
Motoa hartzen duen bakoitzean, Kanwar Singhek hautsez guztiz zikinduta bukatzen du. «Inpresioa daukat egunean 50 gramo hauts irensten ditudala», dio India iparraldeko Loni hiriko saltzaile honek. Ezinezkoa da bertan kutsadurari ihes egitea.
«Eztarrian eta biriketan sartzen zait», dio 55 urteko zigarro saltzaileak. «Gauetan ur beroa edan behar dut eta gargarak egin arnastu ahal izateko», azaldu du.
New Delhitik 30 bat kilometrora dago Loni eta 2025ean planetako hiririk kutsatuena izendatu zuten, airearen kalitatea aztertzen duen IQAir enpresa suitzarraren zerrendaren arabera.
Hiriko 700.000 biztanleek PM 2,5 metro kubikoko 112,5 mikrogramoko batez besteko kontzentrazioa arnastu zuten. Minbizia eragiten duten partikulak dira, horren txikiak non zuzenean sartzen baitira odolera. Osasunaren Mundu Erakundeak urtean gomendatzen duen mugaren 22 aldiz gehiago da Lonineko biztanleek arnasten dutena.
New Delhi, periferian dauden Noida eta Ghaziabad bezala, zerrenda bereko lehen 20 hirien artean daude, Indiako beste lau hirirekin batera.
Kontaminazioaren puntu gorenetan, hots, azarotik urtarrilera, aire hotzak partikula kontaminatzaileak lurretik gertu mantentzen ditu eta PM2,5 kontzentrazioak aipatutako muga 50 aldiz biderkatu dezake.
Hala ere, Loniko bizilagun gehienek bezala, Singhek ez darama musukorik eta aurpegia bufanda batekin edo zapi batekin estali besterik ez du egiten. «Txiroak» direla dio, egunean bost bat dolar besterik ez dituelako irabazten: «Dirua bagenu, beste nonbait erosiko genuke pisua».
Herritar gutxik dute aukera etxea ondo isolatuta izateko eta airea garbitzeko gailuak izateko.
«Ezertarako gogorik gabe»
Lonik hondakin elektronikoak tratatzeko instalazioak, ehun tindaketarako tailerrak, plastikoa birziklatzeko instalazioak eta kutsadura areagotzen duten metalurgia lantegiak ditu.
Abuztuan, airearen kalitatea aztertzeaz arduratzen diren agintariek atzeman zuten ingurugiroaren alorrean «arau hauste ugari» ematen ari zirela, tartean, egur- eta ikatz-labeen erabilera hainbat lantegitan.
Emisio toxiko hauei gaineratu behar zaie eraikuntzatik eta trafikotik datorren hautsa, izan ere, errepideak zuloz beteta daude.
«Eztarrian arazoak dauzkat eta erremina begietan. Jendea sarritan eta oso azkar gaixotzen da», dio 51 urteko Savita Devik.
Goizean, eguzkiak laino toxikoa barreiatu aurretik ere, dagoeneko «ezertarako gogorik gabe» dago Devi. Etxekoandre honek aitortu du egoerak osasun mentalean ere eragiten diola.
Beste bizilagun askok moduan, nabaritu du bere bilobak gehiagotan gaixotzen direla kontaminazioak gora egiten duenean. Izan ere, kutsadura maila horrek minbizia eta gaixotasun kardiobaskularra izateko aukerak areagotzen ditu.
Finlandian egoitza duen Centre for Research on Energy and Clean Air zentroaren arabera, airearen kalitate txarrak 17.000 hildakotik gora eragin zituen 2023an hirian, hots, heriotzen % 15 eragin zituen.
Guztira, Indian kutsadura atmosferikoak 3,8 milioi hildako eragin zituen 2009tik 2019ra bitartean, 2024an The Lancet aldizkariak argitaratu zuen ikerketa batek azaleratu zuenez.
Baina, orain arte agintariek hartutako neurriek ez dirudi ezertarako balio dutenik. Besteak beste, kamioiak ibiltzen diren errepideak urez bustitzen dituzte, hautsa lurrean geratu dadin.
«Behin eta berriro itzultzen da», deitoratu du Imanul Khanek. 27 urteko merkatariak dioenez, «arropa eta izaran birritan edo hirutan garbitu behar izaten ditugu, azkenean, dena izorratzen da».
Kunwar Singhek arnasketa arazoak dauzka eta kutsadura puntu altuenetan dagoen egunetan etxean geratzen da. «Musukoa daramat, aurpegia estaltzen dut eta medikazioa hartzen dut», dio «bizirauteko, besterik ez».

La emergencia de la vivienda cierra fábricas, escuelas y tiendas y colapsa las cuatro capitales

Núcleo Nacional, el grupo nazi que planeaba «un alzamiento» y deja rastro en Tolosa y Berriozar

Cuando el fascismo se divierte con la democracia

Guía para este 11N por la vivienda: huelga, marchas mañana y tarde... ¿y desahucios?
