NAIZ

Harritxu Getek jasoko du 6. Gladys Saria, itzultzaile neuronalean egindako lanari esker

Euskararako itzultzaile neuronalen garapenean egindako lana, genero-ikuspegiaren txertaketa eta neska gazteentzat inspirazio-iturri izateko erakutsitako konpromisoa kontuan hartuz saritu du epaimahaiak Harritxu Gete. Sari-banaketa irailaren 24ean ospatuko da Donostian.

Harritxu Gete Ugarte, 6. Gladys saria jasoko duena.
Harritxu Gete Ugarte, 6. Gladys saria jasoko duena. (Gladys sariak)

Harritxu Gete Ugartek jasoko du 6. Gladys Saria. Ingurune digitalean aritzen diren emakume gazte euskaldunak saritzen ditu, batik bat, gazteentzat erreferenteak sortu eta lan hori jendarteratzeko asmoz. EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak sustatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Gete matematikan graduatua da, eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko doktorego-tesia defendatu zuen 2025ean Cum Laude aipamenarekin. Ibilbide profesionalari dagokionez, Vicomtech fundazioan aritu da praktiketatik gaur egun arte. Ikerlaria da itzulpen automatikoaren zein hizkuntza-eredu handien eremuan.

Epaimahaiak aditzera eman du «Gladys Sariaren ezaugarriekin konpromiso irmoa erakutsi duela sarituak bere ibilbide profesionalean», eta hori horrela saritu nahi izan dute. Gaineratu dutenez, bere lana funtsezkoa izan da gaur egunean euskararako erabiltzen diren itzultzaile neuronalen garapenean, eta genero-ikuspegia txertatu duela egindako lanean. 

Bestalde, nabarmendu nahi izan dute Getek berdintasuna teknologiara ekartzeko eta euskararen presentzia indartzeko egin duen lana: «Azken urteetan ahalegin berezia egin du neska gazteentzat inspirazio-iturri izateko, komunikabideetan zein jardunaldi ezberdinetan dibulgazio lanak eginez».

Horrez gain, etorkizunera begira ere jarri dira epaimahaikideak eta azpimarratu dute «hainbat proiektutan lidertza hartzen hasia dela eta bere lana aplikatua izanik gizartean inpaktu zuzena izango duela, baita, dibulgazioarekin erakutsitako inplikazioak bere lanaren zabalkundea zein gazteentzako erreferentzia izatea bermatzen dituela ere». 

Sari-banaketa 

Harritxu Getek bere saria jasoko du irailaren 24ean egingo den ekitaldian. Donostiako Alde Zaharrean kokatuta dagoen Santa Teresa komentuan ospatuko da, 18:00etan. Sari-banaketan nobedadeak ere izango direla adierazi dute antolatzaileek: «bideopodcast berri bat aurkeztuko da, EITBk, Puntueusek, eta EHUko Informatika Fakultateak lankidetzan sustatutakoa».Honetan, emakumeek ingurune digitalean eta teknologiaren esparruan duten funtsezko papera erakutsiko da, protagonisten ahotsean.