NAIZ

Urzainkiko suteak aktibo jarraitzen du, baina bilakaera ona du

Gauean zehar lanean aritu ostean, Nafarroko sutearen baldintzak hobeak dira. Buldozer bat eta bolondresei esker bide zahar bat zabaltzea lortu dute eta su-etenak egin dituzte. Datozen orduetan tenperaturek gora egingo badute ere, ekaitzak daude iragarrita zonaldean. 

Sutearen irudi bat.
Sutearen irudi bat. (Nafarroako Suhiltzaileak)

Pasa den astelehenenan Urzainkiko Gazpar haitzaren inguruan tximista batek eragindako sutea piztuta jarraitzen du, baina jakitera eman dutenaren arabera «bilakaera ona du, eta ez die arriskurik eragiten bertako biztanleei ezta azpiegiturei ere». Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute larunbat honetan.

SOS Nafarroaren arabera, sutearen perimetroa ez da nabarmen handitu gauean zehar, eta horretan zeirusia izan dute tenperatura jeitsi dela, hezetasun-mailak igo dela eta suhiltzaileek puntu bero isolatuetan egindako lanak.

Tuterako, Lizarrako eta Cordobillako suhiltzaile-etxeetako hiru brigada egon dira lanean gaueko txandan. Gaur goizean, Cordobilla, Tafalla, Zangoza eta Peraltako taldeek eta Baso-suteak Itzaltzeko Brigadak hartu diete lekukoa.

Aireko baliabideei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren hiru helikoptero eta Milutzen basea duten MITECOren bi helikoptero modu mailakatuan ari dira lanean Urzainkin.

Horrez gain, ingurumen-zaintzaileak eta teknikariak ere lanean ari dira eremuan. Haiek koordinatzen dute bulldozer baten lana, zeina bide zahar bat zabaltzen ari den motozerra-erabiltzaileen eta bertako boluntarioen laguntzaz. Ostiralean egindako lanei esker, su-etenak eta ibilgailuentzako sarbide-bideak ezarri dira dagoeneko bi alboetan.

Adierazi dutenez, datozen orduetan Nafarroako iparraldeko eremuan gehienezko tenperaturak nabarmen igoko direla aurreikusten da, eta, horrekin batera, hezetasun erlatiboa jaitsiko dela. Hala ere, arratsaldean zehar hodeiak ugaritzea espero da, eta horrek euri-jasa sakabanatuak eta ekaitz isolatuak eragin ditzake –batez ere Pirinioetan–; horrek prezipitazioak ekar ditzake sutearen eremura ilunabar aldera.

Haizeari dagokionez, hego-hego-ekialdeko haize aldakorra dago iragarrita, orduko 45 kilometro arteko boladekin,  baina haizea ahultzea espero da egunean zehar.