Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Horrelakoa da bizitza

MUGURUZA FM40 TOUR
Euskal Herria, 2026. 103’. Zuzend: Ander Merino Etxebeste, Fermin Muguruza. Gidoia: Laia Urtizberea. Argazkia: Julen Arregi. 

Oihana Barrena aizkolaria, dokumentalean.
Oihana Barrena aizkolaria, dokumentalean. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Zinemara joatea pelikula bat ikustea baino askoz gehiago dela esatea ez da munduko baieztapenik originalena. Etxetik atera, zer film ikusi aukeratu, aretora iritsi, filma ikusi, amaitzean komentatu, afaltzera joan... Plataforma digitalen garaiotan, aretora joateak badu oraindik ere zerbait berezia, bakarra, etxean pantaila aurrean errepikatu ezin dena.

Pentsa, beraz, zer  den ‘Muguruza FM40 Tour’ dokumentala Donostiako Velodromoan ikusteaz gain, aurretik -eta ostean- sortutako giroa eta emozioa koktel-ontzi berean sartzen baditugu. Kaleko Afari Solidarioetako erosketa-orgak, Broken Brothers Brass Band taldea, izen eta aurpegi ezagunak, jendearen joan-etorria, algarak, besarkadak... Filma hasi aurretik bazegoen beste film bat.

Zalantzarik ez zegoen ‘Muguruza FM40 Tour’ dokumentala bizia eta beroa izango zela; bira halakoxea izan zelako, eta Muguruzaren izaera ere hala delako. Ordu eta berrogei minutuan, azken bi urteetan bizitakoa zabaltzen da pantailan: zergatik egin zuten halako bira bat, zer gertatzen zen oholtza atzean, eta haren ibilbide musikal eta pertsonalean utzitako arrasto eta pasarte garrantzitsuenak.

Iñigo Muguruza zenak 60 urte beteko zituen egunean egindako omenaldi-kontzertuan abiatu zuten Fermin Muguruzak eta bere taldeak bira, eta ia urtebete eman zuten munduan barrena. Bidean, hortzak erakutsi zizkioten faxismoari eta han-hemenka pairatutako zentsurari, 40 urteko ibilbidea ospatzearekin batera. Kontzertuak, bidaiak, eszenatokiak, nekeak, emozioak, ospakizunak eta une intimoagoak. Munduan barrena pilatutako irudi eta bizipen horiek guztiak biltzen ditu filmak, Muguruzak berak eta Ander Merino Etxebestek zuzendutako lanean.

Hain berea duen aizkoraren sinbologiaz egituratu dute lana, atal desberdinetan. Oihana Barrena aizkolariak darama filmaren haria, eta aizkora bera bihurtzen da kontakizunaren ardatz eta metafora: moztu, hautsi, ireki, bidea egin.

Eszenatokian ikusten ez dena, prestaketa, urduritasunak, bidaiak, itxaronaldiak eta kontzertuen aurretik zein ondoren sortzen den giroa. Guztia erakusten da dokumentalean. Ikuslearentzat ezkutuan geratu ohi den mundu hori erakustea zinez berezia da. Horri gehitzen zaizkio Muguruzaren ibilbideko une eta pertsona garrantzitsuak, baita haren aldarri sozial eta politikoak ere, filmean zehar etengabe taupadaka.

Teknikoki aparta da lana. Erritmo bizikoa, indartsua eta, une askotan, elektrikoa. Kontzertuen irudiek indar handia dute, eta soinua eta muntaketa ere maila berean doaz.

Baina erritmo intentsu horretan ikuslea apur bat ito daiteke. Irudi asko pilatzen dira, dozenaka protagonista agertzen dira, mezu andana dago eta elkarrizketak bata bestearen atzetik datoz, ia arnasa hartzeko astirik eman gabe. Imajinatu daiteke, akaso, muntaia-fasean guraizeak –aizkora, kasu honetan, agian– sartu behar izan dituztela bi orduko langa ez gainditzeko. Eta, paradoxikoki, hainbeste dagoen arren, batzuetan zerbait falta dela senti daiteke: arnasa.

Dokumentalak isilune gehiago eta tarte zabalagoak izango balitu, kontakizunak agian are indar handiagoa hartuko luke. Gustura ikusiko genuke bertsio luzeago bat, baina ataletan zatitua akaso, patxadaz gozatzeko.

‘Muguruza FM40 Tour’ ez da kontzertu-bira baten kronika hutsa. 40 urteko ibilbide baten errepasoa da; borroka politiko eta sozialek zeharkatutako bizitza musikal baten erretratua, eta, batez ere, azken bi urteetan bizi izandakoaren lekukotza.

Ederra, hunkigarria, beroa, kaotikoa, intentsua. Batzuetan gehiegizkoa ere bai. Baina ezin zitekeen beste modu batekoa izan. Dokumentalak ez baitu soilik bira bat kontatzen, bizitzeko modu bat baizik. ‘Horrelakoa da bizitza, egin ezazu behar duzuna’.