Muturreko mistoa besarkatzen ari da hormatzarretako eskalada tradizionala
Amaury Fouillade eta Leo Billon frantziarrek 'Les Barbares 2' (M8/+) sortu dute Pre Bar mendian (Mont Blanc mendilerroa). Michal Czech, Maciek Kimel eta Tomek Klimcza poloniarrek, berriz, 'Direttissima' marra (Rysy mendia, Tatras) era askean (M8+) igo dute.
Aurreko erreportaje batean, hainbat eragilek izotz eskaladaren etorkizunaren inguruan azterketa egin ziguten. Egindako adierazpenen artean, alternatiba bat mahai gainean jarri zuten: eskalada mistoa. Adar horrek aspalditik berezko lekua hartu du alpinismoan, eta gaur egungo espezialista sasoikoenek ekarpenaren bidean jarri dute. Muga teknikoak gaindituz, batzuk erakusten ari dira hormatzarretan, era tradizionalean, arrokazko sekzio luzeetan kranpoiekin eta pioletekin nortasun handiko jarduerak egin daitezkeela.
Negu honetan, bederen, norabide horretan talde batzuek ekarpen berriak egin dituzte, eta horiekin argi uzten ari dira murru luzeetan maila handiko eskaladen langak ez duela goia jo. Amaury Fouillade eta Leo Billon dira protagonistetako batzuk. Hil honetan, 4tik 6ra, sokada frantziarrak Mont Blanc mendigunean dagoen Pre de Bar-en (3.683 m) 'Barbares 2' bidea zabaldu zuen. Denera, hamasei luze, eta gehienez, M8/+ zailtasuna.
Gaitasun handiko bikote horrek gaztetasuna eta eskarmentua bikain uztartu ditu. Billon beteranoena da, eta urte batzuk daramatza alpinismoaren lehen lerroan. Batez ere, Alpeetan. Fouillade, berriz, urrats garrantzitsuak egiten ari da. Joan den urtarrilean orriotan aipatu genuenez, Phillippe Bruley, Baptiste Obino eta gazte hori gai izan ziren Drus mendian 'Petit Pont' (ED, 1.000 m, M5, 6a, A3) zabaltzeko.
Pre de Bar mendiaren Raphael Borgis gailurra ez da laumilako bat, baina Fouilladek eta Billonek aukeratutako helburuak historiarekin harremana du. 500 metroko hormatzar horretan (Grandes Jorassesen antza omen du), Patrick Pessi eta Stephane Benoist frantziarrek ibilbide oso zaila eta zorrotza zabaldu zuten duela 22 urte. 'Les Barbares' (ED, V, M7/A2) izena jarri zioten; izan ere, muturreko baldintzetan jardun zuten. Bost egun eta lau bibak behar izan zituzten proposamen berria biribiltzeko.
Marra horrek nolabaiteko aura berezia hartu zuen. 2012an, adibidez, David Lama austriarrak bakarka eskalatu zuen. Hiru urte geroago, Benjamin Vedrinesek eta Billonek berak lan hori errepikatu zuten. Rappelatzen ari zirela, Billonek 'Les Barbares'-en ezkerrean zirrikitu interesgarri bat ikusi zuen. Hil honen laua heldu zenean, sokada gazte-beterano hori martxan jarri zen. Egun horretan, hormaren heren bat igo eta hamaka batean lo egin zuten. Bigarren egunean, erritmo oso onean, gailurretik bizpahiru luzera zeunden. Presarik ez zutenez, han bartan bigarren bibaka antolatu zuten. Arroka ez zen kalitate oso onekoa, eta luze batean Fouilladek hainbat bloke garbitu behar izan zituen: M6/A1 mailako tartea izan zen. Soka gainetik, berriz, beteranoak era askean (M7 edo M8) igo zuen.
Bidearen bi giltzen (M8/+) inguruan, protagonistok diote lehenbizikoa erraza dela babesteko eta dagoen sabai txikia, oin txarrak baditu ere, ondo gainditzen dela. Bigarren sabaiak, aldiz, helduleku handiagoak ditu. Ondorengo metro tenteak samurragoak dira. Bigarren giltza babesteko askoz ere zailagoa da, eta oso-oso teknikoa. Billonen iritziz, inoiz eskalatu duen mistoko luze ederrenetarikoa.

'Les Barbares 2'-k duen zailtasunaren inguruan, Billonek dio M8/+ proposatzen dutela eta, erabat argi ez dutenez, marra etzan hori jarri diotela. Alpinista honek bide zailagoak igo ditu, besteak beste, hainbat kiderekin Drus mendian zabaldutako 'BASE': «Uste dut hormatzarretan mistoaren mailak ez duela goia jo. Drus-eko luze gogorrena M8+ da, eta bistan gainditu genuen. Eskarmentu handia ez duten gazte batzuek negu honetan marra hori errepikatu dute, eta haietako batek ere giltza hori era askean igo zuen. Zalantzarik gabe, muturreko mistoaren atarian baino ez gaude; ia-ia haurtzaroan».
Tatras
Alpeetatik, mendilerro horretara abiatuko gara; hain zuzen ere, Rysy mendira. Hil honetan, 8tik 10era, Michal Czech, Maciek Kimel eta Tomek Klimcza poloniarrek mendiaren ekialdeko murruan dagoen 'Direttissima' ibilbidea estilo klasikoan eta era askean igo zuten: 6b eta M8+. Bidea zabaldu zutenek A3 mailako tarteak gainditu behar izan zituzten.
Rysy mendia ere, garaieran, nahiko apala da: 2.503 metro ditu. Baina urrutiko lekuetan dago eta 450 metroko ekialdeko horma zorrotza baino zorrotzagoa da. Klimczak berak eite horiek azpimarratu nahi izan ditu: «Gailur enblematiko batean jardun dugu. Nortasun handikoa da eta hara hurbiltzea ez da batere samurra. Hots, asko eskatzen duen mendi bat da. Poloniako Klub Alpinoak dio 'Direttissima' dela Tatras mendilerroan egiten diren abenturen muina: urrun dago, zaila da eta bibakak eskatzen ditu. Nahiz eta zailtasunean iraunkorra den, bibakak egiteko leku aproposak daude. Telefonoaren seinalea ez da hara heltzen eta jaitsiera oso luzea da. Hobe da minik ez hartzea. Hitz gutxitan esanda, benetako abentura bizi izan dugu».
Eguraldi iragarpenekin oso baikor zeuden. Bost orduko ibilaldiaren ondoren, murruaren oinarrian zeuden. Lehen eskalada eguna oso lasaia izan zen, eta arratsaldeko bostetan bibaka prestatzen hasi ziren.
Bigarren egunean, berriz, Klimczak berak eskaladaren ardura hartu zuen. Mistoan duen gaitasunari esker, sekzio zail batzuk atzean uzten hasi zen. Egun horretako enigma handiena A3 maila duen plaka bat izan zen. Hori librean gainditu eta beste sei luze eskalatu ondoren, bigarren bibakera heldu ziren.

Bi gau horiek oso hotzak izan ziren, eta, gainera, gas gutxi eraman zutenez, otorduetarako oso mugatuta egon ziren. Hirugarren egunean, A2 zailtasuneko sabai bat aurrez aurre zuten. Ez zen sekzio oso atsegina; izan ere, bloke handi batek inguratzen zituen: «Oztopo horren aurrean, genuen atsekabea gailendu zen. Nor saiatuko ote zen hura gainditzen? Azkenean, nik neuk hartu nuen ardura hori. Motxilatik nire arma sekretua atera nuen: katu-oinak. Metro horiek, zailak eta tenteak izateaz gain, arroka oso txarrekoak ziren. Hamabost metro atzean utzi, eta luze horren giltzara heldu nintzen; hots, sabaiaren hasierara. Borroka handia egin eta gero, bilerara iritsi nintzen. Egundoko garrasia bota nuen; uste dut haran osoan entzun zela. Minutu batzuk geroago, nire sokakideekin bat egin nuen. Azken luzeetan Michal aurretik joan zen, eta hark, ia eragozpenik gabe, gailurrera eraman gintuen».
Amaitzeko, Klimczak onartu du Rysy mendian egin duten ekarpenak balio handia duela. Gehitu du 'Direttissima' era askean igotzeko helburuaren atzetik hainbat alpinista ibili direla: «Nik saialdiren bat edo beste egin dut, baina guztietan ez nuen xede hori biribiltzeko aukerarik izan. Bide horrekin kontuak egiteko garaia heldu zenez, Michali eta Macieki proposatu nien abentura horretan sartzea. Zorionez, azken urteotan nuen zama gainetik kendu dut. Nire sokakideek asko lagundu didate, eta haiekin eskertuta nago».