Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZABALTEGI-TABAKALERA

Hamalau gau, Oteizaren arrastoan

‘HAMALAU GAU’
Euskal Herria, 2026. 91’. Zuzendaritza eta gidoia: Oskar Alegria Suescun. Musika: Iñar Sastre Lopetegi

‘Hamalau gau’ filmaren fotograma.
‘Hamalau gau’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Oskar Alegria zinegilea ezagutzen duzuenontzat ez duzue argibiderik behar ‘Hamalau gau’ filma ikustera joateko. Alegriaren lana inoiz ikusi ez dutenentzat, ordea, ohar txiki bat: sailkatzen zaila den zinemagilea da, dokumentalaren, bidaia egunkariaren eta saiakeraren artean mugitzen dena. Bere filmak ia beti bilaketa pertsonal batetik abiatzen dira eta, pixkanaka, memoriari, denboraren joanari, naturari eta atzean uzten ari garenari buruzko gogoeta zabalago bihurtzen dira. Zinez gomendagarriak dira ‘Zinzindurrunkarratz’ eta ’Zumiriki’ .

Hori argituta, gatozen Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu duen film berria aletzera. Zabaltegi-Tabakalera Zinemaldiko sailik irekiena da. Begirada berriak, proposamen ausartak eta ohiko bideetatik kanpo dabilen zinema hartzen ditu bere baitan. Eta, hain zuzen ere, askatasun horretan aurkitzen du bere lekua Alegriaren filmak.

Hamalau zenbakiak markatzen du filma. Hamalau dira bertan igarotzen diren gauak; hamalau, Jorge Oteizaren apostoluak. Hamalau gauez egindako bidaia bat, Jorge Oteizaren ideietan barrena. Barnealdeko gau bat nagusitzen da: Arantzazuko santutegiko organoaren ondoan gertatzen dena. Horrela laburbil liteke ‘Hamalau gau’, baina filma ez da, inondik ere, Oteizaren ohiko biografia. Oteiza bera ez da agertzen, ezta haren obra ere, ohiko erretratu artistiko batean espero genitzakeen moduan. Alegriak, haren presentzia zuzenean erakutsi beharrean, haren arrastoaren bila jotzen du, ideietan, paisaian, soinuan eta isiltasunean barrena. 

Biografiatik eta erretratu konbentzionaletik oso urrun dagoen ikus-entzunezko pieza da. Alegriak ez du Oteizari buruzko beste pelikula bat egin; haren pentsamendura hurbildu nahi izan du, haren ideiak eta munduarekiko harremana bilatuz, zeharka eta iradokizunen bidez. Horretarako, forma berezi eta oso pertsonala proposatzen du. Eta bidaia horretan, Iñar Sastre piano-jotzailearen musikak ere berebiziko garrantzia du. Pianoa filma zeharkatzen duen hari fin baten moduan ageri da, irudiak eta gauak lotuz.

«Prest zaude? Bagoaz lehenengo gaua.» Pantaila belztu egiten da. Une batez, ez dago ezer. Eta, bat-batean, argia. Orioko arraunlari baten aurpegia agertzen da. Fokuak argiztatutako eremua mugitzen du Alegriak, eta beste arraunlari baten aurpegia azaltzen da. Eta gero beste bat. Eta beste bat. «Lehenengo gaua Argonauten gaua da. Eta Orioko arraunlariak ikusiko dira. Badakizu Oteizak esan zuela hamalau apostoluak egin zituela bere herriko arraunlariak zirelako.» Hori da filmaren hasierako sekuentzia. Eta kode horretan mugitzen da. Hortik aurrera hasten da bidaia, hamalau gauez osatutako ibilbide bat, Oteizaren pentsamenduaren, memoriaren eta paisaiaren artean. 

Alegriaren zineman gauzak ez dira ohiko moldeen barruan argitzen eta garatzen. Ez dago azalpenik, ez dago biderik aldez aurretik markatuta. Oteizaren arrastoari jarraitzen dio, gauetik gauera, galderatik galderara. Eta ikuslea ere bide horretan sartzen da, batzuetan eroso, beste batzuetan galdu samar. Tarteka esfortzu handi samarra eskatzen duen bidaia delako, baina asko eskertzen den begirada berri batera gonbidatzen gaituena.

Eta hor dago Alegriaren zinemaren xarma: ez dakigu beti nora eramango gaituen, baina badakigu bidean zerbait desberdina aurkituko dugula. Bere filmek ez dute erantzun itxirik eskaintzen, ateak irekitzen dituzte. Eta ‘Hamalau gau’ horren adibide da, formarekin, denborarekin, musikarekin eta narrazioarekin jolasten duen obra askea, sailkaezina.

Ez da Oteizari buruzko filma; Oteizatik abiatutako ikus-entzunezko bat da. Hamalau gauez egindako bidaia, zuzendariaren begirada berezi eta bakarretik ehundua.