Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA PERLAK

Oroimena korapilatzen denekoa

TANGLES
Kanada, 2026. 101'. Zuzendaria: Leah Nelson. Gidoia: Sarah Leavitt, Trev Renney, Leah Nelson.  

‘Tangles’ filmeko fotograma.
‘Tangles’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Urte batzuk dira dagoeneko Donostia Zinemaldian helduentzako animaziozko zinemaz gozatzeko zortea dugula. 'Memoirs of a Snail' edo 'Anomalisa' bezalako filmek erakutsi dute, sentsibilitate eta lengoaia oso ezberdinetatik abiatuta, animazioak askatasun osoz har ditzakeela tradizioz irudi errealeko zinemarekin lotu izan ditugun gaiak.

Testuinguru horretan aurkeztu da, Perlak sailean, 'Tangles', Leah Nelsonen lehen film luzea. Biziki interesgarria eta aberasgarria da, hasteko, Alzheimerrari buruzko film bat animaziozkoa izatea. Ez animazioak gai mingarri bat leuntzeko aukera ematen duelako, baizik eta marrazkiak  filmatzea ia ezinezkoa den hori irudikatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako: memoriaren desintegrazioa, identitate baten pixkanakako galera eta maite dugun norbait, gure begien aurrean, apurka-apurka urruntzen ari dela ikustearen esperientzia. 

Sarah Leavitten eleberri grafiko autobiografikotik egokituta, Sarahren istorioa kontatzen du filmak. Artista eta ekintzaile gazteak bere bizitza alde batera utzi eta jaioterrira itzuli behar du, ama Midgek Alzheimerraren lehen sintomak erakusten dituenean. 

Baina 'Tangles' «Alzheimerrari buruzko» filma dela esatea ez da guztiz zuzena. Alzheimerrak giza harremanekin egiten duenari buruzko filma da, batez ere. Inguruko guztia ukitzen duen indarra da, familiaren egiturak, rolak eta loturak poliki-poliki nahasten dituen korapiloa. Hor topatzen dugu filmaren izenburuaren indarra: 'Tangles', korapiloak. 

Zuri-beltzaren hautua funtsezkoa da. Irudia, oro har, grisen eskalan mugitzen da, jatorrizko eleberri grafikoari keinu eginez, baina, aldi berean, galerak eta oroimenaren higadurak markatutako giro emozionala eraikitzen du. Kolorearen gabeziak ez du soilik estetika definitzen; mundu bat desegiten eta urruntzen ari denaren sentsazioa ere indartzen du. 

Errealismoa alde batera uzten duen uneetan lortzen ditu pelikulak bere irudirik boteretsuenak. Orduan, espazioak eta gorputzak deformatu egiten dira, errealitatea pitzatu egiten da eta ikuslearen pertzepzioa protagonistaren egoera emozionalarekin nahasten da. 

Hala ere, filmaren zati handi batek narrazio konbentzionalagoaren bidea hartzen du, familia-dramaren egituran oinarrituta. Distortsioaren, zatiketaren eta subjektibotasunaren eszenek animazioari ohiko zinemak nekez eskain dezakeen askatasuna ematen diote, baina bi erregistro horien arteko oreka ez da beti erabat lortzen. Filmaren ausardia narratibo eta bisual handieneko uneak nahi baino urriagoak dira, eta, tarteka, proposamenaren potentziala ez da bere osotasunean ustiatzen.

Beste elementu azpimarragarri bat Sarahren queer identitatea da. Filmak ez du haren lesbianismoa narrazio nagusiari artifizialki erantsitako «gai» gisa erabiltzen. Haren identitatearen eta bizi-historiaren parte da, haren jarduera artistikoa edo bere jatorriarekin duen harreman gatazkatsua bezalaxe. 

Erabaki formal eta narratibo horiek gorabehera, 'Tangles' oso film gomendagarria eta boteretsua da. Animazioa ez dela soilik haurrentzako gogorarazten duen horietakoa da, eta, batez ere, gai sakonak eta helduak lantzeko ezinbesteko erreminta izan daitekeela frogatzen du.