NAIZ

Reala eta Athleticen arteko Euskal Herria Txapelaren finala urriaren 2an jokatuko da Anoetan

Joan den Ligan elkarren aurkako norgehiagoketan puntu gehien eskuratu zituzten bi euskal taldeen arteko lehia izango da. Hamarkadetan Realeko teknikari izandako eta bere azken etapan Euskal Selekzioko entrenatzaile izan zen Mikel Etxarriri omenaldia egiteko balioko du derbiak.

Azken denboraldiko Reala-Athletic derbi bateko irudia.
Azken denboraldiko Reala-Athletic derbi bateko irudia. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herria Txapelaren finala udarako hitzordu ederrenetariko bat bihurtu da azken urteetan. Hala ere, Realak eta Athleticek jokatuko duten aurtengo lehia urriaren 2an, Donostiako Anoeta estadioan, izango dela jakinarazi du ostegun honetan Euskal Herria Kirolak-ek. 

Joan den Ligako elkarren aurkako norgehiagoketan puntu gehien eskuratu zituzten bi euskal taldeen arteko lehia izango da, urtero egiten den bezalaxe; hau da, Reala eta Athleticen arteko neurketa. Finala 19.00etan hasiko da, aipatu bezala Anoeta estadioan, eta ETB1-ek eskainiko du norgehiagoka zuzenean.

Euskal Herria Txapela finalaren aurkezpen ofiziala datorren astelehenean egingo dute, Anoetan bertan, 11.30etik aurrera. Ekitaldian neurketaren xehetasun guztiak ezagutaraziko dira eta Realeko eta Athleticeko ordezkari instituzionalez gain, bi klubetako bi mito ere izango dira bertan. Alde batetik, eta berriki erretiroa hartu duen Arritxu Iribar aurkezleak gidatuko duen ekitaldian, Jose Angel Iribarrek, talde zuri-gorriaren ikur nagusietako batek; eta, bestetik, Inaxio Kortabarriak, ikur txuri-urdinak, elkarrekin aurkeztuko dute partidaren irabazleak jasoko duen garaikurra. Hala, indar handiko irudia eskainiko dute biek, 1976an elkarrekin ikurrina atera zutenean bezalaxe.

Derbi honek, gainera, Mikel Etxarriri omenaldia egiteko balioko du. Hamarkadetan Realeko teknikari izandakoak eta bere azken etapan Euskal Selekzioko entrenatzaile izan zenak euskal zale guztien aitortza jasoko du, aulkietan egindako ibilbide oparoagatik eta euskal entrenatzaileen formakuntzan egindako lanagatik.

Derbi honetarako sarrerak Euskal Herria Kirolak-en webgunean eros daitezke. Realeko bazkideek doan lortu ahal izango dituzte, eta Athleticekoek, 15 euroren truke. Sarrera orokorrek, aldiz, 30 euro balioko dute; eta 14 urte beheregokoek 10 euroren truke erosi ahal izango dituzte.