Karakorum mendilerroan lehen igoera azpimarragarriak jaso dira
Ethan Berman, Maarten van Haeren eta Sebastian Pelletti alpinistek Ultar Sar mendiaren (7.388 m) hego-ekialdeko zutoina zabaldu duten bitartean, Mueez Uddinek eta Mathieu Maynadierrek ibilbide berria sortu dute Spantik-en (7.027 m).
Karakorum mendilerroak zabaldu ditu udako denboraldiaren ateak. Ongi etorri berri honetan oraindik zortzimilakoek ez dute protagonismorik; bai, ordea, pixka bat txikiagoak diren mendiak. Adibidez: zazpimilakoak. Espedizio batzuk hasi dira emaitzen berri ematen, eta horien artean, momentuz, azpimarra berezia du hirukote batek Ultar Sar mendian (7.388 m, Batura Muztagh mendigunea) eginiko jarduerak. Bai, zalantzarik gabe, Ethan Berman eta Maarten van Haeren kanadarrek eta Sebastian Pelletti australiar-argentinarrak goi-mailako eskalada sinatu berri dute.
Beste espedizio batzuek bezala, talde horrek ukitu gabe zegoen hego-ekialdeko zutoina izan du helburu. Eta, azkenean, hiruko hori izan da arrakasta lortu duena. Izan ere, zortzi eguneko joan-etorria behar izan dute zutoin horretan 'Shooting the moon' bide berria zabaldu ahal izateko. Hain zuzen ere, hilaren 6tik 13ra.
Denera, bost bibak egin behar izan zituzten igoeran, eta beste bi jaitsieran lehen igoera hori biribiltzeko. Gainera, estilo alpinoan egin dute. Jarduera zorrotz horretan alpinistok bide oso luzea igo zuten: 3.100 metro. Zailtasun teknikoak, berriz: WI4 eta M5.
Hori guztia aipatu eta gero, Ultar Sar mendia testuinguruan kokatu behar dugu. Alpinista askorentzat zazpimilako hori Pakistango ikusgarrienetako bat da. Oso zaila ere. Gogoratu behar dugu mendiaren lehen igoera 1996an heldu zela. Ondoren, makina bat espedizio jaso ditu, eta ia gehienak etxera esku hutsik itzuli ziren.
Irudian ikusten den zutoin estetiko hori oso-oso luzea da: hiru kilometro. Alpinista zaildu batzuen xede izan da, baina aipatu dugunez hirukote hori izan da emaitza bikaina lortu duena. Oso zaila eta luzea denez, alpinistok bi bidaia behar izan dituzte.
Xedea lortu eta Hunzako ibarrera iritsi bezain laster, talde horretako kideek onartu zuten eskarmentu aberatsa eta gogorra izan zela: «Oso hunkituta gaude kanpaleku nagusira onik heldu ginelako. Zalantza izpirik ez dugu: Ultar Sar mendiaren zutoin “ezkutu” horretan igaro ditugun zortzi egunak basatiak izan dira. Ibilbide luze horretan arrokazko zutoinera heldu arte, elurra eta izotza nagusi izan ziren. 6.700 metrotik 7.200 metrora, berriz, arrokak protagonismoa hartu zuen. Igoeraren lehen hiru egunetan ahalik eta metro gehien igotzen saiatu ginen. Bibakak, oro har, nahiko seguruak izan ziren».
Aurreratu dugunez, bi bidaia egin behar izan dituzte. Iazkoan ikasitakoa indarrean jarri zuten. Horrekin esan nahi dugu, mendiaren baldintzak eta tenperaturak kudeatzeko, gauez asko eskalatu zutela: «Behartuta geunden gauez eskalatzera. Arratsaldeetan haizea altxatzen zen, eta lainoak ekartzen zituzten. Horren ondorioz, oso txikia zen ikuspena, eta horrek nahi genuen baino lehenago gelditzera behartzen zigun. Gauez igotzea oso berezia izan da. Ilgorak mendi osoa argiztatzen zuen, eta horrek nolabaiteko indarra eman zigun».

Nahiz eta lehen bibakak nahiko erosoak izan ziren, alpinistok onartu dute zutoinean antolatu zituztenak oso txarrak izan zirela. Beste era batera esanda, erronka bihurtzen zen denda txiki bat altxatzea. Hirugarren egunean, 5.800 metrotik 6.650 metrora lan eskerga egin behar izan zuten izotzezko aldats tentea (70º) eskalatzeko. Tarte hori gainditu ostean, asmoa zuten bibaka egitea, baina, leku egokorik aurkitu ez zutenez, zutoinaren oinarrian egin zuten.
Ibilbidearen sekzio zorrotzenera iritsi ziren: zutoinera. Hirukoteak dio espero zutena baino askoz ere gehiago eskatu ziela: «Luzea izateaz gain, elurrezko aldapak ez ziren batere samurrak. Hasierako tarte txiki batean eta azken 200 metroetan eskalada lasaia egin genuen. Gainerako tarteetan, berriz, izotz eta arroka oso bertikalak gainditu genituen. Bidearen giltza, adibidez, zutoinaren goialdean kokatu zen: 6.800 metrotik 7.200era. Eskalada mistoa izan zen: gehienez, M5. Eskaladaren laugarren eguna izan zen».
Tontorra zapaldu ondoren, oraindik jaitsiera oso luzea zuten aurretik. Bermanek, van Haerenek eta Pellettik erabaki zuten igotako bidetik jaistea; bi bibak egin zituzten. Arratsalde horretan ekaitz gogor batek 6.650 metrora zuten bibakean harrapatu zituen. Haize zakarrak egun osoa bibak horretan egotera behartu zituen. Pixka bat baretu zenean, jaitsierarekin jarraitu zuten. 6.000 metrora, berriz, eguraldiak hobera egin zuen: «Beste bibak bat 4.300 metrora egin genuen, eta azken bi egunak oso-oso luzeak izan ziren: 31 ordu kanpaleku nagusira heltzeko. Ez gaude ziur, baina 70 rappel baino gehiago egin genituen».
Ikasle-irakasle
Bigarren espedizioak, Spantik mendian (7.027 m) egin berri denak, ukitu berezia izan du. Jarduera azpimarragarria izateaz gain, aurreratu behar dugu protagonisten artean lotura berezia izan dela. Mathieu Maynadier alpinista frantziar zailduak irakasle lanetan jardun du. Bere sokakideak, Mueez Uddin gazte pakistandarra, aldiz, ikaslea izan da.
Alabaina, talde horrek lan bikaina egin du zazpimilakoan. Ekialdeko ertza zuten xede, eta alpinistok aukera izan dute 'Zindabad' (M5, A1, 1.800 m) ibilbidea sortzeko. Zabaldu bai, baina oso gutxigatik, 50 metro, frantziarrak eta pakistandarrak ezin izan zuten gailurra zapaldu. Errua: haizeak pilatutako elurraren baldintza arriskutsuak.
Espedizio horren abiapuntua Zom Connection elkartean kokatu behar da. Julien Herry buru da, eta bere asmoa da mendiko kirolak Pakistango iparraldean sustatzea. Maynadier elkarte horretako kide da, eta parte hartutako ekimenetan Uddin gaztea ezagutu zuen. Frantziarrak dio eskalatzen eta eskiatzen irakatsi ziotela, eta, oso dinamikoa eta entrenamenduetan jarrera ona duenez, iaz Spantik-era joatea proposatu zion.
Zazpimilakoaren bide klasikoa aukeratu ordez, alpinista frantziarrak haren eskuinean dagoen ekialdeko ertza eskalatzea erabaki zuen; izan ere, ez zitzaion oso zaila iruditu. Baina ertzaren azpira heldu zirenean, aurpegia aldatu zitzaion. Batetik, zailtasun teknikoak agerikoak zirelako. Eta bestetik, gazte pakistandarrak ez zuelako batere eskarmenturik izaera horretako eskaladetan.
Hilaren 2an, kanpaleku nagusia atzean utzi eta 5.800 metrora zegoen lehen bibakera abiatu ziren. Biharamunean, 6.200 metrora, bigarren kanpalekua antolatu zuten. Hirugarren eta azken bibaka 6.600 metrora egin zuten. Ehun metro gorago, zailtasun gogorrenak amaitu ziren. Azken 300 metroak, berriz, samurrak ziren; den-denak, elurrezko aldatsak. Baina aurreratu dugun bezala, tontorrak 'ihes' egin zien; 50 metrora zirela atzera egin zuten.

Maynadierrek adierazi du igotako sekzio gehienak M3 eta M4 artean zeudela. Hortaz gain, M5 mailako bi luze eskalatu zituzten, eta artifizialean A1 zailtasunekoa. Luze tekniko guztien ardura alpinista frantziarrak hartu zuen, baina onartu du gazte pakistandarrak lan bikaina egin zuela. Oso sasoiko jardun zuen.
Zabaldutako bideari dagokionez, Maynadierrek aipatu du eremu birjin batean sortutako bide tekniko ederra dela: «Igo gabe zegoen ekialdeko ertz hori aztertu nuenean, iruditu zitzaidan Alpeetako 'Innominata'-rekin antza handia zuela. 'Zindabad' luzea da: 2.000 metroko desnibela. Elurraren baldintzekin arazoak izan genituen; une jakin batzuetan oso sakona zen! Finean, eskalada zorrotza izan da».