Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Drakulak ‘Up’ filma maite duenekoa

Jaialdiaren azken txanpan sartu gara. Doris Bither-en benetako kasuan oinarrituta, emakumearen bizipen paranormalak kontatuko ditu ‘What Happened to Doris?’ filmak. ‘La muerte de Drácula’ filmak aldiz Drakularen mitoa berrinterpretatuko du, beldurra, ironia eta umore absurdoa uztartuz. 

‘La muerte de Drácula’ filmeko bi protagonistak
‘La muerte de Drácula’ filmeko bi protagonistak (Hot Potato)

Doris Bither-en benetako kasuan oinarrituta dago Nick Simon zuzendariaren ‘What Happened to Doris?’ filma. Doris lau seme-alabaren ama ezkongabea zen, eta 1974an bere etxean fenomeno paranormalak gertatzen zirela salatu zuen. Haren lekukotasunaren arabera, giza itxurako irudi argitsu eta gardenak agertzen ziren, poltergeist fenomenoak jazotzen ziren eta izaki batzuek eraso egiten zioten, bortxaketak barne. Kasuak oihartzun handia izan zuen, eta fenomeno paranormalen ikertzaileek haren etxebizitzan gertatzen zena aztertu zuten.

Zer gertatu zitzaion Dorisi?

Heather Graham aktorea sartuko da Doris Bitherren azalean. 1974ko Los Angeles hirian girotuta, filmak emakume horren bizipenak ditu abiapuntu. Etxean izaki ikusezin baten eraso bortitzak jasaten dituela dio, baina ingurukoek ez diote sinesten. Egoerari aurre egin ezinik, fenomeno paranormalak ikertzen dituzten adituengana joko du laguntza eske. Horrela, naturaz gaindiko kasu ezagun baten berreraikuntza dramatikoa proposatuko du Simonek. Beldurra bi iturritatik dator: etxebizitzan gertatzen diren fenomeno ulertezinak eta bere bizipenak sinesgarri egiteko borrokan ari den emakumearen bakardadea.

Nick Simonek fenomeno paranormalaren beraren gainetik jarri du Dorisen giza esperientzia. Zuzendariaren hitzetan, «emakumearen historia kontatu nahi zuen, baita seme-alabak babesteak harentzat zuen garrantzia erakutsi ere». Filma prestatzeko Dorisen benetako semearekin harremanetan jarri zen, familiaren oroitzapenak eta bizipenak kontuan hartzeko. Ikuspegi horrek dimentsio pertsonalagoa ematen dio beldurrezko kontakizunari.

Lehen unetik antzematen da ekoizpen independentea dela (16 egunetan filmatu zuten). Baliabide mugatuekin lan egin arren, lantaldeak arreta berezia jarri zuen efektu praktikoetan eta 1970eko hamarkadako Los Angeleseko giroa berreraikitzen. Simonek efektu fisikoen aldeko hautua nabarmendu du, beldurrezko generoarekiko duen zaletasunari lotuta: «Efektu praktikoak oso garrantzitsuak izan ziren niretzat. Beldurrezko filmak sutsuki maite ditudanez, ahal dudan guztietan efektu praktikoak erabili nahi ditut».

Filmaren asmo onak aitortzekoak diren arren, emaitza ez da bereziki nabarmena. ‘Insidious’ sagaren eragina gehiegizkoa da zenbait unetan, bai giroa eraikitzeko moduan, bai ikuslea izutzeko erabilitako baliabideetan. Istorioak ez du behar adinako nortasunik garatzen, eta déjà vu sentsazioa etengabea da. Doris Bitherren kasuak berez duen indar dramatikoak sakontasun handiagoa eta ikuspegi ausartagoa eskatzen zituen.

Abiapuntu erakargarria duen beldurrezko filma da, baina zailtasunak ditu aurrekari ezagunen itzaletik aldentzeko. Kasu errealaren alderdi gizatiarra lantzeko ahalegina interesgarria da, baina filmak ez du lortzen istorioari nortasun bereizgarria ematea.

Drakulak ‘Up’ filma maite du

«Ez al zaizu apur bat egozentrikoa iruditzen ‘Nosferatu’ aukeratu izana zure azken film gisa?», galdetzen dio Minak Drakulari. «Tira, ordu honetan, horixe da dagoena», erantzuten dio hark. «Eta zuk, hil aurretik ikusiko zenukeen azken filma zein izango litzateke?». Minak argi dauka: «10 razones para odiarte, Heath Ledger oso guapo agertzen delako». Drakulak, orduan: «Tira, kasu horretan, nik ‘Up’ aukeratuko nuke».

‘La muerte de Drácula’ filmeko bi protagonisten arteko elkarrizketa horrek, umorez eta ustekabeko erreferentzia zinematografikoz josita, filmaren tonua eta asmoa agerian uzten ditu. Beldurrezko zinemaren mito klasikoak eguneroko elkarrizketekin eta kultura garaikideko erreferentziekin nahasten dira, Drakularen irudi tradizionala deseraikitzeko.

Fernando Martínez Fernández eta Juan González Gutiérrez zinemagileek osatzen duten Burnin’ Percebes bikoteak banpiroen mitorik ezagunenetako bat berrikusten du filmean. «Mito zaharkituak desagerrarazteaz hitz egin nahi genuen, mito berriei bide emateko», azaldu dute zuzendariek.

Drakularen heriotza fabula moral gisa kontatzea eta banpiroa Mina pertsonaiarekin elkartzea izan ziren filmaren abiapuntuetako bi. Zuzendarien hitzetan, «zaharkitutzat jotzen dugun guztiaren irudikapen bat hiltzea, Drakula berri bat sortzea eta aldatzeko aukerarik dagoen ikustea» zen asmoa.

Javier Botet eta Laura Weissmahr aktoreak dira protagonista, mito klasikotik urruntzen diren bi pertsonaia gorpuzteko: Drakula, Bartzelonako kaleetan noraezean dabilen banpiro arrunt eta anodinoa, Andy Warholen estetika gogorarazten duen itxurarekin; eta Mina, gaixorik dagoen emakumea, dirua lortzeko odola saltzen duena.

Istorioan, Drakula, aristokrata maltzur, limurtzaile eta boteretsuaren irudi tradizionaletik urrun, nekaturik ageri da, hilezkortasunaren zama daraman izaki gisa, bere existentziari zentzurik aurkitzen ez diona. Mina ezagutzean, gau luze bat igaroko dute elkarrekin, elkarrizketen, aitortzen eta bizitzari buruzko gogoeten artean. 

Horrela, Burnin’ Percebesek beldurrezko kontakizunaren mugak gainditu eta bakardadeari, denboraren higadurari eta existentziari zentzua aurkitzeko zailtasunari buruzko gogoeta proposatzen dute. 

Filmaren nortasuna estetikaren bidez ere eraikitzen da. Zuri-beltzean eta 4:3 formatuan filmatua, banpiroen zinema klasikoko elementuak berreskuratzen ditu, baina gaur egungo begirada batekin. Zuzendariek azaldu dutenez, «Bela Lugosi protagonista duten filmen erreferentziak, Jim Jarmuschen banpiroen unibertsoa eta Francis Ford Coppolaren ‘Dracula’ filmaren soinu-efektuak uztartu ditugu».

Erreferentzia horien bidez, Drakularen irudi tradizionala deseraiki eta beste ikuspegi bat eskaintzen dute.