Osasun Itunak ez ditu osasungintzan hizkuntza eskubideen urraketak konponduko, dio Kontseiluak
Lakuako Gobernuak sustatutako Osasun Itunak ez duela osasungintza euskaldunduko salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak. Lakuari eskatu diote «anbizioz jokatu eta beharrezko neurriak har ditzala, kalitatezko osasun sistema euskaldun bat lortzeko».
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kezkaz jaso dituzte Lakuako Gobernuak sustatutako Osasun Itunaren inguruko azken berriak. Izan ere, iazko irailean hasitako prozesua amaitutzat eman dute eta, horrekin, etorkizunean hartuko diren neurriak finkatzeko erabiliko diren 24 lantaldeen behin betiko txostenak onartu.
Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute hizkuntza eskubideak eta euskararen normalizazioa lantzeko lantaldean ez dela euskalgintzako eragilerik egon. Hala, aurreikustekoa zen bezala, «herritarren eta langileen hizkuntza eskubideen begiradatik txostenak hainbat gabezia ditu, diagnostikotik bertatik hasita».
«Agerikoa da Itunak zein hizkuntza eskubideei buruzko txostenak ez dituela kontuan hartu Kontseiluak egindako eskaerak ezta Behatokiak helarazitako txostena eta hizkuntza eskubideen urraketen datuak. Ondorioz, ez zaie konponbiderik eman egun Osakidetzak, eta zer esanik ez osasungintza pribatuak, hizkuntza eskubideen alorrean dauzkaten hutsune ugariei», diote.
Bi taldeen arabera, Osakidetza urrun dago oraindik euskaldunen hizkuntza eskubideak eta osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera bermatzetik: «Gabezia nabarmena da. Izan ere, egungo egoeratik abiatuta aurrerapauso txiki batzuk izan daitezkeen neurriak planteatzen diren arren, itun honek ez du salto kualitatiborik egiten ez eta hurrengo urteetan egungo osasungintza sistema osoa euskaraz zerbitzuak eskaini eta lan egiteko zutoinik ezartzen».
Horretarako, Kontseiluarentzat, beharrezkoa da epe zehatz batean sistema osatzen duten profesional guztiek euskararen ezagutza izatea eta euskara erabiliko dutela bermatzeko neurriak hartu eta baliabideak jartzea.
Lakuak ausardiaz joka dezan eskaera
Testuinguru honetan, Lakuako Gobernuari galdegiten diote, «duen ardura bereziagatik, ausardiaz eta anbizioz» joka dezala, «beharrezko neurriak hartuz eta baliabideak jarriz, kalitatezko osasun sistema euskaldun bat lortzeko». Hain zuzen ere, «herritar guztiei osasun zerbitzuak gaztelaniaz bermatzen zaizkien bezala, euskaraz ere bermatzeko, eta herritarren arteko berdintasuna osasungintzaren oinarri bilakatuaz».