Nor izango ote zen lehenbiziko eskalatzailea 9c mailan dauden bost proposamenen artean horietako baten lehenbiziko errepikapena egiten? Azken bolada honetan galdera hori maiz egin da eskalatzaileen zirkuluetan, eta azken egunotan erantzuna iritsi da. Jakob Schubert austriarrak ohore hori du La Ramirolen (Verdon) dagoen ‘DNA’ lerroa kateatu eta gero.
Marra horren giltza nagusian zortzi aldiz huts egin eta gero, behin betiko ekinaldian Schubertek muturreko tarte zorrotz hori gainditu eta arazo ‘handirik’ gabe bilgunera heldu zen. Hortaz, 34 urteko austriarrak historia egin du 9c mailako (kirol eskaladako zailtasun gorena da) bi bide egiten lehena delako.
Gogora dezagun duela hiru urte Flatangerren (Norvegia) ‘BIG’-en lehen igoera sinatu zuela milaka ikusleren artean. Bai, Youtuberen bitartez zuzeneko emanaldian eskalada ikusgarri hori ikusi ahal izan zen. Eta berriro ere, Schubertek iragarri bezala, beste milaka ikusle batzuek aukera izan dute ‘DNA’-ren behin betiko ekinaldi arrakastatsua zuzenean ikusteko. Ondoko bideo horrek igoera arrakastatsu hori jasotzen du.
Schubert Verdonera joan zen hilabeteko epearekin. Helburu nagusi eta bakarra ‘DNA’-ren bigarren igoera egitea zen. Zuzeneko emanaldietan aukera izan genuen jabetzeko austriarrak erronka oso zaila zuela aurretik. Protagonistak berak iritzi hori azpimarratu nahi izan zuen lehen egunetan eginiko adierazpenetan. Baina egun ezberdinetan benetako bederatzi ekinaldi egin eta gero, muturreko helburu horrekin egin zen. Saialdi bikainak egin zituen 50 metro luze den eta eroria duen ibilbide horretan. Batez ere, ‘DNA’-k dituen boulderreko bi sekzio gogorretan; hots, bidearen bi giltzetan.
Bide hori kateatu eta bilgunean bertan honako adierazpenak egin zituen: «Jaungoikoa, ezin dut sinetsi ! Hasieran berriro ere zalantzan jarri nuen bide hau kateatzeko behar adina indar mentala ote nuen. Izan ere, borroka mental bizia da, eta zaila da ere burua hotz eustea ez beldurtzeko. Niretzat, alde handiz, inoiz saiatu naizen biderik gogorrena da. Lehen astetik pentsatu nuen ezingo nuela egin. Eta orain egin dut. Oso pozik nago».
Historikoa
Zalantzarik gabe, eskalatzaile austriarra egiten ari den ibilbidea txapela kentzeko modukoa da. 9c mailako bi bide (bat proposamena eta bigarrena lehen errepikapena) eskalatzeaz gain, boulderrean baieztatuta dagoen maila gorena, 9a, oso sendotuta du. Bai, zailtasun horretako hiru bloke ditu.
‘DNA’ bidearen inguruan aipatu behar dugu Seb Bouin frantziarrak lehen igoera egin zuela. Duela lau urte izan zen, eta Bouinek 150 egun ezberdinetan makina bat saialdi behar izan zituen munduko 9c mailako bigarren proposamena sinatu ahal izateko.
Aurreratu dugun bezala, bide horrek 50 metro ditu, belauneko helduleku kopuru ikaragarriarekin. Pentsa liteke, 9c mailako bide baterako, horrek atsedenaldi potentzial asko adierazten dituela, baina Schubertek zuzeneko emanaldian azaltzen du helduleku horietako batzuetan mantentzea oso zaila dela eta edozein unetan amore emateko arrisku handia dagoela. Entrenatu zuen arren, bere hankak ez zeuden besoak bezain ohituta. Lerroaren amaieran hankak besoak baino nekatuago zituela ere onartu du.
Zuzeneko emanaldi horiek telebista ekoizpen batekin antza handia izan dute. Kamerariak, droneak, ikuspuntu ezberdinetatik hartutako irudiak, elkarrizketak… Benetako eta maila handiko emanaldiak izan dira. Lasaia asko esan daiteke emanaldi horiek aukera eman dutela ‘DNA’-k dituen mugimendu eta sekuentzia guztiak buruz ikasteko.
8c mailako hasiera, belauneko atseden bat, 8a mailako boulderreko lehen giltza, atseden pixka bat, 8a+ mailako boulderreko bigarren giltza, 8c+ mailako azken tartea… Hori guztia eta gehiago du DNA”-k, eta hala ikusi ahal izan da Schubertek eskainitako emanaldietan.
Azkenik, gogora ditzagun gaur egun dauden 9c mailako bost proposamenak. Adam Ondra izan zen maila horretan sartzen lehena 2017an ‘Silence’ (Flatanger) igo eta gero. Bigarrena Bouinen ‘DNA’ izan zen. Ondoren, duela hiru urte, Schuberten ‘BIG’ (Flatanger) iritsi zen. Laugarrena: Sean Baileyren ‘Duality of man’ (AEB) aurten. Eta aurten ere, bosgarrena eta azkena: Jorge Diaz-Rulloren “Cafe Colombia” (Margalef).

Una entrevista inaudita, una maniobra reconocible

Mertxe Aizpurua (EH Bildu) ez da Kongresura itzuliko

El PNV se mete en un lío interno que atravesará la precampaña del 29N

Entre renovación, descontrol y escabechina

