Preso ohien arazoei aurre egiteko sortu da Harrera elkartea
Harrera elkarte berria abian da aro berri honetan etxera itzultzen diren preso eta errefuxiatuei egunerokoari aurre egiten laguntzeko. Andoni Iturriotz presidenteak eta Juan Karlos Ioldi presidenteordeak GARA egunkarian azaldu dituzte ekimenaren nondik norakoak.
ETAren jardun armatuaren bukaeraren ondoren Euskal Herrian sor zitekeen arazoari erreparatu zion David Miliband Londreseko ministro laborista ohiak adierazpen mamitsu batzuetan: «Europak ez ditu ETAren aldeko izandako ehunka lagun, etorkizunik gabe eta haserre, kale gorrian behar».
Arrisku horri aurre egin zioten Irlandan, Ostiral Santuko akordioetan konpondu baitzen. Euskal Herrian ez da momentuz horretarako biderik ireki, baina aldi berean, begi bistakoa da konponbide prozesurako aurrerapausoak daudela, eta honek, laster ala berandu, preso eta iheslariak etxeko bidean jartzen dituela. Azken hilabeteetan itzuli direnak lekuko.
Arazo ikusezina baina larria da errepresaliatu ohi horietako askoren egoera. Ez da gauza berria, baina lehentasuna hartzen du ezinbestean denbora berri honetan. Eta zezen horri adarretatik heltzeko sortu da Harrera Taldea, Andoni Iturriotz presidenteak eta Juan Karlos Ioldi presidenteordeak GARA egunkarian azaldu dutenez.
«Elkarte asistentziala» gisa eratu zuten apirilean, eta ekainetik guztiz legala da, bere idazkari, diruzain eta abarrekin.