Gasteizera iritsiko da Itzulia bigarren etapan, asteko egunik xamurrenean
Bigarren etapa bost minutuko atzerapenarekin aterako da, atzo izan zen erorikoagatik protestatu eta txirrindularien segurtasuna aldarrikatzeko. Bilbotik Gasteizera 175 kilometro osatuko dituzte txirrindulariek, eta sei mendate izanagatik, aste osoko etaparik xamurrenaren aurrean daude.
Gasteiz Orica-GreenEdge taldearen hiria da, azken hiru urteetan hiru garaipen eskuratu ostean. 2012 eta 2013an Daryl Impey hegoafrikarra gailendu zen, eta iaz Michael Matthews australiarra. Atzoko garaipenaren ostean, Matthews bera da berriz ere faborito nagusi arabar hiriburuko kaleetan.
Eguerdiko 12:45ean abiatuko da lasterketa Guggenheim museoaren paretik, lau ordu eta erdiren bueltan Gasteizen amaiera emateko.
Euskal Herriko Itzulian etapa errezik dagoela esan baldin badaiteke, hau gaurkoa da, bidean sei mendate igaro beharko dituzten arren 175 kilometrotan banatuta. 49. kilometroan Urduñako gaina gainditu beharko dute, eguneko gogorrena, lehen mailakoa. Gainontzeko bostak hirugarren mailakoak dira, Gesaltza Añana, San Martin Zar, Zaldiaran, Gasteizko gaina eta berriz ere Zaldiaran, azken hau helmugatik bederatzi kilometrotara soilik.
Erasorako tarterik baldin bada ere, talde handi batek sprintean jokatu ohi du garaipena Gasteizko etapan, eta Oricako txirrindularien nagusitasuna ikusita, guarkoan ere erantzukizuna haien esku gera daiteke, are eta gehiago txirrindulari azkarrek izango duten azken aukera dela kontuan hartuta.
Michael Matthewsekin batera, Gianni Meersman belgikarra eta Ben Swift ingelesa dira hautagai nagusiak. Kontuan hartzeko beste izen ugari ere badiren arren, hala nola Julien Simon eta Kevin Reza frantziarrak edo Tosh Van der Sande belgikarra, besteak beste.
Atzoko erorikoak kaltetu ugari
Azken kilometroan jazotako erorikoak kaltetu ugari utzi ditu, hainbatek etxerako bidea hartu behar izan dutelarik. Caja Rural-RGA taldeko Sergio Pardilla, buruan hartutako kolpe handiaz gain, ezker eskumuturra hautsi zuen. Sorbalda eta saihetsetan hausturaren bat ere badu. Era berean, BMCko Peter Stetina estatubatuarrak lau saihets, Nicolas Edeten moduan. Adam Yates gazteak eskuko hatz bat hautsi zuen, toki berean.
Mikel Landa gasteiztarra ere lurrera joan zen, baina helmuga gurutzatu ahal izan zuen eta gaur irteeran izango da.
Eroriko gaizki adierazitako pibote batzuek sortu zuten. Segurtasun eza dela-eta, txirrindulariak bost minutuko atzerapenarekin aterako dira gaur, protesta gisa.