Orioko zaleek ez dute hutsik egiten.
Orioko zaleek ez dute hutsik egiten. (Jon Urbe | Foku)
Arraun Lagunak-ekoen poza, handia aurten egiten ari dena...
Arraun Lagunak-ekoen poza, handia aurten egiten ari dena... (Jon Urbe | Foku)
Batelerak ere ohorezko txandan egongo dira eta honela ospatu dute.
Batelerak ere ohorezko txandan egongo dira eta honela ospatu dute. (Jon Urbe | Foku)
Urdin kolorea ere nabarmendu da, zenbait talderen eskutik.
Urdin kolorea ere nabarmendu da, zenbait talderen eskutik. (Jon Urbe | Foku)
Gorka Aranberrik lasaitasunez hartu du emaitzaren estutasuna.
Gorka Aranberrik lasaitasunez hartu du emaitzaren estutasuna. (Jon Urbe | Foku)
Donibaneko zale gazteak.
Donibaneko zale gazteak. (Jon Urbe | Foku)
Bandera bideratua duela islatu dute Arraun-ekoek.
Bandera bideratua duela islatu dute Arraun-ekoek. (Jon Urbe | Foku)
Donostiarraren arraunlariak, gaurko protagonistak duda izpirik gabe.
Donostiarraren arraunlariak, gaurko protagonistak duda izpirik gabe. (Jon Urbe | Foku)
Tolosaldea, bigarren emakumezko proban; honela ospatu dute.
Tolosaldea, bigarren emakumezko proban; honela ospatu dute. (Jon Urbe | Foku)
San Nikolas eta Torrekua II.aren arteko lehia, Pasealeku Berritik ikusita.
San Nikolas eta Torrekua II.aren arteko lehia, Pasealeku Berritik ikusita. (Jon Urbe | Foku)
Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Donostiarrak erronka luzatu dio Oriori (3 segundoko aldea baino ez); Arraun Lagunak, aise

Arraun denboraldia «aspergarria» izaten ari dela esaten zutenei begi-keinua egin die Kontxako lehen jardunaldiak. Hiru segundoko aldea baino ez du lortu Oriok gaurko protagonista izan den Donostiarrarekiko, eta etxekoen ametsa luzatuko du asteak. Emakumezkoetan, ordea, ez da ustekaberik izan.

Ustekabea ekarri du Kontxako Banderaren lehen jardunaldiak gizonezkoen mailan. Donostiarrak maisuki eutsi dio Orioko nagusitasunari, txanda berean lehiatuz, eta hiru segundoko aldea baino ez dago bion artean hurrengo igandeari begira (3.10, zehatzago). Bere onena eman beharko dute oriotarrek, aurreikuspen guztietan beretzat jotzen zen bandera Donostiatik atera ahal izateko.

Sortutako parekotasun horrekin ez da urduri agertu Gorka Aranberri Oriokoen patroia. Donostiarrarekin ez zirela fio ziurtatu du («ez genuen inolaz ere deskartatzen»), azken boladan pixka bat makalago ibili diren arren, eta hurrengo igandeko ‘borrokari’ kiroltasunez heldu dio, bere arraunlarien lanarekin kexu azaldu gabe, ezta epailearen erabakiarekin ere. 

Ezin indartsuago abiatu da lehenengo txanda hori, eta bereziki mirotzak. Ziztu batean hartu dute aurrea (hiru segundo) baina irla pareko tartean ondo baino hobeto eutsi die Donostiarrak, indarrak parekatuz lehen, eta aldea zeharo ezabatuz jarraian. Bigarren eta hirugarren kaletik  aritu dira bi ontziok, gainera, elkarrengandik gertu, ikuskizunaren mesedean. 

Hortik ziabogaraino nor baino nor ibili dira, lehia ikusgarria eskainiz. Gorka Aranberriren eskarmentuari erronka luzatu diote Arkaitz Diazek gidatutako mutilek. Eta dakiten bezala erantzun egin dute oriotarrek, bigarren luzea hasita indarrak biderkatuz eta bost segundoko tartea zabalduz, ordura arteko handiena. Baina orduan ere ez dute etsi donostiarrek. Urtean zehar eman ez duten maila erakutsi dute gaurko estropadan, sasoi betean.

Irlatik ziabogaraino nor baino nor ibili dira Orio eta Donostiarra erdiko kaleetatik, lehia ikusgarria eskainiz, baita azken zatian ere

Gainera, San Nikolas trainerua Torrekua II.arenaren kalean sartu da, epaileek bandera urdina erakutsi diote Orioko patroiari eta norabidea zuzendu behar izan du Aranberrik, ababorrera eginez. Horrekin are eta emozio handiagoa hartu du bukaerako ahaleginak, eta azkenean 3.10ko tartea baina ez da izan bien artean.

Arkaitz Diaz Donostiarraren patroia benetan gustora agertu da lortutakoarekin: «Oso estropada ona egin dugu, Oriorekin batera egon gara minutu askotan».

Oriok bere kalea hartu izanarekin ez zuen polemikarik nahi Diazek: «Bi luze hauek oso luzeak dira eta gauza hauek gertatzen dira. Gure aldetik arazorik ez». Klubeko beste ordezkari batzuek ez dute hain garbi ikusi Orioko patroiaren jokabidea. Aranberrik hasieran ez diola epaileari ondo utzi aipatu du.

Getariak eta Ondarroak oso urrutitik ikusi behar izan dute aurreko norgehiagoka. Minutu pasatxo atera die Oriok ondarroarrei baina egin beharrekoa egina zuten hauek asteazkenetik, eta ospatu beharrekoa ospatu dute Donostiako kaleetan.

Zierbenari aukera handia joan zaio

Txanda honen denborak orokorrean ez zirela bereziki onak ikusita (Aranberrik aho bizarrik gabe onartu du hau), oreka gehiago ekar lezake bigarren txandak, igande erabakigarriari begira. Denboraldi osoan zehar Orioren aurkari nagusi izan den Zierbenak eraman du proba, estutasun handirik gabe.

Hala ere, lehorrera itzultzeko luzean eskuetatik joan zaio bandera eskuratzeko bigarren hautagai nagusia izateko aukera. Ziaboga aldean Oriorengandik seguru bakar batera egotetik hamaika segundotara egotera pasa dira Dani Perezek entrenatutakoak. Aitor Lazkano patroiak onartu du ia ezinezko dutela, «normalean hamaika segundo horiek Oriok ateratzen digun aldea baita». Itsasoaren baldintzek arraunera deseroso egin dutela aipatu du Lazkanok.

Bermeo zigortuta, Hondarribia ohorezko txandara

Hondarribia eta Bermeoren artean oso parekatuak egon dira indarrak, bestalde, ohorezko txandarako postu bat jokoan zela, gainera. Bizkaitarrentzat izan da azkenean azken txartel hori arraun eremuan. Baina gero epaileek zuzendu dute emaitza bukaeran izandako talka baten ondorioz.

Bou Bizkaiakoak Hondarribiaren kalean sartu direla egiaztatuta, eta palek elkar kontra jo dutela erantsita, hiru segundoko zigorra ezarri diote Bermeori. Azken hau behintzat helmuga gainditu ostean gertatu da.

Bien arteko aldea bi segundotakoa baino ez zenez, zuzenketa horrekin Hondarribiak eskuratu du gaurko sailkapen orokorraren laugarren postua, eta horrekin, ohorezko txandarako tokia. 

Arraun Lagunak, bosgarrenaren bila sendo

Emakumezkoen lehian, Lugañene azkarrena izan da Kontxan, aurtengo beste estropada eremu guztietan gertatu den bezalaxe. Denboraldi gogoangarria borobiltzeko lehen harria jarri du Arraun Lagunak-ek, inortxo ere harritu gabe, lehenengo luzean bereziki eginiko lanari esker. Hamar segundo atera dizkio txandako bigarrenari (San Juani), eta bederatzi lehenengo txandan nagusitu den Tolosaldeari. Hiruek Astillero izango dute aurkari hurrengo igandeko lehia nagusian. 

Juan Mari Etxabe eta Nagore Osororen agindupeetan dabiltzan neskek erakustaldia eman dutela esatea errepikakorra litzateke dudarik gabe. Erraztasun handiz kudeatu dute gaurkoa. Xubane Arantzak zehaztu duenez, hala ere, «bueltan kostatu egin zaigu». 

«Ez dago erabakita», ziurtatu du bigarren igandeari begira, baina egiari zor ustekabea gertatzeko oso tarte txikia uzten dute bederatzi segundo horiek. Emaitzen argazkia argia da: tarte zabala dago Arraun Lagunak eta bigarrenaren artean (bederatzi segundo), eta gero, ordea, hamar segundo eskas bigarrena eta zortzigarrenaren artean (Tolosaldea eta Orio)

Aurretik, lehenengo txanda oso orekatua espero zen, eta hala gertatu da Tolosaldea, Hibaika, Donostiarra eta Zarautzen artean. Ziaboga bi segundoko tartearekin hartu dute lehenengo hiru traineruek, Tolosaldea buruan zela.

Denboraldi osoko arrakala bera ageri da emakumezkoen proban: bederatzi segundo daude Arraun Lagunak eta bigarrenaren artean, eta ia berdinak (hamar) Tolosaldea eta zortzigarrenaren artean

Aldeari eutsi diote Ramon Erostarbek entrenatutakoek bigarren luze osoan eta 10 minutu eta 58 segundotan osatu dute lana, nahiz Hibaikan ia gainera etorri zaien helmugan. Hiru segundo eta 14 ehuneneko; motza izan da bien arteko aldea helmugan. Hirugarren Donostiarra eta laugarren Zarautz sailkatu dira, txanda irabazlearengandik lau eta bederatzi segundotara, hurrenez hurren.

Emakumezkoentzako Kontxako Banderaren hemeretzigarren edizioa da hau. Kontxako boskarren bandera lortuko balute, Rias Baixas eta San Juanen pare jarriko lirateke donostiarrak.

Uste baino mugituagoa eta zikinkeria pixka bat

Itsaso bihurria ekarri du igande goizalde honek, aurretik espero baino mugituagoa ‘esnatu’ baita. Ez zakarra izateko punturaino, baina bai jokua emateko modukoa. Ez zen albiste txarra lehiaketari begira, aurtengo edizioan bi faboritoak inoiz baino argiagoak direlako, ligak nola joan diren ikusita.

Ipar-mendebaldetik jo du gehien haizeak, eta itxuraz kanpoko kaleetatik arrauna egiteko egokiagoa zegoen itsasoa. Goizak aurrera egin ahala haize ufada horiek zertxobait apaldu direla antzeman da, mutilen onerako.

Gainera, kresalak Pasealeku Berria eta irlaren arteko zatia nabarmen zikindu du, arraunlariei lan erantsi batzuk emanez. Metro eta erdi inguruko altuera hartu dute olatuek zenbaitetan. Marea igotzen egin dute arraun traineru guztietan, 13ak pasata arte ez baita jeisten hasi.

Kaian, Pasealeku Berrian, Parte Zaharrean barrena... ohiko animazioa, txaranga batzuen eskutik. Sargori puntuak zintzurria bustitzeko beharra areagotu du, itogarria bilakatu gabe, eta luze joko du egunak Donostian.

SAILKAPENAK

Emakumezkoen 1. txanda:

Tolosaldea, 10.58

Hibaika, 11.02

Donostiarra, 11.02

Zarautz, 11.07

 

Emakumezkoen 2. txanda:

Donostia Arraun Lagunak, 10.49

San Juan, 11.00

Astillero, 11.00

Orio, 11.08

 

Gizonezkoen 1. txanda:

Orio, 19.51

Donostiarra, 19.54

Getaria, 20.40

Ondarroa, 20.54

 

Gizonezkoen 2. txanda:


Zierbena, 20.02

Hondarribia, 20.14

Bermeo, 20.15 (hiru segundoko zigorra batuta)

Lekeitio, 20.34