Orain lau urte moduan, Joaquim Rodriguezek (Katusha) Zumarragako etapa eskuratu du. Gaurkoan begirada guztiak Antioko gainean jarrita zeuden, eta ‘paretak’ ez du ikuskizuna ukatu. Bertan, jendetzak osatzen zuen pasabidean, hartu du aldea kataluniarrak, Nairo Quintana (Movistar) eta Sergio Luis Henaorekin (Sky) batera. Aldapan lortutako segundu apurrekin aurkeztu da hirukotea azken etorbidean eta esprintean azkarrena izan da ‘Purito’.
Katushak eta, batez ere, Movistarrek egin dute apusturik handiena gaurkoan eta euren liderrek ez dute hutsik egin. Sailkapen nagusian, ordea, Henao da lider berria, baina tarteak oraindik oso txikiak dira eta aurretik geratzen diren hiru egunetan edozeinek izango du borrokan sartzeko aukera, 20 txirrindulari baitaude 20 segundoren bueltan.
Etapak markatutako gidoia jarraitu du. Caja Rural taldeko Amets Txurruka eta Omar Fraile dabiltza mendiko sailkapenaren bila, eta gaurkoan santurtziarrak hartu du ihesaldia, lehenbiziko etapan bezala. Gaurkoan, gainera, berarekin batera taldekide bat izan du, 20 urte besterik ez dituen Hugh Carthy ingelesa. Haiekin abiatu dira Lieuwe Westra (Astana) holandarra eta Sander Armee (Lotto-Soudal) belgikarra. Puntu ugari zegoen jokoan, eta eguneko lehen mendateak Frailek eman ditu aurrean, sailkapenean kolpe handi bat emanez.
Atzean, aurreko egunen moduan, Movistarrek hartu du erantzunkizuna. Denek jotzen zuten Nairo Quintana hautagai nagusi eta taldeak ez dio muzin egin paper horri.
Azken 80 kilometroek gora eta behera egin dute, eta honen aurretik tropelak bide lasaia zeraman. Hala ere, Bakaikuko irteeran erorikoa izan da talde handiaren erdian. Bertan, kaltetuenak Jussi Veikannen (FDJ) finlandiarra eta Calvin Watsion (Trek) australiarra izan dira, zeintzuek etxerako bidea hartu behar izan duten. Aurrerago erori da Talansky ere, zein gogoz zetorren Itzulia lehiatzera, baina kolpe handi baten ostean aukerak galdu ditu. Hala ere, ‘Pit Bull’ ezizenari omen egin eta kemenez txirrindan igo da berriz ere estatubaturra. Lehiaketaz haratago, une horretan arrisku handia izan da, trafikoa ireki baitute Talansky atzetik zebilenean, eta kotxe artean egin behar izan du aurrera Cannondale-Garminekoak. Lehen eguneko erorikoak piztu zituen kritiken ostean, honek ez dio mesederik egingo antolakuntzari.
Bien bitartean, ihesaldian, Westrak puntutxo bat gehiago zeraman, eta argi geratu da Urkillagan gora, non Frailek bakarrik jarraitu ahal izan dion gurpilari. Hala ere, jaitsieran, laurak batu dira berriz ere. Helmugatik 30 kilometrora Antioko gainak egin du sakabanaketa ordea. Bai aurrean, bai atzean. Ihesaldian Westrak aurrera egin du bakarrik eta tropelean txirrindulari asko hanka lurrean jarri beharrean izan dira eta hautagai asko helmugatik urrun geratu dira atzean, sailkapen nagusiari agur esanez.
Westrak ez zuen neke zantzurik erakusten eta pedal kolpe sendoarekin metroak kentzen zizkion etapari. Atzetik, lasterketa hautsiarekin, Katushak hartu du erantzunkizuna, Joaquim Rodriguezen mesedetan, zeinek azkenean lana ederki probestu duen.
Astanako holandarrak hanka bikainak erakutsi ditu gaurkoan, baina Antioko azken igoeran amore eman behar izan du. Bertan, Kiryienka izan da mugitzen lehena, baina benetako pareta harrapatzearekin batera Beñat Intxausti bizkaitarrak jarritako erritmoak irentsi du. Inork ez zuen erantzukizuna hartu nahi, eta Sergio Luis Henaok egin du mugimendua. Kolonbiarraren gurpilera erraz atera da Joaquim Rodriguez kataluniarra, baita Nairo Quintana ere. Atzetik Kwiatkowskirentzako gehiegizkoa zen aldapa, eta segundo batzuk utzi ditu. Bertan egin dira diferentziak, eta modu honetan iritsi dira azken kilometrora, non kataluniarrak, bere hitzetan, «txakur» jokatu duen, eta abiadura puntua baliatuz, bi besoak altxatu dituen.
Hiru indartsuenak direla frogatu dute, baina sailkapena oso irekita geratu da. Henao da lider berria baina ‘Purito’ eta Quintana denbora berean dira. Kwiatkowski eta Majka poloniarrek zazpi segundoko atzerapena dute eta Scarponi eta Samuel Sánchez beteranoek bederatzikoa. Txirrindulari asko segundo gutxiren buruan eta hiru etapa erabakigarri aurretik.
Bihar, Arrate
Hasteko, bihar Arraten izango dute helmuga. Arrate ez da diferentzia handiak egiteko mendatea, baina onenak nabarmentzekoa bai. Beraz, mugimendua ikusi beharko litzateke eta joku horretan txirrindulari ugari sar liteke.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes



