«Jakin behar da noiz esan agur»
Jabi Elortegik ‘Agur esan barik’ Gatiburen azken kontzertuen ibilbideari buruzko dokumentala aurkeztuko du aurtengo Zinemaldian. «Taldeak sekulako garrantzia izan du, Euskal Herriko gizartean, belaunaldi desberdinak elkartu ditu eta Bizkaera erabiltzen», ziurtatu du.

‘Agur esan barik’ dokumentalak bere estreinaldia izango du aurtengo Zinemaldian. Ez da Gatiburi buruzko pelikula bat, baizik eta taldeak BEC-en azken kontzertuetara iritsi arteko ibilbidea da filmaren muina.
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian izango da, Jabi Elortegiren azken lana: eta dokumentalaren zuzendari bermeotarrarekin hitz egin dugu.
Lehenik eta behin, suposatzen dut Gatibuzalea zarela.
Bai, noski. Taldearen aurreneko diskoetatik. Horrez gain, oraindik uste dut bere lanik onena ‘Zoramena’ dela, hain zuzen ere Gatiburen estreinaldia.
Nola sortu zen dokumentalaren ideia?
Alex Sardui eta biak aspaldiko lagunak gara. Elkartu ginen proiektuari buruz hitz egiteko eta argi eta garbi aipatu nion nire modura egingo nuela: interferentziarik gabe, alegia. Taldeak azkenik baiezkoa eman zidan (eta eskerrak ematen dizkiet horregatik), eta lehenengo aurrestreinaldiraino ez zuen ezer ikusi.
Zein izan da grabaketaren momenturik politena?
Asko izan dira, egia esan. Boisera joan ginenekoa, adibidez, astebete oso oparoa izan zen. ‘Lankideen’ parte izatea ere gustoko izan nuen, Fito eta Itziar Ituñoren presentziak, edo Zeppelinen berriro jotzea. Orokorrean, urtebete iraun dugu elkarrekin: gogora dezagun Gatibu ez dela bakarrik musika-talde bat, baizik eta enpresa bat, eta hori guztia kudeatu behar genuen.
Eta txarrenak?
Une gogorrak izan dira eta pixka bat surfeatu behar izan nuen. Lehenik eta behin, baxu-jole ohiaren heriotza gogoraraztea. Mikel Caballero oso pieza garrantzitsua zen Gatibun, taldea aspaldi utzi bazuen ere. Oso maitatua zen taldekideen artean. Gainera, nola hil zen, bat-batean... Eta gero Alexen esaldi haren ondorioak, gogoratuko dituzue ezta? Esan zuenean bere ustez emakumeak ez zeudela diskriminatuta musikaren munduan.
Bai, hori deigarria iruditu zait. Dokumentalaren hasieran jarri duzue, agian beste norbaitek baztertuko zukeen...
Alexek ikaragarri sufritu zuen adierazpen horiengatik. Barkamena eskatu zuen berehala, baina dokumentalaren helburua Gatibu erakustea izan da, bere osotasunean, eta horregatik pelikulan Alexen alde pribatuago bat ere badago: amarekin egiten dituen bazkariak eta duen harremana, esate baterako, edo judo entrenamenduak, nola maite dituen bere sustraiak...
Alexen figura azaleratzen da gehiago, saihestezina da.
Haimarrek ere badauka bere pisua, eta Gaizkak ere bai. Hala ere, argi eta garbi, Alex benetako frontman bat da, ahotsez zein gorputzez. Baina aldi berean beste taldekideek mantentzen dute beren nortasuna. Oso desberdinak dira hirurak eta hori ere azpimarratu dugu: dokumentalean, elkarrizketak banakakoak dira, adibidez. Dena den, desberdintasun hori mantenduta ere begira zer nolako arrakasta lortu duten talde gisa.
Norentzat da ‘Agur esan barik’?
Edonorentzat, nire ustez, zaleak ez direnentzat ere bai. Gatiburen meriturik handienetako bat izan baita belaunaldi desberdinak elkartzea. Klub txikietan hasita, Gernikan bertan, Barakaldo hiru aldiz betetzera iristea ez da batere erreza: 45.000 sarrerak ti-ta batean agortu ziren. Baina kontzertuak dokumentalean ia ez dira agertzen.
Bitxia da, dokumentalaren hasieran ‘aurreikusten’ dute etorkizuna.
Nahiko barregarria da, bai. Berreskuratu genuen Oizmendi Gernikako telebistarekin egin zuten elkarrizketa hura, non Alex eta Haimarrek azaltzen zuten zein izango zen taldearen helburua: hau da, disko bat grabatzea eta haserretu baino lehen bukatzea. Hitz gutxitan, baina asmatu zuten.
Zer esanahi du Gatiburen ibilbideak Euskal Herriko gizartean?
Asko, egia esan. Jendeak euskara ikasi du haien abestien bidez. Horrez gain, bizkaiera ‘mundua’-ren aurrean aurkeztu dute, ez baitute batua bakarrik erabiltzen. Bide desberdin bat ireki zuten: Gernikako 3-4 gaztetxo ziren eta gerora fama handia lortu zuten.
Eta zuri zer utzi dizu dokumentalak?
Ni fikziozko zinematik nator. Ziur aski ikasi dudana da askotan garrantzitsuena momenturik onenean bukatzea dela. Gailurrean zaudenean, alegia. Uste dut Gatibuk asmatu duela noiz ‘esan agur’.

Zupiria dice que en las fiestas del Carmen los agredidos fueron los ertzainas

Un local hostelero reclama 50.000 euros a una asociación de Abando por sus quejas vecinales

Vitero completa en Gasteiz las ocho candidaturas de EH Bildu; siete repiten y seis son mujeres

La alcaldesa de Santurtzi afirma que lo recogido en el vídeo es «difícilmente justificable»
