Bide berria urratu dute Mendebaldeko Chacraraju mendian
Raymond Eckland, Josue Sanchez eta Jon Zerain alpinistek sei egun behar izan dituzte 'Shumaq Warmi' ibilbidea (ED, WI4+, M5, 90º, 850 m) sortzeko. Peruko seimilakoaren hegoaldeko isurialdean eginiko jarduera hori joan den irailean burutu zuten, ohiko denboraldia amaituta.

Herrialde ezberdinetatik bildutako hiru alpinista helburu komun batekin: Mendebaldeko Chacraraju (6.108 m, Mendilerro Zuria, Peru). Hain zuzen ere, seimilakoaren hegoaldeko aurpegia. Apustu edo erronka handia zen; batez ere, mendiak zirrikitu samurrik ez duelako eta ertz batzuetatik begiratuta arriskutsua delako. Hots, ibilbide oso nahasiak eta zorrotzak ditu.
Bada, joan den irailean, hirukote batek arrakasta izan zuen Mendebaldeko Chacrarajun 'Shumaq Warmi' ibilbidea (ED, WI4+, M5, 90°, 850 m) osatu eta gero. Ez da batere ohikoa, baina, diogun bezala, talde horrek aukera izan zuen ekarpen berria egiteko. Raymond Eckland estatubatuarra, Josue Sanchez perutarra eta Jon Zerain euskal-perutarra izan dira protagonistak.
Alpinistok espero zuten bezala, Mendilerro Zurian (Peru) kokatuta dagoen seimilakoak lan eskerga eskatu zien; izan ere, lerro berria zabaltzeko sei egun behar izan zituzten. Joan den irailaren 11n gailurra zapaldu zuten; hots, ohiko denboralditik kanpo.
Ekarpen berri horren inguruko azalpenak Zerainek berak eman dizkigu. Gasteiztarrak bigarren etxea du Peru. Ama perutarra duenez, sarri joaten da herrialdera, eta duela pare bat urte hango herritartasuna hartu zuen. Lehenik eta behin, alpinista gazte honek aurreratu nahi izan digu Chacrarajuk betidanik ospe berezia izan duela: «Neurri handi batean, zaila eta arriskutsua da. Mendilerro Zurian ibiltzen garenontzat errespetu handia sortzen duen mendia da. Duela pare bat urte, Chacraraju ez zegoen nire zerrendan. Horrekin esan nahi dut igotzeko aukera hori oso urruti ikusten nuela. Baina, zorionez, azkenean seimilakoaren tontorrean izan naiz, bide berri bat zabaldu eta gero. Duela bi urte, estatubatuar batzuek mendebaldeko gailurra erdietsi zuten, baina hortik aurrera, gu iritsi arte, ‘lehortea’ egon da. Alpinista dezente ibili dira aldez aurretik zabaldutako lerroetan, hildakoak ere izan dira, eta horregatik diot duela bi urte ez nuela planteatzen mendi hori igotzea».
Baina Zerainek Chacrarajurekin zuen ikuspegia aldatu zen, edo, hobeto esanda, Sanchez sokakideak aldatu zion. Alpinista perutarrak iaz saialdia egin zuen ibilbide beretik Perun bizi den estatubatuar batekin. 5.500 metrora erretiratu ziren. Jakin bazekiten ere 2008an talde bat zirrikitu beretik sartu eta izotza hasten den tarteraino iritsi zela. Baina metro bertikalak saihestu eta eskuinetik igo ziren. Sanchez prest zegoen beste ekinaldi bat egiteko, eta bere bi kideei proposamena egin zien. Irakurtzen den bezala, baiezko erantzuna eman zioten.

Zerainek dio bi sokakideak aldez aurretik ezagutzen zituela. Sanchezekin iaz Tocllaraju igo zuen, eta, esperientzia ondo atera zenez, harremanari eutsi zioten. Ecklandekin, berriz, abuztuan egin zuen bat. Sei eguneko irteeran, besteak beste, Artesonraju hego-mendebaldetik igo zuten, mendian bakar-bakarrik zirela.
Eskalada horiek hirukotearen harremana sendotu zuten, eta Zerainek aurreratu digu Chacrarajuko helburua saiatzeko une egokia iritsi zela: «Eguraldiaren eta mendiaren kondizioak ikusita, ausartu ginen. Eskuarki, ohiko denboraldia abuztuaren erdian amaitzen da, baina aipatu ditudan kondizio horiek bultzatu gintuzten ekinaldi bat egitera. Nik itxaropen gutxi nuen, banekien jarduera serioa zela, eta eguraldiarekin ere zalantza ugari nituen».
«Emakume ederra»
Mendebaldeko Chacrarajuko igoerari dagokionez, Laguna 69 alderdian kanpalekua antolatu eta hirugarren egunean alpinistok esku artean zuten xedera abiatu ziren. Lehenbiziko helburua mendiaren oinarrira heltzea zen. Lauzpabost orduko ibilaldia iragarri zuten, eta, azkenean, zazpi izan ziren. Glaziarra zeharkatzea ez zen batere erosoa izan. Arrakala handiak zituen, eta zaila egin zitzaien igarobide bat aurkitzea. Elurra egiteaz gain, mendiaren goialdea lainotuta zegoen. Azken argiekin denda altxatu eta gaua igaro zuten. Ordu horietan ez zuten batere argi aurrera jarraituko ote zuten; izan ere, eguraldi kaskarra gailendu zen. Baina, ezustean, gauean elurrik egin ez zuenez eta eguna garbi sortu zenez, igoerarekin jarraitzea adostu zuten. Hotz handiarekin goizeko lauretan abiatu ziren.
Benetako eskalada hasteko prest ziren, baina horman sartzeko aurrean zuten errimaiak buruhausteak eragin zizkien. Elur hezean 80 graduko aldats tente batek M5 mailako luze arriskutsu batera eraman zituen. Ostean, korridorean sartu ziren. Zerainek esan du errimaia zabala zela eta asko kostatu zitzaiela gainditzea: «Izotz bertikala hasten den punturaino (5.700 m) nahiko azkar, ensamble-an, igotzea espero genuen. Baina izotz asko eta elur aldakorrarekin egin genuen topo. Ensamble-an igo ordez, luzeak egin genituen. Bidearen giltzara iritsi ginen; hots, izotz bertikalera. 70 metroko sekzio bat (WI4+) gainditu eta gauak harrapatu gintuen. Bibaka egiteko leku bat aurkitzen saiatu ginen, eta hori gaueko 11etan lortu genuen. Leku txikia, eserita, botak heze, manta termikoekin babestuta… Gogorra izan zen gaua».
Biharamunean, goizeko lauretan berriro martxan zeuden. Bidearen giltza gainditu bazuten ere, jarduerak oraindik hainbat ezusteko eman zizkien. Aurretik zuten ibilbidea ez zen batere argia. Hasieran, ezkerraldera jo zuten, baina serac erraldoi batek bidea itxi zien. Ondoren, erditik, eta berriro kale. Azkenean, eskuineko kanal batean sartu, mistoko zeharkaldi bat (M5) egin eta gailurreko ageriko bidea hartu zuten.
Alpinista gasteiztarrak dio denbora asko galdu zutela: «Aurrera eta atzera ibili, mistoko tarte hori gainditu elur oso txarrarekin… Azkenean, sekzio horretatik irten eta plateau edo elur zelai batera heldu ginen. Zorionez, lainorik ez zegoenez, gailurrera eramango gintuen bidea ikusi genuen. Ondoren, lainoa sartu zen, baina ez ginen gehiegi arduratu. Jakin bagenekien jaisteko arazorik ez genuela izango. Izan ere, izotzaren kalitatea ona zen rappelak abalakov-ekin egiteko».
Irailaren 11n, goizeko 10.15ean gailurrera iritsi ziren. Ordu eta erdi beranduago Sanchez, Eckland eta Zerain Mendebaldeko Chacrarajuko tontorrean zeuden 'Shumaq Warmi' lerroa sortu eta gero. Kitxua hizkuntzan 'emakume ederra' esan nahi du, gutxi gorabehera.

Jardueraren lehenbiziko etapa, igoerarena, biribildu eta gero, hirukoteak jaitsiera zain zuen. Zerainek aurreratu digu mendiaren kondizioak ikusita, ez zirela kezkatu. Denera, hamahiru rappel eta hainbat tarte deseskalatu zituzten. Glaziarra atzean utzi eta eremu desatsegin batetik Laguna 69n zuten kanpalekura iritsi ziren.
Oro har, jarduera horretan alpinistok eguraldi aldakorra izan zuten; bederen, mendiaren kondizioak atseginagoak izan ziren. Lerro berriaren ezaugarriei dagokienez, aurreratu dugu izotz tentea (90°, gehienez) eta misto arriskutsua (M5) izan zirela giltzak. Alpinista arabarrak eman du azken hitza: «Nire irudiz, bide oso interesgarria osatu dugu».

Ni un centenar de personas consigue congregar la manifestación ultra del MCP

Contundente mensaje contra el fascismo a través de un colorido despliegue de multiculturalidad

Una entrevista inaudita, una maniobra reconocible

El PNV se mete en un lío interno que atravesará la precampaña del 29N

