Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Izotz eskaladaren etorkizuna alternatiben bidean jarri dute

Ecrinseko Jaialdian eginiko mahai inguru batean aipatu da praktika horretan hartzen diren arriskuak egokitu behar direla. Bien bitartean, Jeff Mercier espezialista handiak esan du etorkizuna glaziarren barruan dagoela.

Izotz eskalaren eta mistoaren konbinazioa gero eta zale gehiago biltzen ari da.
Izotz eskalaren eta mistoaren konbinazioa gero eta zale gehiago biltzen ari da. (Ander ZABALZA)

Ecrinseko Jaialdian egindako mahai inguru batean aipatu dute praktika horretan hartzen diren arriskuak egokitu egin behar direla. Bien bitartean, Jeff Mercier espezialista handiak esan du etorkizuna glaziarren barnean dagoela.

Klima larriak eragindako tenperaturaren gorakadak norabide larrian jarri ditu izotz eskaladako jardunak. Modalitate horretako eskalatzaileek urteak (hamarraldiren bat edo beste) daramatzate errealitate gordin hori ikusten. Egoera hori inork ez du zalantzan jartzen. Ikertzaile guztiak ere bat etorri dira ondorio honetan: izozte periodoek egiaztatzen dute tenperaturek gora egin dutela. Alabaina, izotz jauzien aldeko apustua egiten dutenak ez dira geldirik egoten, eta haran hotzagoak aurkitzen saiatzen dira, pioleten eta kranpoien “jolas” horretan murgiltzeko.

Diogun bezala aldaketak oso nabarmenak dira, eta, horregatik, hainbat forotan klima aldaketaren aurrean diziplina horrek duen eboluzioa aztertzen ari dira. Alternatibak, hausnarketak eta irizpideak batez ere urtaro honetan egiten diren izotz eskaladako jaialdietan entzun ditugu: Ouray, Ecrins, Rjukan…

Ecrinsera (Argentiere-la Basse, Alpeak) abiatuko gara; izan ere, han bildutako espezialista batzuek gai horren inguruan iritzia eman dute; betiere, jaialdiari eragiten dion ikuspuntutik. Mahai gainean jarritako zutabeak batez ere hiru ertz izan zituen: eboluzioa, moldagarritasuna eta arriskuen gutxitzea. Gogoratu behar dugu jaialdi hori oso arrakastatsua izaten dela. Urtero ia 500 parte hartzaile izaten ditu, eta horien artean, besteak beste, eliteko eskalatzaile batzuk eta mendi gidari asko biltzen dira. Eskalatu, eskarmentuak partekatu eta, zergatik ez, izotz eskaladaren inguruan hausnarketa egin; oro har, hori da Ecrinseko Jaialdian biltzen direnen helburu nagusiak.

Batzuetan zortea izaten dute hotzarekin. Beste batzuetan, aldiz, ez, eta horregatik antolatzaileek eskalatzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko haran eta sektore seguruetara eramaten dituzte. Ekitaldien arduradun François Lombardek argi du elur hezeak eragiten dituen elur jausien arriskuekin eta izotzezko egituren egungo egoerekin adi ibili behar dela: «Egoera horien aurrean eskalatzaileei hainbat gako eman nahi dizkiegu. Segurtasunez jarduteaz gain, praktika hori moldatu behar dute. Argi dago mendiko beste kirol batzuetan bezala, izotz eskaladan ere arrisku objektiboak daudela. Elur jausiak, luiziak eta antzeko egoerak ezin dira kontrolatu; bederen, gizakiak ez. Uste dut arrisku hori murrizteko gai garela, besteak beste, gure asmoetan hainbat aldaketa eginez. Hots, arrisku handiak dituen aukeratutako ibilbidea aldatuz edo alde batera utziz».

Oro har, mahai inguru horretan bildutakoek argi dute arriskuaren aurrean prebentzioa ezinbestekoa dela eta segurtasunaren aurrean eskalatzaileak ardurak hartu behar dituela. Joan den urteko urtarrilean, Argentiere-la Basse herrian, 15 graduko tenperatura izan zuten, eta, horren ondorioz, antolatzaileek bertan behera utzi zituzten ur jauzi batzuetara egin beharreko bisitak: «Baldintza horiek ez genituen inoiz ikusi. Horregatik guztiagatik uste dugu ezusteko hauek gainditzeko izotz jauzi artifizialak (edo ia artifizialak) eraiki behar direla jaialdia eta eskaladak aurrera atera ahal izateko. Nahiz eta hotz gutxi egin edo tenperaturan aldaketa handiak izan, egitura horiek egokitu daitezke izozte egoera egoki bat bermatzeko».

Jeff Mercierren arabera, izotz eskaladaren etorkizuna glaziarren barruan dago. (Jeff MERCIER)

Egitura horien aurrean batzuk eszeptiko azaldu ziren; hizlari batzuek gogorarazi nahi izan zuten aukera erreala dela: «Kirol eskaladaren praktikarako, adibidez, rokodromoak altxatu ziren. Gure kasuan, ditugun egiturak zergatik ez aipatu? Batek besteari ez dio lekurik kentzen; jakina denez, naturan edo egitura batean eskalatzea oso ezberdina da, baina ez dira bateraezinak. Egungo ikusmoldea alde batera utzi gabe, helburua dibertsifikazioan kokatzea erabat zilegi da. Izotzaren baldintzen arabera, naturan eskalatzeko mendekotasun hori gainditu daiteke. Jakina, ez da irtenbide bakarra».

Glaziarrak

Ecrinsen eginiko hausnarketa horiek alde batera utzi eta Jeff Mercierrengana joko dugu jarraian. Mendi gidaria, PGHM erreskate taldeko kidea, izotz eskaladan espezialista handia, dry tooling-aren bultzatzaile nagusietako bat… 54 urteko beterano honek oraindik bide estetikoak igotzen jarduten du; hitz gutxitan esanda, negu osoan ez da geldirik egoten. Eskalatzaile bikaina izateaz gain, bere eskarmentuak eraman du izotz eskaladaren etorkizunaren inguruan iritzi eta alternatiba oso erakargarriak eskaintzera.

Argi du trantsizio batean gaudela, baina gehitu du oraindik izotz eskaladak ez diola lekuko osoa emango dry tooling-ari: «Nire iritziz, praktika horren etorkizuna glaziarren barruan dago. Neure burua harago jartzen dut, eta hori da etorkizuna. Glaziarrei esker, nire bi pasioak uztartu ditzaket: izotz eskalada eta dry toooling-a. Izotzak aukera anitzak eskaintzen dizkizu; oinak nahi duzun lekuan jar ditzakezu. Soilik egitura edo ibilbide egoki bat bilatu behar duzu. Horrez gain, izotza oso sendoa denez, torlojuek balizko eroriko bat segurtasunez geldituko dizute».

Mercierrek dio glaziarretan egoera oso bitxiak bizi izan dituela. Mer de Glacen, adibidez, txoko batean 70 metro jaitsi zen sakontasunera, baina muturreko hotza egiten zuenez, hormak pitzatu ziren: «Beldur handia pasatu nuen. Hurrengo urtean, berriz, irailean itzuli nintzen, baina ur errota izoztuak oso-oso behean zeuden. Egoera horietan konfort eremutik irteten naiz eta neure burua behartzen dut. Glaziarrek, ur errota izoztuek eta arkupeek zirrara sortzen didate. Uste dut hurrengo belaunaldietarako etorkizuna izango direla. Jakina, muturreko zailtasuna duten izotz jauziak osatzen badira, ziur egon horietan ikusiko nauzuela».

Adituek diote irudian agertzen diren egiturak gero eta urriagoak izango direla. (Dani ARNOLD)

Hori guztia esan eta gero, espezialista frantziarrak lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan du. Klima ez bada arras aldatzen, Mercierrek dio oraindik izotz jauzietan eskalatzeko aukera izango dela. Baina horietan mugatu ordez, gehitu du izotzaren eta mistoaren arteko konbinazioa alternatiba oso erakargarria dela: «Norvegian, Kanadan, Suitzan… mistoko marra ederrak eskalatu ditut. Batzuek paraboltak zituzten; beste batzuetan, aldiz, neure burua babesteko ohiko tresneria jarri behar izan nuen. Izoztuta dagoen arrokan friend edo fisurero bat jartzeak larritzen nau. Izotz torlojuekin eskalatzen badut, nire maila mugatuta gera daiteke. Adibidez, mailan aurrera egin nahi duenari aholkatzen diot misto eskoziarra proba dezala».