INFO

Baionako Avironek Camille Lopez zuberotarra fitxatu du datozen bi denboraldietarako

Baionako Avironek Camille Lopez zuberotarra fitxatu du. Clermont taldearekin beste urtebeterako kontratu zuen baina «arrazoi familiarrak» bultzatuta hartu du etxera itzultzeko erabakia, hala onartu du klubak argitaratu duen elkarrizketan. 

Baionako Avironek Camille Lopez fitxatu du. (@AVIRONRUGBYPRO)

Baionako Avironek Camille Lopez zuberotarra fitxatu du datozen bi denboraldietarako –eta beste bat aukeran–. 32 urteko joko zabaltzailea Clermont taldetik dator eta beste urtebeterako kontratua geratzen bazitzaion ere, «etxera» itzultzeko hautua egin du «arrazoi familiarrak» bultzatuta. 

SAM Mauleko kirol elkartean (Sport Athlétique Mauléonais) hasi zen errugbian eta Baionako Aviron klubari emandako azken elkarrizketan onartzen du Baionako taldearekin fitxatzeko aukera izan zuela lehenago ere. «Baina orduan Baiona Top14an oso ondo zebilen eta horrek beldu pixka bat eman zidan», adierazi du. 

Bordeleko taldera joan zen, Bigarren Mailara, Federal 1etik egokitzapena «errazagoa» izango zelakoan eta minutu gehiago jokatuko zuelakoan. Lau denboraldi eman zituen bertan eta horren ostean bai eman zuen Top 14rako jauzia Perpinyako USAP taldearen bitartez. 

Bertan denboraldi bat eman zuen eta gero Clermontera bidean jarri zen. 2014tik jokatu du Clermonten eta uste dut jada etxera bueltatzeko unea iritsi zaiola. Baionan errugbiak duen «nortasun» indartsua bizitzeko gogotsu dago, Jean Dauger estadioan etxeko taldearekin debutatzeko prest. 

Klubak datozen urteetarako dituen proiektuak ere garrantzitsuak izan direla adierazi du (estadioaren eraberritzea, entrenamendurako gunearen eraikuntza...), «klubaren eta zuzendaritza batzordearen anbizioa erakusten baitu, jokalariak eta beraien lan egiteko baldintzak are hobeak eginez». 

Bearnon jaio arren, Sohütakoa da Camille Lopez eta onartu du eta euskalduntzat du bere burua. Hala, belaunaldi berrientzako klubak sortu nahi duen ekimenaren parte izatea ere gustatuko litzaiokela adierazi du.