
Asteburu honetan Ura Bere Bidean Bizkaia Arenaren jabe egingo da 32 talde eta artista, Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta Bilboko Koral Elkartea oholtza gainean bilduz. «Euskal musikaren belaunaldi eta estilo ezberdinak zeharkatuko dituzten abestiez osatutako ikuskizuna aurkeztuko dutela» azaldu dute astearte goizean egindako prentsaurrekoan. Aurtengoak ordea berezitasun bat dakar, lehen aldiz, hirugarren kontzertua eskainiko dute-eta.
Urtez urte, euskal abestien sorta bat estreinatzen du Ura Bere Bidean kontzertuak, Fernando Velazquezek bertsio sinfonikoak berridatzita eta Iñaki Irastorzak diseinatutako eszenaratzearen laguntzaz. Proiektua Fair Saturday Fundazioak sustatzen du.
Aditzera eman dute, kontzertu honetan garai eta jatorri ezberdinetako artistak batzen direla: «Artisten %25 bizkaitarra da, %25 gipuzkoarra, %18 arabarra, %14 nafarra eta %7 iparraldetik dator, beste lurralde eta herrialde batzuetako gonbidatuez gain».
Oholtza gainean
2026ko edizio honetan izango diren 32 talde edo artistek 70eko hamarkadatik gaur egunera bidaituko dute, eta horretarako 34 abesti entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek.
Niko Etxart, Evaristo, Gontzal Mendibil, Joselu Anaiak eta Pantxoa eta Peio bezalako erreferente historikoekin batera parte hartuko dute, ETS, Zea Mays, Eñaut Elorrieta, Shinova, Doctor Deseo, Lendakaris Muertos, Betagarri, Xabi Solano eta Alaitz eta Maider artistek.
Gaineratu dute, «talentu gazteei tokia egin nahi izan dietela», eta horretarako Olaia
Inziarte, Sara Zozaya, Merina Gris, Dupla, Tatta, Bengo, Hofe, Maruxak eta Mirua izango dira.
Bestalde, The Uskis eta Betizu Taldea ere itzuliko dira oholtzetara; «azkenaren izenean, Telmok eta Zuriñek hartuko dutela parte» argitu dute aurkezpenean.
Berrikuntza eta berezitasunak
Bi ordu eta erdiz luzatuko den kontzertuan gonbidatuak, urteurren bat eta disko zein abesti berriak izango dira. Alde batetik, edizio honetan Deabru Beltzak kale antzerki taldearen 30. urteurrena ospatuko da perkusio eta argien emanaldi berezi bat eskainiz.
Bestalde, Pasion Vega eta Judit Neddermann artista gonbidatuak izango dira, baita Emeli Sanderen parte-hartze berezia ere.
Gainera, aurkezpen batzuetarako tartea ere eskainiko dute asteburuko kontzertuek, Eñaut Elorrietak disko berriko abesti bat aurkeztuko baitu zuzenean lehen aldiz. Eta Janus Lesterrek, argitaratu berri duen ‘Popera’ abestia lehen aldiz interpretatuko du zuzenean.
Etengabe hazten
Jakitera eman dute lehen ediziotik gaur egungora aldaketa handia eman dela: «2020an Euskalduna Jauregian 400 lagunen aurrean lehen edizioa egin zenetik, Ura Bere Bidean etengabe hazi da artisten parte-hartzean, ekoizpenean eta ikusle kopuruan».
Lehen esperientzia hartan 5 parte-hartzaile izan ziren, 2026an 32. Ikusle kopuruan ere aldaketa nabaria da, 30.000 lagun izatera iritsiko baitira asteburuko kontzertuetan.
Azken urteetan ohitura bihurtu den bezala, ETBko Urtezahar gaueko saio berezia Ura Bere Bidean izango da. Gainera, urriaren 24an, larunbatean, lehen aldiz streaming bidezko zuzeneko emanaldia egingo da mundu osoko 20 bat euskal etxerentzat.
Sarrerei dagokienez, ostiraleko eta larunbateko sarrerak agortuta daude, azken orduko itzulketak salbu. Estreinaldirako ordea, 200 sarrera inguru eskuragarri daude oraingoz.

El PP elige a un joven muy activo en redes en busca de un escaño por Gipuzkoa 15 años después

El PNV alude a riesgo de «terrorismo» tras dos detenciones de la Ertzaintza rumbo a la AN

El rentismo tiene premio fiscal en Hego Euskal Herria

Enfado en Geroa Bai por quedarse fuera de la papeleta conjunta PSN-FA para el Senado
