INFO

Charles erregeak Kanada «indartsu eta librea» defendatu du bertako Parlamentuan

Britainiar monarka Ottawan izan da, Legebiltzar berria zabaltzen. Hitzaldian Donald Trump izenez aipatu ez bazuen ere, Kanadako estatuburua ere baden Charles erregearen bisita aski ezohiko eta esanguratsua izan da, AEBren asmo anexionisten aurrean herrialdearen subiranotasuna azpimarratzeko.

Charles erregea, Mark Carney lehen ministroari begira. (Andre WYLD | EUROPA PRESS)

Oreka zail bati eusten saiatu zen Charles erregea: erabateko babesa Kanadari, baina Donald Trump gehiegi aztoratu gabe, Londresek ahalegin berezia egin baitu Etxe Zuriaren aldarte aldakorren gainetik harreman onari eusten. Mark Carney lehen ministroak gonbidatuta joan zen Kanadara bisitan, eta haren Gobernuaren diskurtsoa irakurri zuen frantsesez eta ingelesez.

Trumpen izena aipatu ez arren, harekiko keinuak –edo ziztadak – behin eta berriz izan ziren hitzaldian: «Gaur, Kanadak une kritiko bat dauka aurrean. Demokrazia, pluraltasuna, zuzenbide estatua, autodeterminazioa eta askatasuna kanadarrentzat oso maiteak diren balioak dira, eta Gobernuak horiek babesteko erabakitasuna dauka».

Ezinbestean Trumpen muga-zergak agertu ziren diskurtsoan: «Perfektua izan gabe ere, hamarkada luzez kanadarrei oparotasuna ekarri dien merkataritza libre irekiko sistema aldatzen ari da». Herritar asko «kezkatuta daude, gure bizitzan inoiz ez bezalako erronkak dituelako Kanadak», erantsi zuen erregeak. «Hala ere, aukera bikaina da une hau. Bigarren Mundu Gerratik ekonomia eraldatzen hasteko aukera». Hala, AEBrekiko harremana «elkarrekiko errespetuan oinarrituta» dagoela nabarmendu zuen, «bi nazio subiranoentzat onurak ekartzeko». Horrez gain, Kanadako Gobernua mundu osoko merkataritza-kide «fidagarriekin» harremanak sendotzeko lanean ari dela esan zuen.

Bloq Quebecois ez zen Parlamentuan egon, «errege arrotz» baten presentzia salatzeko. Bai aldiz, diputatu indigenak, gogora ekartzeko Kanada sortu aurretik britainiar koroarekin sinatutako tratatuak oraindik ere indarrean daudela.

Hitzaldiaren hasieran Charles erregeak onartu zuen Parlamentua anishinaabeg herri indigenaren lurretan dagoela eta egia eta berradiskidetzea lortzeko itxaropena agertu zuen, 150 urtez indigenak asimilatzeko egin ziren gehiegikeria eta krimenen aurrean inoiz baino sentsibilitate handiagoa baitago azken urteotan.