Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Aurreak atzea nola itzali

Kamio, udari itzala eskatuz igaro dituzu asteak eta nahigabez estali zaizkizu sabeleko hormak, aldartearen Omeprazolak ez dizulako erremedio alternatiborik eman aukeran. Horregatik egin behar duzu noizetik noizera larrialdi geldialdi bat, A-15 autobidearen amaieran kamioientzat –edo Kamioentzat– maldan behera jarritako hondar-leku horietan lehertzear dituzun gurpilak sartu eta gartzear zaizun engranajea geldiarazteko. 

Uste duzu nahi baino gutxiagotan esaten duzula argiki pentsatzen duzun hori eta denbora gehiegiz uzten dituzula usteltzen baitaratzen dituzun ideia horiek. Areago, hartzitu ere egiten direla iruditzen zaizu, barruan duzun upeltegi horretan latz mozkortzen zarelako suharki iltzatu zaizkizun desadostasun horien edanean. Baina, badakizu, barne-salda horrek oxigenoarekin akabatzen duen bafada baino ez duela askatzen.

Eklipse eguna da gaur. Nafarroan harrapatu zaitu, zoriz, oporretan. Betaurrekoak erosi dituzu, homologatuak. Nola ez lekukotu, bada, halako hitzordu historiko bat? Momentu idiliko baten aurrean zaude eta oraindik ez duzu nahikoa sinesgarritasun izango duen aitzakiarik topatu zauden kanpineko tabernan geratu eta bakartasun aparraldi bat ekarriko duen garagardo izoztu bat edateko.
 
Barregarri irudikatzen duzu zeure burua 3D filmetarako banatzen zituzten kartoizko betaurrekoak soinean eta Ilargiak Eguzkia estaltzen duen unean jendearen «ooooh» luzeek gehiago gorrituko zaituzten beldur zara. Horregatik dituzu gorroto su artifizialak. Edo akaso zu zeu estali zaitu udaldi idealizatu honek, non itxurakeriaren gizarteak itzala besterik ez dion egiten bizkarrean uzten duen orori. 

Elezaharrak dio, Kamio, aurreak erakusten duela atzea nola dantzatu eta zu, zehazki zu, ez zara sekula koreografiagile abila izan, ez eta eklipse egunetan ere. Zoaz A-15ean lur hartzera, ekainetik oporretan daraman norbaitek iraila iristear dela esan eta barne-ardoa okaztatzen hasi aurretik.