INFO

Arratera iritsiko da gaur Itzulia

Itzuliak gaurkoan bere ohiko etapa egingo du Arratera bidean. Atzoko pareten aldean, gaur igoera etzanagoak baino luzeagoak dira eta sailkapen nagusian aurrean jarraitu nahi dutenek adi egon beharko dute azken igoeran.

Sergio Henao da liderra atzoko etaparen ostean. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Arrate ez da alde handiak egiteko mendatea, baina sailkapen nagusia zeinen estutua dagoen ikusita, erasorako parada bikaina eskaini dezake. Atzo nabarmendu ziren ‘Purito’ Rodriguez, Sergio Henao eta Nairo Quintanak aurrean beharko lukete, baina haiekin batera hautagai ugari ditu santutegiko etapak.

Zumarragatik abiatuko dira txirrindulariak 13:05ean eta 162 kilometroren ostean, 17:15ean Arrateko helmugatik gertu ibiliko da tropela. Bidean hirugarren mailako bi mendate (Gontzagaigana eta Urregarai), bigarren mailako hiru (Asentzio, Karabieta eta Pinares) eta lehen mailako Ixuako igoera bikoitzean bi aldiz egingo dute gora, bigarrenean Arrateko santutegirako jaitsiera hartuz.

Bi kilometro besterik ez dira aldapa behera, eta kokapenak emango du garaipena. Ongi dakite hau lasterketan dauden hainbat txirrindularik. Atzo, askorentzat ezustekoan, bikain ibili zen Samuel Sanchezek hirutan irabazi du bertan (2010, 2011 eta 2012) eta atzoko mailan baldin badabil, gaur ez da urruti ibiliko. 2013an txanda hartu ziona ere borrokan ibiliko da, eta gainera liderraren maillota jantzita. Orduan Henao bakarrik iritsi zen helmugara. «Lautan igo dut. Ez du Itzulia erabakitzen, baina txirrindulari asko jokoz kanpo uzten ditu», adierazi du liderrak. Iaz Wouter Poels izan zen indartsuena, azken metroetan mugitu ostean, baina lehen 15 sailkatuen artean 10 segundo baino ez ziren egon.

Henao bera ezin alaiago agertu da lidertza soinean duela: «Purito eta Quintana oso indartsu daude, baina nik ere erakutsi dut haiekin egon naitekeela», are eta gehiago iaz belauna txikitu eta zortzi hilabetean lehiatu gabe egon eta gero. Nairo Quintana berak ere ezagutzen du azken igoera, 2013an bigarren sailkatu zen eta. Atzoko etaparen ostean, lanean jarraitzeko gogoz agertu zen eta, batez ere, Kwiatkowskirekiko duten aldea handitzeko. «Denbora sartu diogu, ongi dago, baina gutxi da», adierazi zuen atzoko etaparen amaieran.

Talansky euskal zalegoari eskertuta

Bestalde, Andrew Talansky estatubatuarrak ere hitzegin du, atzokoan erori, kolpe handia hartu, baina etapa amaitzeko kemena erakutsiz. «Norbaitek bizikleta gainean manten bazaitzake, hori euskal zalegoa da, benetan maite dute kirol hau», adierazi du Pit Bull ezizenz ezagututako txirrindulariak.