INFO

Mikel Arrieta presoaren lagun batek istripua izan du Soriatik bueltan

Mikel Arrieta Llopis presoaren lagun batek istripua izan du gaur goizean Soriatik Logroñorako bidean, preso oreretarrari bisita egin ostean. Ez du kalte fisikorik izan. Presoen senide eta gertukoek aurten izan duten lehen istripua izan da, Etxeratek berri eman duenez.

Urtarrilaren 9an presoen etxeratzea aldarrikatzeko Bilbon egin zen mobilizazioa. (Oskar MATXIN/BILBO)

Etxeratek ohar batean jakinarazi duenez, Mikel Arrieta Llopisen lagun batek istripua izan du errepidean, Soriako espetxean preso oreretarra bisitatu ondoren Logroñorako bidean zihoala, Donostiara bueltan.

N-111 errepideko 240. kilometroan gertatu da auto istripua. Etxeratek azaldu duenez, orein talde bat kotxearen bidean gurutzatu da eta talkaren ondorioz autoaren aurreko kristala hautsi egin da eta txapan kolpe ugari izan ditu. Mikel Arrietaren lagunak, zorionez, ez du kalte fisikorik izan eta taxi baten jarraitu du etxerako bidea.

Euskal presoen senide eta lagunek pairatutako urteko lehen auto istripua da Mikel Arrietaren lagunak jasan duena, Etxeratek azaldu duenez. Nolanahi ere, gaur goizean bertan Aurken Sola preso iruindarraren lagun batek ere errepidean ezustekoa izan duela gogora ekarri du, Burgoseko espetxerako bidean zihoala. Kasu honetan gurpiletako bat lehertu zaio eta susto handia hartu duen arren ez du ondorio larririk izan. Gaurko bisita galduta, espetxearekin hitz egin du eta hurrengo egun baterako gorde diote.

Etxeratek nabarmendu duenez, euskal presoak gero eta gertuen diren espetxeetara hurbiltzen ari dira baina, hala ere, «ezin dugu ahaztu bisitak egiteko errepidera ateratzen garenean arriskuak berdin mantentzen direla». 400 bat ezbehar izan dira urruntze politika indarrean denetik eta 16 senide eta lagun hil dira. «Horregatik berriro diogu, preso guztiak Euskal Herrira hurbildu behar dira lehenbailehen», amaitu du.