
‘ETS, Itzal Argitan’ dokumentalak mundu mailako estreinaldia izango du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 68. edizioan (ZINEBI), ‘Bertoko Begiradak - Miradas desde Euskadi’ sailean. Ikus-entzuneko lan intimo honek euskal musika taldearen arrakastaren argiak eta itzalak erakusten ditu, eta 2027ko hasieran helduko da pantaila handira.
Filmaren zuzendaria eta gidoilaria Fermin Aio da, muntaian ere parte hartu duena, Oskar Epelde, Mikel Etxebarria eta Hannot Mintegiarekin batera. Mintegiak dokumentalaren musika ere sinatzen du, ETSrekin batera, eta Daniel Asua eta Iñigo Etxebarrieta arduratu dira soinu zuzenketaz. Bestalde, David Blythek eta Ander Urrosolok jardun dute argazki-zuzendaritzan, Eider Plaza ekoizpen exekutiboan, eta Oier Plaza ekoizpen-zuzendaritzan.
Bi urtetan zehar filmatua, dokumentalak taldearen eta taldekideen intimitatera gerturatzeko aukera eskaintzen du. Lantaldea taldearekin batera bizi izan zuen ‘Konkista’ azken diskoaren sorkuntza-prozesua. Filma Bilbon aurkeztu dute, hiriko Udaletxean, azseazken honetan.
Erretratu intimoa
Fermin Aio musikariekin aritu da dagoeneko. 2022an ‘Kepa Junkera. Berpiztu’ dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen, musikariak iktus bat sufritu ondoren izandako errehabilitazio prozesuari buruzkoa. Bi urte geroago, ‘Zetak, hau ez da kontzertu bat’ ere sortu zuen, talde horri eta Pello Reparazi buruzko dokumentala alegia, Nafarroako Unanu herrian antolatutako kontzertu sekretu bat kontatzen duena.
Oraingoan ETSren fenomeno musikalaren erretratu intimoa eskaintzen du Aiok. Iñigo Etxezarretaren, taldeko abeslariaren, buruan sartzen saiatzen da, bizitako arrakastaren argiak eta itzalak argitara emanez. Autoesplotazioaz, berak «ere ezagutzen» duen lan egiteko moduaz, hitz egiten du 79 minutuko ikus-entzuneko lan honetan: «Gauza bat da egiten duzun horretan ahalegina eta pasioa jartzea, eta beste bat, berriz, hori egiten ari zaren bitartean zeure burua suntsitzea».
Aiok ere zailtasunak izan zituen filmaren ekoizpenean, horren amaierarako ez baizituen «erantzunik» aurkitzen. Bat-batean, ETSren jarraitzaile gazte bat ezagutu zuela kontatu du: «Biok erabaki genuen hark Iñigori gutun bat idaztea. Gutun horretan kontatzen dio ETSren abestiek inon aurkitzen ez duen bakea ematen diotela. Eta hori izan zen dokumentalaren une giltzarria: hark eman zidan erantzuna».
«Bi urte hauetan, Iñigok eta ETSk erakutsi didate artearen bidez transmititzen duzuna bezain garrantzitsua dela zure buruari barrutik hitz egiteko duzun modua», adierazi du zuzendariak.
Garaje batetik mundura
ETS (En Tol Sarmiento) hiru lagunek sortu zuten 2005. urtean, Arabako herri txiki batean, eta euren 20 urteko ibilbidean herri-kantu bihurtu diren hainbat abesti egin dituzte, ‘Musikaren Doinua’ eta ‘Ametsetan’, adibidez, Euskal Herriko herrien jai gehienetan entzugai direnak.
Garaje baten hasi zen ibilbidea, estudioko zazpi disko eta 160 milioi erreprodukzio baino gehiagotan amaitu izan da. ETS euskal musikaren enbaxadore izan da ere, Euskal Herritik kanpo emandako hainbat kontzertuetan.
20. urteurrena ospatzeko, jendetza bildu zuten hiru kontzertu eskaini zituzten Barakaldoko BECen. Ondoren, Bartzelonako Palau Sant Jordira eta Madrilgo Movistar Arenara iritsi ziren. Eta 2027ko martxoan, ‘Etxean’ ikuskizun berria aurkeztuko dute Gasteizko Buesa Arenan.

ETA, deja algún piso franco

ELE, nombre del nuevo partido que niega derechos a migrantes y rechaza la «moda woke»

Maitasun adierazpena

El CIS contra todos, lo que dicen y lo que no las últimas encuestas


