INFO

Tadej Pogacarrek irabazi du Il Lombardia lasterketa, sasoiko azken monumentua

Esloveniarra azkarrena izan da esprintean larunbat honetan korritu den urteko azken monumentuan, etxeko txirrindulari Masnadari irabazita. Urte bikain bati amaiera eman dio Pogacarrek: Tourra eta bi monumentu irabazi ditu.

Tadej Pogacar esloveniarra, Lombardiako garaikurra eskuan duela. (Marco BERTORELLO/AFP)

Tadej Pogacar UAE Emirates taldeko txirrindulariak erakustaldia eman eta garaipena erdietsi du esprintean Il Lombardiako 115. edizioan, sasoi honetako azken monumentuan. Primoz Roglic herrikidea, Julian Alaphilippe bi aldiz munduko txapeldun fratziarra, Remco Evenepoel belgikarra, Adam Yates britainiarra edota Mikel Landa euskalduna bezalako aurkariak izan ditu garaileak Como eta Bergamo artean korritu den 239 kilometroko lasterketan.

Urteari amaiera bikaina emateko balio izan dio Il Lombardiak. Izan ere, Tourra –iazko edizioa ere irabazi zuen– eta aurtengo Lieja Bastoña Lieja lasterketa ere agertzen dira bere palmaresean. Balentria hau ez zen 1973tik ikusi, Eddie Merckx belgikarrak lortu zuenetik.

Iazko eta aurtengo Tourrean eremu guztietan ondo moldatzen den txirrindularia erakutsi du Pogacarrek, eta larunbat honetan beste modu batean gailendu da: esprintean. Fausto Masnada (Deceuninck Quick Step) italiarra baino azkarraoa izan da esloveniarra. Adam Yates (Ineos) britainiarrak podiuma itxi du, irabazlearengandik 51 segundora helmugaratuz.

Atzetik, Primoz Roglic (Jumbo) esloveniarra, laugarren, eta Alejando Valverde Movistar) murtziarra, bosgarren, iritsi dira. Euskaldunik onena Mikel Nieve (BikeExchange) izan da, 18. postuan sartuz 2:49ra. Jonathan Castroviejo 63. postuan helmugaratu da, irabazlearengandik 11:09ra. Mikel Landak (Bahrain), bestalde, ezin izan du lasterketa amaitu.

Il Lombardiak betiko ihesaldia izan du. Bertan aritu dira Thomas Champion frantziarra (Cofidis, Solutions Crédits), Jan Bakelants (Intermarché – Wanty – Gobert Matériaux), Victor Campenaerts (Team Qhubeka NextHash) eta Tim Wellens belgikarrak (Lotto Soudal), Chris Hamilton australiarra (Team DSM), Mattia Bais (Androni Giocattoli – Sidermec), Davide Orrico (Vini Zabù) eta Andrea Garosio italiarrak (Bardiani-CSF-Faizanè), Domen Novak esloveniarra (Bahrain – Victorious) eta Amanuel Ghebreigzabhier eritrearra (Trek – Segafredo).

Lasterketa hasieratik saiatu dira aurrera egiten eta sei minutuko abantaila ere lortu dute. Hala ere, tropelak ez die laguntzarik eman eta Bergamotik 50 kilometroren faltan harrapatu dituzte.

35 kilometroren faltan, Passi di Ganda igoeran, Pogacarrek lehenengo indar erakustaldia eman du. Taldetik ihes egin du eraso bortitz batekin, baina ondoren, jaitsieran, sufritu egin du Tourreko bi aldiz irabazlea izan denak.

Izan ere, erorikoa izatetik oso gertu egon da Pogacar. Ez behin, baizik eta bi alditan lurrera erortzeko oso gertu egon da. Errepideko horma oso gertu izan du esloveniarrak, eta egoera hau guztia oso ondo aprobetxatu du bertako errepideak bikain ezagutzen dituen Masnadak –Bergamon jaiotako txirrindularia da– 16 kilometroren faltan Pogacar harrapatzeko.

Tropelean, bitartean, Alejandro Valverde maila onean dagoela erakutsi du eta Julian Alaphilippe, Michael Woods edota Adam Yatesekin batera aritu da, baina 45 segundo atzetik zihoazen bost kilometroren faltan.

Beraz, garaipena Pogacar eta Masnadaren artean egongo zen, azken igoerak ez bazuen kontrakoa esaten. Bien arteko begiradak nabariak izan dira igotzen zuten bitartean. Italiarrak, gainera, etxeko zaleen animoak zituen, baina esloveniarrak, artista hutsa honelako egoeretan, bere legea inposatu du denboraldi historiko bati amaiera bikaina emateko.