INFO

Osasuna-Reala, lehen «round»-a: inork ez du KO goiztiar bat jaso nahi

Egun gutxiko tartean bitan lehiatuko dira Osasuna eta Reala, Ligan -gaur, 18.30ean, Sadarren- eta Kopan -ostegunean Anoetan-. Gorritxoak freskoago helduko dira, txuri-urdinak astean zehar Europa Leaguen sailkapena lortzetik iritsiko baitira derbira.

Oskarsson -Boyomo eta Moncayolarekin borrokan- Europa Leaguen bi gol sartzetik iritsiko da Sadarreko Liga derbira. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Futbola oso kapritxosoa da. Osasunak eta Realak Liga derbia jokatuko dute gaur (18.30ean), Iruñeko Sadarren, baina hurrengo ostegunean Kopan lehiatuko dira, kasu honetan, Anoetan, eta partida bakarrera finalerdiak jokoan egongo direla. Beraz, esan daiteke biek inoiz baino gehiago nahiko dutela garaipena, horrek esan nahiko baitu ez dutela errebantxa nahia izango hurrengo neurketari begira.

Biak astean zehar jokatzetik iritsiko dira, nahiz eta nafarrek atseden eta lehia prestatzeko denbora gehiago izan duten. Gorritxoek astelehenean jokatu zuten azken jardunaldia, Kanarietan, non garaipena eskura izan zuten Januzaj Realeko jokalari ohiak 98an berdinketa egin zuen arte.

Kolpe latza izan zen Vicente Morenok zuzentzen duen taldearentzat -9 partida daramatza irabazi gabe-, baina prestatzaile valentziarrak albiste bikainak ditu, jokalari guztiak baititu prest gaurko derbirako.

Osteguneko entrenamenduan Lucas Torro ere aritu zen, egun batzuk lan dinamikatik kanpo egon ostean min batzuengatik. Ostiralean ateak itxita aritu ziren Sadarren, planen berririk inori ez emateko eta atzo zaleen aurrean egin zuten saioa Taxoaren azken animoak jaso eta etxeko derbirako motibazioa areagotzeko.

BAKOITZAREN PLANAK?

Realak ostegunean jokatu zuen Europa Leaguen. Hainbeste konpromiso izango dituen garai honetan, Imanolek aldaketa ugari egin zituen hamaikakoan eta bere taldea ondo lehiatu zen. Pentsa, Europako hurrengo kanporaketarako sailkapena lortu zuen PAOKi 2-0 irabazita eta Orri Oskarsson aurrelari islandiarraren gol usaina berreskuratuta.

Normalean minutu gutxiago dituzten jokalariak ondo aritu eta tokia dutela berretsi zuten. Gainera, Aramburu, Zubeldia, Oyarzabal edo Kubo bezalako jokalari garrantzitsuek atsedena izan zuten edo minutu gutxiago jokatu zituzten eta hankak freskoago izan ditzakete gaurko partidarako.

Hori bai, kontuan izanda Realak eta Osasunak hurrengo ostegunean elkar ikusiko dutela berriro ere, bi prestatzaileek ondo pentsatu beharko dute zein talde erabili gaur eta hurrengo astean Kopan.

Bi taldeek nahi dute Ligan gorantz egin eta Kopan jarraitu, baina Osasunak lan karga gehiago exijitu diezaieke bere jokalariei, Realak Liga, Kopa, Liga eta Europa League, orden honetan, tartekatu beharko baititu datozen asteetan. Baina lehenengo derbia dator.



Lehenengo gaurkoak, gero Kopakoak

Elkarren kontra begi bistan bi partida badituzte ere, unean unekoari begiratu nahi dio Vicente Moreno Osasunako entrenatzaileak. Hala, atzo adierazi zuen gorritxoek gaurko lehian dutela jarrita «energia guztia», eta aurrerago zentratuko direla Kopako partidan. Baieztatu zuen jokalari guztiak zelairatzeko prest dituela, eta aspaldian lortu ez dituzten hiru puntuen bila aterako direla Sadarrera. «Partida gehiegitan berdindu dugu. Irabaztearen edo berdintzearen arteko aldea nabarmena da. Beti ditugu hobetzeko gauzak eta horretarako erabakiak hartzen ditugu», agertu zuen.

Imanol Alguacil Realeko teknikariak, aldiz, aitortu zuen «izugarri» kostako zaiela gaurko partida irabaztea; batetik, Osasunak beti ondo lehiatzen duelako etxean eta, bestetik, Europa Leagueko nekea eramango dutelako Iruñera jokalariek. Plantillari dagokionez, esan zuen Aihen Muñoz deialdian sartu dela «ondo entrenatu delako» azken egunetan, eta Alvaro Odriozola baja izango dela Hamari Traorerekin batera, entrenatzen utzi ez dion «saihetsetako kolpe» bategatik.