Kanpainaren lehen asteari itxiera emateko, Bloque Nacionalista Galegok (BNG) ekitaldi publiko bat antolatu zuen atzo arratsaldean, Palas de Rei herrian. Herritarrak pixkanaka hasi ziren gerturatzen, eta aulkiak adin guztietako kideekin bete ziren; jendeak zutik ere entzun behar izan zuen. ‘Altri non. Un pobo que loita, un país que gaña’ (Altri ez. Borrokatzen duen herri bat, irabazten duen herrialde bat) lelopean deituriko mitinak helburutzat zuen azken urteetan Altri proiektuaren aurkako borroka goraipatzea.
Makrozelulosa instalazio bat egiteko plangintza izan da Altrirena. Azken urteetan, ordea, herritarrak, eragileak eta ekologistak etengabe mugitu dira proiektuaren aurka, eragin handia izango baitzuen, batik bat, alderdi ekologikoari dagokionez: milioi bat tona eukalipto baino gehiago kontsumituko lituzke, egunean Lugoko probintziak kontsumitzen duen ur kopuru bera erabiliko luke, Ulla ibaiaren ondoan kokatuko lukete eta, beraz, hiru gradu igoko litzateke ibaiaren tenperatura, eta 30 milioi litro hondakin ur isuriko lituzke herri askok edateko erabiltzen duten ibaira.
Egindakoa presente
Egindako lana oroitzeko, beraz, kultur etxearen barnean, dena prest zegoen, baita ekitaldiko hizlariak ere: Inma Castro eta Olalla Rodil, kongresurako Lugoko hautagaiak, Nestor Rego, kongresurako Coruñako hautagaia eta Ana Ponton, BNGren bozeramaile nazionala.
Oholtza hartu bezain laster, txalo zaparradak jaso zituen bandera galiziarrak, eta ‘Altri non’ ziotenak astindu zituzten. Irmoki hasi zen Castro proiektuaren hasierak oroituz, eta gogora ekarri zuen badela frankismo garaitik Pontevedran halako fabrika bat: «Beste bat eraiki nahi izan zuten, eta zuek, herriak, gelditu egin duzue».
Rodilek hartu zuen jarraian hitza, eta argi adierazi zuen Altriren hasierako pausoetan, PPk proiektu borobil gisa azaldu zuela. Horrekin bat egin zuen Pontonek: «Hasieran, ekofabrika bat zela esan ziguten, lan eskaintzak ekarriko zituena. Ondoren, Galiziako hauteskundeak igaro eta gero, deskubritu genuen gezurra, makrozelulosa instalazio bat zen».
Ideia horri jarraituz, Pontonek azpimarratu zuen nahiz eta PPren hitzetan Ulloa eskualde pobrea izan, Altrik aberastuko zukeena, ez dela hala: «Izugarrizko aberastasuna dugu hemen, lehen sektoreko aberastasuna. Herriak badaki, eta horregatik defendatu du».
Hala ere, hizlariek gogora ekarri zuten oraindik badela proiektua abiarazteko aukera bat, eta hori gertatuko dela azaroaren 29an PPk zein Voxek irabaziko balute.
Herriaren indarra
Regok ‘Altri non’ bezalako borrokak mahai gainean jarrita, herritarren lana eta borroka bera goraipatu zituen: «Behin eta berriro erakutsiko dugu historia luzea dugula borrokaren bidean, eta egin ditugun mobilizazio guztiekin erakutsi dugu gure herriak duen borrokarako grina».
Politikoki Altriren proiektua aurrera eramateko aukerak izan direla aitortu zuten, baina herriren indarrak proiektua eten zuela. «Egindakoagatik harro sentitzen gara, zuek erakutsi duzuen indarragatik. Proiektu horrekin, eta baita azken asteetan bizitza duinen alde egin duzuen guztiagatik», goraipatu zuen Nestor Regok.
Lau hizlariek lanean eta borrokan jarraitzera animatu zituzten entzuleak, baita BNGren aldeko bozka ematera ere: «Azaroaren 29an, BNGren aldeko bozka behar dugu, gure herriarengatik, Galiziarengatik». Gaineratu zuten bozka horiek eman diezaioketela kongresurako diputatu bat gehiago BNGri, eta bat gutxiago PP edota Voxi.
«A29an gure herria defendatzeko garaia da!», irmo esanez amaitu zuen Pontonek. Txalo artean egin zuten bat galiziarrek.

ELE, nombre del nuevo partido que niega derechos a migrantes y rechaza la «moda woke»

El difícil arte de Ayuso de aparentar querer que gane Feijóo
«Dolua behar den unean ez baduzu egiten, aurrerago egin beharko duzu»

Feijóo huele la sangre y se abalanza sobre un Sánchez calculador

