua adierazteko modu berriak sortu dira: sotilagoak, psikologikoagoak eta, batez ere, gaur egun istorioak kontsumitzen ditugun moduarekin estuago lotuak. 

Izan ere, internetetik sortutako gazte talentudunen bi lanek –Kane Parsons eta Curry Barker zuzendarien ‘The Backrooms’ eta ‘Obsession’– aurrekontu murriztuekin, baina ideia handiekin, panorama astintzea lortu dute. Biak ala biak, gainera, mainstreamaren eremuan kokatu dira, eta bildutako diru kopurua eta lortutako eragina harrigarriak izan dira. 

Efektu berezi handien menpe egon gabe, bi zuzendariek ideia bisual, soinudun eta narratibo ausartak, atmosfera itogarriak, oraindik ikusi gabeko tonuen arteko oreka bitxia, hizkuntza bisualaren indarra eta misterioaren erabilera adimentsua lehenetsi dituzte. 

‘The Backrooms’ eta ‘Obsession’ fenomenoek interneten jaiotako beldurraren etapa berri bat marraztu dute; non ideia biralek eta estetika digitalek narratibaren beraren pareko pisua hartzen duten, eta batzuetan, are handiagoa ere bai.