Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZINEMIRA

300 haritz, oraingoan, zutik

300 HARITZ
Euskal Herria, 2026. 83’. Zuzendaria eta gidoia: Aitor Aranguren Ordoñez. Argazkia: Julen Arregi Milikua.

‘300 haritz’ dokumentaleko fotograma.
‘300 haritz’ dokumentaleko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Dokumentalaren izenburua irudi sinboliko batetik abiatzen da: lehen baserriak eraikitzeko 300 haritz behar omen ziren. Basoa agortu zenean, egurrak harriari egin zion lekua, eta horrek erakutsi zuen nortasuna ere eraldatu egiten dela irauteko. Ideia horretatik abiatuta, filmak pertenentziari, eraldaketari, memoriari eta etorkizunari buruzko gogoeta zabaltzen du.

Elena Urizen ahotsak zabaltzen du lana, eta berak ematen dio itxiera ere. Paul Urkijok ia izaki mitologiko bihurtutako emakume honen presentzia magnetikoa da. ‘300 haritz’ lanaren tankerako ikus-entzunezkoetan off-ahotsa erabiltzea ohikoa bada ere, hemen haren presentziak bestelako pisua hartzen du narrazioan. Ez du kontakizuna ahotsarekin soilik garraiatzen, aurpegiaren eta espresioen bidez ere hitz egiten du zenbait unetan, eta ñabardura txikiak eransten dizkio kontakizunari. 

‘Gure etorkizuna altxatzeko, gure orainari aizkorakada eman genion’. Aizkorakada horrekin hasten da, nolabait, ‘300 haritz’-en ibilbidea. Eta hortik aurrera, basotik mahaira, sustraietatik etorkizunera, euskal gastronomiaren erraiak aztertzen saiatzen da Aitor Aranguren Ordóñez zinegilea.

Mantala Basque Gastronomy eta Basque Culinary Centerrek bultzatutako dokumentalak Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari eta hainbat artista eta sortzaile biltzen ditu, euskal nortasunaz, lurraldeaz eta gastronomia garaikideaz hausnartzeko. Euskara eta gaztelania uztartzen dira lanean, gonbidatu guztiek ez baitakite euskaraz, baina euskara da filmaren oinarria, hortik abiatzen dira elkarrizketak, eta hortik jaiotzen dira hitzak.

Gonbidatu nagusiez gain beste sektore batzuetako hainbat artista eta sortzaileren ahotsak ere tartekatzen dira: Ana Goitia umoregilea, Iñigo Etxezarreta musikaria edota Aizpea Goenaga aktore eta zuzendaria. Etxezarretarekin, esaterako, musikaren eta gastronomiaren arteko lotura zuzena egiten da, bien arteko paralelismoak proposatuz.

Kokalekuak ere garrantzia berezia du: Arantzazuko santutegia. Harriaren eta hitzaren, paisaiaren eta pertsonaren, tradizioaren eta etorkizunaren artean dagoen elkargunea da. Arantzazuko kriptan murgiltze-esperientzia batean biltzen dira protagonistak, eta bertan kokatzen dute sukaldaritzaren, lurraldearen, produktuaren, paisaiaren eta kulturaren arteko loturaren inguruko hausnarketa.

Imanol Zubelzuk, Mantala Basque Gastronomyko arduradunak, aurkezten du solasaldia zeremonia-maisu baten modura. Elkarrizketei hasiera ematen die eta hortik aurrera hitzek hartzen dute lekukoa. Hausnarketek gidatzen dute gidoia, eta hitzek ikuslearen irudimena eta begirada kritikoa mugiarazten dituzte.

Une batean, Javi Riverok dio: «Gure menuaren % 50aren balioa da gauzak kontatzea». Eta gaineratzen du: «Bestela, gure menua, gure lana, ez da ulertzen. Gure etxera datorrena joaten bada jakin gabe zergatik jan duen jan duena, huts egin dugu, eta hori gure ardura da».
Esaldi horretan laburbiltzen da, neurri batean, dokumentalaren espiritua. Jatea ere kontatzea baita; kozinatzea, memoria egitea; eta produktu baten atzean dagoen lurraldea, jendea eta historia ulertzea.

Gaiak ugariak dira: emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna, gastronomiaren esparruan izan duten bilakaera, kultura gastronomikoa, balioen transmisioa belaunaldiz belaunaldi, janariaren benetako balioa eta horren inguruan sortzen diren uste okerrak, modak, turismoak gastronomian duen eragina…

Solasaldia ataletan egituratzen da, eta elementu naturalek antolatzen dute kontakizuna: ura, ‘hemen hasten da dena’; sua, ‘eraldatu egiten dena, suntsitu edo sortu’; haizea, ‘ikusten ez dena, baina dena mugitzen duena’; eta lurra, ‘eusten gaituena’.

Mahai-ingurua filmaren bizkarrezurra izan arren, solasaldiari lotutako irudi ederrak eta murgiltzaileak ere badaude, testuingurua eransteko baliagarriak: arrantzaleak itsasoan, sukaldeetako jarduna, gonbidatuen arteko solasaldiak beste ingurune natural batzuetan –basoan, mendian, oinez–. Irudi horiek naturaltasun eta informaltasun ukitu bereziki atsegina eransten diote. Musikak, berriz, ezinbesteko pisua hartzen du. Une batzuetan epikoa, beste batzuetan poetikoa, irudiari arnasa ematen dio.

Formaren eta edukiaren arteko oreka horrek egiten du ‘300 haritz’ proposamen biziki interesgarria, estetikan bezainbeste hausnarketan oinarritua.

300 haritz, oraingoan, zutik.