
‘Gorputz geometrikoak’ erakusketak Eduardo Chillidaren eskulturaren begirada berezi bat proposatzen du. Artista gipuzkoarraren ibilbidean forma geometrikoek izandako garapena ulertzeko proposamena da. Estela Solana, Chillida Leku museoko erakusketa-arduradun eta proposamen berri honen komisarioak azaldutako moduan, Chillidaren lanean aurrez arreta jarri gabeko alderdiak landu dira. Esferak edo kuboak, esaterako, leku handia dute Chillidaren lanean. Oharkabean igaro da aspektu hori orain arte, baina Solanak azpimarratutako moduan, «oso interesgarria da, forma bakoitzak baduelako esanahi bat. Hori aztertu nahi izan dugu erakusketaren ibilbidean zehar».
Ekainaren 25ean zabaldu zituen ateak eta urriaren 26ra arte izango da ikusgai museoko Zabalaga baserrian. Tartean, jarduera-programazio bat ere prestatu dute erakusketa laguntzeko. Hauser & Wirthen galeriaren laguntza izan du erakusketak, baita Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioarena ere.
Zabalaga baserrian Chillidaren ibilbide osoaren lekukotza dago ikusgai, baina lehen eta bigarren aretoetan egin du azpimarra Solanak, «etapa oso politak ikusten dira». Lehen aretoan 50eko hamarkada inguruko piezak bildu dituzte. Igeltsua eta burnia da nagusi bertan eta lagin horren bitartez argi ikus liteke nola Chillidak «nahi gabe edo kontzienteki erabiltzen duen esferaren forma». Bigarren aretoan «inflexio puntu bat edo aldaketa» nabari da, 60ko hamarkadan «kutsu arkitektoniko» bat nabarmentzen hasten baita.
«Chillidaren geometria oso naturala da. Bere artelanetan ezkutatzen diren forma hauek ez dira perfektuak, ez daude begi-bistan, bisitariak bilatu egin beharko ditu»
Horiek biak Eduardo Chillidaren ibilbide osoaren zertzelada bi dira. Baina ‘Gorputz geometrikoak’ bisitatzen duen orok eskultorearen begirada berri eta zabal bat eramango du berekin: «Artelanetan ez da geometria pururik existitzen, egia esan». Matematikarekin zerikusia duen zerbait bilatzen badu bisitariak, Solanak egin du ohartarazpena: «Hori ez da existitzen. Chillidaren geometria oso naturala da. Bere artelanetan ezkutatzen diren forma hauek ez dira perfektuak, ez daude begi-bistan, bisitariak bilatu egin beharko ditu».
Arduradunak azaldutako moduan, erakusketan zehar ikus liteke geometria natural horretan nola erabiltzen zuen esfera Chillidak mugimenduaren ideia sortzeko eta grabitatearekin jolasteko. Kuboa, aldiz, «estruktura sendo bat sortzeko erabiltzen zuen, gu materia barruan sartzeko, modu metafisiko batean». Hau da, «forma bakoitza ideia ezberdinak adierazteko» baliatzen zituen donostiarrak.

Artistak elkarrizketan
Chillidaren 40 piezak osatzen dute ‘Gorputz geometrikoak’. Baina horrekin batera, museoak formatu berri bat estreinatu du, Chillidaren lana bi artistarekin jarri baitu elkarrizketan. «Beti bezala, Eduardo Chillidaren figura hartzen dugu ardatz, baina nik uste oso aberasgarria dela beste artista gonbidatuak ekartzea». Larry Bell, Hauser & Wirthen galeriako artista, eta Nora Aurrekoetxea bilbotarra izan dira hautatuak. «Proiektu oso pertsonala da» dio Solanak, berak aukeratu baititu bi egileak.
Bellen lanari dagokionez, bere piezen «erakargarritasuna» nabarmendu du. Zabalaga baserrira ‘TRIOLITH D’ pieza ekarri dute, 2020an sortua. Beirazko piramide bat da eta metalezko geruza bat du. «Beira xaflatuaren bidez aztertzen du argia nola islatzen den, nola transmititzen den eta nola mugitzen den obraren inguruan». Chillidak alabastroa hautatu zuen hausnarketa berean sakontzeko eta, beraz, bi proposamenak parez pare jartzeak sortzen duen «kontrapuntua» interesgarria dela dio arduradunak.

Nora Aurrekoetxearen kasuan ‘Aulki bat’ pieza izan da hautatua; 2017 eta 2019 artean Londresko Royal Collage of Art-en egindako eskultura-ikerketa aldian sortu zuen. Pieza horretan bilbotarrak «aulki baten ideia hartu eta bere esanahia eraldatzen du. Bere esanahiarekin jolasten du eta bi material nahasten ditu». Aurrekoetxeak altzairua erabiltzen du egitura sortzeko eta ile sintetikoa txirikordatuz sortzen du oihala. «Hondakina izan litekeen materialarekin, ilearekin, eta altzairu arruntarekin jolasten du. Nahasketa oso indartsua da».
Solanak Aurrekoetxearen lana miresten duela aitortu du: «Asko gustatzen zait nola uztartzen duen espazioa, materia eta gorputza ere bai; gorputzaren nozioak nola jokatzen duen material hondakinekin eta estrukturarekin». Chillidaren lanetan bezala, arkitekturak eta egitura ikuspegiak artisautzarekin egiten dute bat.
Finean, Larry Bellen eta Nora Aurrekoetxearen bi piezak daude Chillidarekin harremanetan, baina modu dialektiko batean: «Biek dituzte komuneko puntuak eta deskonexioak ere bai». Komisarioak azaldutakoaren arabera, etorkizunean formatua errepikatzeko asmoa dute. Horretarako, Hauser & Wirthen-eko artistekin egingo dute lan, baina bestelako artista independenteak ere gonbidatuko dituzte.

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

EH Bildu reclama una mesa para buscar consenso sobre KAS e Insausti pide «dejar el buenismo»

Fallece otro preso de la cárcel Zaballa, un hombre de 60 años gravemente enfermo

«Afaltzea ez da delitua», egin du aldarri KASek, herritarren babes zabalarekin

