Naiz.info
Bilbo

Arratsaldean emango diote azken agurra Iñaki Lejarretari

Iñaki Lejarreta txirrindulariaren hil kapera gaur irekiko da Berrizko beilategian eta 19.00etan egingo da hileta elizkizuna.

Lejarreta, Lazkaoko Sarian, pasa den apirilean. (Conny Beyreuther/ARGAZKI PRESS)
Lejarreta, Lazkaoko Sarian, pasa den apirilean. (Conny Beyreuther/ARGAZKI PRESS)

Iñaki Lejarreta txirrindulariari azken agurra emango diote gaur Berrizen. Hil kapera gaur irekiko da herriko beilategian eta azken agurra 19.00etan emango zaio San Juan Ebangelaria elizan.

Lejarreta atzo zendu zen bizikletan zihoala auto batek harrapatu zuenean. 29 urteko kirolaria Renault Clio markako auto batek atzetik jo zuen N-634 errepidean, Iurretan, bazterbide zabaleko eremu batean.

Lejarreta lurrean botata geratu zen eta bi anbulantzia gerturatu ziren ezbeharraren tokira txirrindularia artatzera, baina ezin izan zuten bere alde ezer egin.

Txirrindulari bizkaitarra (Ismael Lejarretaren semea eta Marino Lejarretaren iloba) Naiara Telletxea kirolariarekin ezkonduta zegoen eta lehenengo haurra espero zuten hurrengo urte hasierarako.

Lejarreta mountain bike-ko euskal txirrindulari onenetakoa zen. Beijingo Olinpiar Jokoetan diploma olinpikoa lortu zuen.