Mattin Iñigez zegamarra Red Bull X-Alps muturreko lasterketa amaitzear geratu da
Hegalari gipuzkoarrak egun batzuk zeramatzan hilaren 15etik martxan zebilen lasterketatik kanpoan geratzeko arriskuan, eta ostegun goizean zeharkaldia bertan behera utzi behar izan du. Hain zuen ere, lasterketa amaitzeko epearen bezperan. Aaron Durogati italiarra izan da azken irabazlea.
«Abenturan oinarrituta dagoen munduko lasterketa gogorrena da». Horrela definitzen dute Red Bull X-Alps ekimeneko antolatzaileek. Izan ala ez, inork ez du zalantzan jartzen parapentea eta trail-running-a uztartzen dituen kirol ekitaldi hori muturrekoa dela. Bi urtean behin antolatzen da, eta aurtengo edizioak euskal lehiakide bat izan du: Mattin Iñigez. Euskal selekzioaren elastikoarekin lehiatu den hegalariak ohore handia izan du. Batetik, Red Bull X-Alps lasterketan parte hartzeko aukera oso espezialista gutxik dutelako. Hogeita hiru kirolarien artean, horietako bat zegamarra izan da. Eta bestetik, lehen aldiz euskal hegalari bat lasterketa horretan izan delako. Hain zuzen ere, munduko espezialista onenekin lehiatu da.
Aurreneko esperientzia honetan, zoritxarrez, Iñigezek ezin izan du eginiko lan guztia borobildu. Azken egunotan eliminatuta gertzeko arriskuan zegoen, eta, azkenean, egoera hori bete da: ostegun goizean amaitutzat eman behar izan du Alpeetako zeharkaldi luze eta gogor hori. Pena handia izan da; izan ere, lasterketa bukatzeko epearen bezperan kanpo geratu baita zegamarra kanpoan. 341 kilometrora zuen helmuga. Eta, denera, 1.000 kilometro egin ditu.
Lasterketa, berez, joan den 15ean hasi zen, eta ostiralean amaituko da. Lasai asko esan liteke hegalari gipuzkoarrak beste liga batean parte hartu duela. Horretan ez dago eztabaidarik; lehen sailkatuen maila izugarria izan baita. Baina lehen bisita izateko, lan handia egin du: Iñigezek berak, zein alboan izan duen lantalde osoak.
Lasterketatik kanpo geratu bezain laster, kirolari gipuzkoarrak bere sare sozialetan adierazi du pena handia hartu duela. «Sentimendu gazi-gozoa dut. Den-dena eman dut eta nire taldeak izugarriko lana egin du ere. Hamaikagarren egunean agur esan diot lasterketari; soilik egun bat falta zitzaidan helmugara heltzeko. Oso goiz da azterketa sakon bat egiteko, besteak beste, egun hauetan bizi izan dudan guztia barneratu behar dudalako. Bide batez, Euskal Herritik jaso dudan berotasun itzela eskertu nahi dut; baita babesleen laguntza ere. Abentura eder horretatik irribarre handi batekin itzuliko naiz etxera», idatzi du.
Durogati, irabazle
Hilaren 15ean hasi zen Alpeak zeharkatzen dituen zeharkaldi gogor hau. Orotara 17 herrialdetatik iritsitako 33 hegalarik parte hartu dute, eta 23. postuan zela Mattin Iñigez kanpoan geratu da.
Garaileari dagokionez, egoera bitxia bizi izan da. Astebete parapentearekin hegan eta korrika edo oinez egin ondoren, Aaron Durogatik garaipen handia erdietsi du. Bitxia da, izan ere, bi urtetik behin egiten den lasterketa horrek –dagoeneko 16 ekitaldi jokatu dira– irabazle berria izan dsu-eta. Hots, Aaron Durogati italiarra. Ohore hori Chrigel Maurer-i kendu dio; azken zortzi ekitaldiak suitzarrak irabazi dituelarik.
Gogoratu behar da Durogatik bitan irabazi duela Parapenteko Munduko Kopa. Eskarmentu eta teknika itzela du, eta horri esker azken etapan maniobra magikoa egin eta garaipenarekin egin da. Bitxia ere, amaiera hori ia esprintean jokatu delako. Antolatzaileek onartu dute inoizko final zirraragarriena izan dela.
Lehen sailkatuen artean tarte oso-oso txikia izan da; segundo batzuetakoa baino ez! Lars Meerstetter suitzarra bigarren izan da, Simon Oberrauner austriarra hirugarren eta orain arteko txapeldun handia, Chrigel, laugarren izan da azkenean.
Zeharkaldiaren amaieran hegalari italiarrak zera adierazi du. «Lasterketa aparta izan da, eta nire garaipena ere izugarria izan da. Une honetan ezin dut adierazi zer sentitzen dudan. Gauza bakar bat aipatu nahiko nuke: nire azken jaitsiera erabat eroa izan da!».
Amaitzeko, Red Bull X-Alps lasterketaren datu batzuek. Aurtengo edizioak 1.283 kilometro izan ditu; inoizko luzeena. Lehiakideek, denera, 16 puntutatik igaro behar izan dute. Bost herrialde zeharkatu dituzte: Austria, Alemania, Estatu frantsesa, Italia eta Suitza.
Gutxi gorabehera, egunero 150 kilometro egin behar izan dituzte, eta esan bezala, aldez aurretik ezarritako puntu batzuetatik igaro dira. Horietako batzuek mendi ikonikoetatik eta herri turistikoetatik. Erresistentzia fisikoak ere berebiziko garrantzia du. Etapa batzuetan 4.000 metroko desnibela gainditu behar izan dute, eta ehun kilometro oinez.
Goizeko lauretan hasten ziren etapak eta amaitu, berriz, gaueko hamaiketan. Antolatzaileek hala ezarrita, hegan egiteko epea goizeko seitatik iluntzeko bederatziak arte izan dute partehartzaileek eta ondoren, atseden behartua. Bestalde, laugarren egunetik aurrera eta 48 orduro azken kirolaria lasterketatik kanpo geratzen joan da eta hala gertatu zaion azkena izan da Mattin Iñiguez.