Goizean goizetik kolore ezberdinak ikus zitezkeen konpainiaren barruan; Jaizkibelek luzatutako deiari erantzun diote askok eta konpainia ezberdinetako arropak soinean etorri dira. Alkandora urdinak, zuriak eta gorriak ziren, besteak beste, jaka beltzen artean.
«Gora Jaizkibel!» eta «Gora gu eta gutarrak!» bezalako oihuekin hasi dute goiza. Askok errepide alboetan familiakideak eta lagunak agurtzen zituzten, elkarri «gozatu desfilea» esanez.
Ez dute Josu Zabalaren heriotzaren urteurrena ahaztu. 50. urte pasa diren honetan, kantineraren bila joan direnean, kantinerak berak jaso duen lore sorta Guardia Zibilak hil zuen gazteari eskaini dio haren txokoan utzita.
Kale Nagusiaren jabe egin dira 8:00etan eta Etxeberria eta Tatapas tabernen artean dagoen kaletik, duela 30 urte bidea zabaldu zuten kideak konpainiara sartu dira. «Gaur 30 urtez borrokan, emakumeak Alardean» pankarta eskuan Jaizkibelen aurrean kokatu dira.
Konpainia barruan poztasuna nagusi bazen ere Kale Nagusiko ertzetan emakume asko, horien artean gehiengoa gaztea, bizkarra ematen ari ziren. Hala ere, Jaizkibelen alde txalo eta oihu egiteko lagun asko kokatu dira horien aurrean, eztabaida txikiren bat sortuz.
Arma plazara heldu direnean irrintziek eta txaloek egin diete ongietorria eta pankartaren atzean igo diren emakumeak konpainiara batu dira jaitsiera egiteko. Elizako atarian udal ordezkaritzak hartu ditu, nahiz eta EAJko udal hautagaia, Maria Serrano, ez zen haien artean.
Desfileak aurrera jarraitu du, harresi handiko zubi parera heldu arte; bertan lehen pausoa eman zuten 26 emakumeak omentzeko oihal erraldoi bat zabaldu dute. «Ate hura zabaltzeagatik, mila esker» hitzen gainean ikus zitekeen emakume aitzindarien irudia.
Jaizkibelek bere bidea egin du eta pozez amaitu dute goizeko desfilea. Haien kapitainak, Nora Ferreirak hartu du hitza orduan: «Urte berezia da, omendu nahi izan ditugu guregatik borrokatu zuten horiek, eta guretzat ohore bat izan da haien atzetik joatea».
Pausoak txikiak dira
Gainera, azaldu du urtetik urtera Jaizkibel barnean lagun gehiagok hartzen dutela parte eta jende gehiagok babesten dituela kalean. «Guk beti bezala ebazpena bete dugu, nahiz eta ez konforme egon», kontatu du, eta adierazi du aurten lehenago hasi direla, Udalaren eskakizuna betez: «Alarde baztertzaileak bere ordutegia bete ahal izateko moldatu gara».
Bestalde, Jaizkibel konpainia elkarrizketarako prest dagoela azpimarratu du kapitainak: «Alardea guztiona dela erakutsi nahi genuen konpainia ezberdinetako arropak eramanez. Uste dugu orain haiek direla beldurtuta edo daudenak, ez baitute Gernikako Arbolan egoteko tradizioa bete gu pasako ginelako».
Irribarretsu eta ia ahotsik gabe, kapitainak aipatu du bere azken urtea izango dela postu horretan, Abotsanitzen legealdian izan baita kapitain. «Aurrerapausoak eman badira ere, ez dugu gure helburua lortu, ez dugu Alarde parekide eta publiko bakarra lortu», deitoratu du.
Hunkituta eta haserre
Jaizkibelek lehen aldiz borrokatu zuten 26 emakumeak omendu nahi izan ditu eta horietako batzuek desfilearen zati bat konpainia barnean egin dute. Arma plazara igo direnean hunkiturik topatu zitezkeen horietako batzuk, baita haiek babesten izan ziren pertsonak ere.
Horien artean zen Paz. Lehen aldiz bere lagunak Kale Nagusian sartzen ikusi zituenean bera txaloak jotzeko prest zegoela esan du, eta gaurkoan urte hartan bezala sartzen ikusi dituenean hunkitu egin dela. Hala ere, argi du urte asko igaro badira ere, lan handia dela oraindik egiteko: «Gure aldarrikapena betetzea nahi dugu, Alarde publiko, parekide eta bakarra».
Ixabel Alkain eta Ana Iriazabalek desfilea amaitu ondoren kontatu dute egun hartako sentimendu eta urduritasunak sentitu dituztela pankartarekin irteteko prest zirenean. «Gaur txaloak jaso ditugu, egun hartan astakeriak entzun behar izan genituen: ‘A parir y a fregar putas zorras edo que os violen’ bezalako esaldiak».
Urteurrena berezia izaten ari dela azpimarratu dute, eta pozgarria dela Jaizkibel urtetik urtera hazten ikustea. «Gu ordea, pixkanaka nekatzen ari gara eta erreleboa pasatzeko momentua gerturatzen ari da», zioten.
Urduritasuna, hunkidura eta haserrea sentitu dituztela gaineratu dute, oraindik «aldaketa askoren beharra» ikusten dutelako. «Ekimen batzuen parte izatea lortu dugu, orain berdintasuna falta zaigu», irmo aldarrikatu dute Jaizkibel konpainiako kideek.
Babesa
Estefanía Okarizek, Arartekoaren ondorengoak gehitu nahi izan du erakunde hori beti izango dela «emakumeek herrialde honetan edozein jarduera ludiko edo ez-ludikotan parte hartzeko dituzten eskubideak defendatzen». Gainera, elkarrizketa eta elkar ulertzearen aldeko pausoak defendatu ditu.
Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak garbi azaldu du Berdintasun Legea betetzeko beharra. «Berdintasunaren bidean elkarrizketa beharrezkoa da», esan du, eta erdigunera ekarri du badatorrela belaunaldi berri bat borrokarako gogoa duena, eta lan egiteko gogoa duena kohesioaren alde. «Elkarrizketa guneak zaindu behar ditugu orain», adierazi du kontuan hartuz HAOSEk elkarrizketa mahaia uzteko hartutako erabakia.
Maddalen Iriarte EH Bilduko batzarkidea ere bertan zen, eta argi adierazi du «aurrera egiten ez denean, atzera egiten dela etengabe eta hori ez dela onargarria». Harekin batera zen Hondarribiko EH Bilduko zinegotzi Garoa Lekuona Izeta, eta gogora ekarri du «orain dela 30 urte sototik atera ziren emakume horiek erakutsi zietelako herriko jaiak baztertzaileak zirela».
Hala ere, aurrerapausoak ematen ari direla gehitu du, eta elkarrizketak egiten ari direla konponbideak bilatzeko asmoz. «Herritarrak dira guretzat erdigunea, jaiak herriarenak dira, nahiz eta batzuek pribatizatu nahi izan, horregatik herritarrok erabaki behar dugu zer nolako jaiak nahi ditugun», adierazi du.
Podemoseko ordezkariak diren Miren Etxebeste eta Thania Pazosek ere hartu dute hitza, eta aurrerapausoak txikiak izan direla esan dute. Estrategia aldatzeko beharra nabarmendu dute, baita Udalak lidergotza hartzekoa ere.
Formula berrien beharra
Alarde baztertzaileak Zumardia igaro ondoren, Igor Enparanek, Hondarribiko alkateak, balorazioa egiteko tartea hartu du eta azpimarratu nahi izan du «ospakizunean aritzeko gogoz eta lasaitasunez» irten direla herritarrak.
Udal gobernutik «ahal izan dutena» egiten saiatu direla gehitu du, eta aurrerapausoak ikus daitezkeela. «Hondarribian herritar guztiak eskubide ororen jabe dira, nahiz eta arazo batzuk baditugun», bere esanetan. Horregatik, elkarrizketa eta eztabaidekin jarraitzeko beharra argia dela defendatu du, baita herriak borondatea duela.
«Ziur nago hemendik gutxira albistea ez dela banaketarena izango», aldarrikatu du, baina horretarako «formula berriak» bilatu beharko direla elkarrizketak emateko.

Adiós a Juan Mari Feliu, referencia del montañismo, del antifranquismo y del abertzalismo

Le Priol, eskuin muturreko militantea: «Arambururen heriotzaren egilea naiz»

Iker Aristu iruindarra hil da; torturaren biktima gisa aitortu zuen nafar Gobernuak

Lekeitioko Antzar Eguna bertan behera geratu da 20 urteko gazte bat kaian hil ondoren














