Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Cliff Boothen itzulera (mugatua)

THE FURTHER MIS-ADVENTURES OF CLIFF BOOTH
AEB, 2026. 140’. Zuzend.: David Fincher. Gidoia: Quentin Tarantino. Akt.: Brad Pitt, Elizabeth Debicki, Scott Caan, Carla Gugino. Musika: Trent Reznor, Atticus Ross  Argaz.: Erik Messerschmidt.

Brad Pitt aktorea Cliff Boothen azalean sartuko da berriro.
Brad Pitt aktorea Cliff Boothen azalean sartuko da berriro. (Netflix)

Orain dela zazpi urte, 2019an, Quentin Tarantinok 1960ko hamarkadaren amaierako Hollywoodera eraman zituen ikusleak ‘Once Upon a Time... in Hollywood’ filmarekin. Rick Dalton aktorearen istorioa kontatzen du lanak. Daltonen ibilbidea gainbeheran hasia da, eta Cliff Booth du alboan, bere akziozko eszenetako ordezko eta konfiantzazko lagun mina. Brad Pittek antzeztua, Cliff filmeko pertsonaiarik maitatuenetako bat bihurtu zen.

Orain, istorioak jarraipena izango du ‘The Further Mis-Adventures of Cliff Booth’ filmarekin. Oraingoan, Cliff Booth izango da protagonista nagusia, eta film berriak Tarantinok aurreko lanean sortutako unibertsoa zabalduko du.

Proiektuaren alderdi deigarrienetako bat kameren atzean dago. Quentin Tarantinok gidoilari gisa parte hartu du berriro, baina zuzendaritza David Fincherren esku utzi du oraingoan. 

Zortzi urte igaro dira aurreko filmeko gertakarietatik, eta Hollywood hura atzean geratu da. Los Angeles ere bestelako hiria da orain. Cliffek ez du jada zinema-ekoizpenetan akziozko eszenetako ordezko gisa lan egiten; besteak beste, zerbitzari eta proiekzionista aritzen da. Hala ere, badu berezko trebetasun bat: besteen arazoak konpontzea, horretarako legez kanpoko bideetara jo behar badu ere.

Brad Pitt, Cliff Boothen azalean sartuko da berriro, Elizabeth Debicki, Scott Caan, Carla Gugino, Yahya Abdul-Mateen II eta Peter Weller aktoreekin batera, besteak beste.

Aretoetako estreinaldi mugatua

Netflixek ekoitzitako filmak areto komertzialetan estreinaldi mugatua izango du, plataformara iritsi aurretik. Hala ere, zinema-aretoetako banaketa laburra izango da: abenduaren 23an iritsiko da Netflixera.

Baina albiste txarrak ez dira hor amaitzen. Izan ere, oraingoz iragarritako estreinaldien artean, eta azken orduko aldaketarik ez badago behintzat, ez dago Euskal Herriko aretorik zerrendan. Horrenbestez, euskal ikusleek ez dute filma pantaila handian ikusteko aukerarik izango.