Etxerat elkarteak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, Aurken Sola presoaren lagun batek ezustekoa izan du gaur errepidean, preso nafarra Burgoseko kartzelara bisitatzera zihoala. Azaldu duenez, Gasteizerako norabidean, Ziordia pasata, autoaren gurpiletako bat lehertu egin zaio. Susto handia hartu du baina autoa mendean hartzea lortu du eta ez du ondorio larririk izan.
Solaren lagunak Burgoseko espetxera deitu du eta bisita beste egun batean egiteko aukera eman diote.
Aurken Sola preso politiko iruindarraren lagun batek ezustekoa jasan du errepidean, Gasteizeko norabidean Ziordia pasa, Burgoseko espetxerako bidean (215 km). Kotxeko gurpila lehertu zaio, ezuste handia jasan du, baina zorionez autoa menderatu du #inposaturikoarriskua pic.twitter.com/Nb5uuhy8ou
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) January 30, 2021
Etxeratek nabarmendu duenez, «beste behin ere zoriak ekidin du matxura honen ondorioak larriagoak ez izatea. Gaurko bisita galduta, espetxearekin hitz egin du eta hurrengo baterako gorde diote. Etxean eta bizirik nahi ditugu!».
Aurken Sola iruindarra Algecirasko kartzelan zegoen preso eta 2018. urtearen bukaeran Burgoseko espetxera gerturatu zuten.