INFO

Mikel Arrieta Llopis oreretarra aske, 25 urteko zigorra osorik bete ostean

Mikel Arrieta Llopis Errenteriako presoa aske geratu da 25 urteko zigorra osorik bete ondoren. 2021eko uztailean 3.gradua ezarri zioten eta 2022ko uztailetik baliabide telematikoen bidez bete du bere zigorra.

Mikel Arrieta Llopis Errenteriako presoa aske geratu da. (ETXERAT)

Mikel Arrieta Llopis aske geratu da 25 urteko zigorra osorik bete ondoren.

Etxeratek gogorarazi duenez, Errenteriako presoari 2021eko uztailan 3.gradua ezarri zioten eta 2022ko uztailetik baliabide telematikoen bidez bete du bere zigorra.

2021ean Arrieta Llopisen lagun batek istripua izan zuen errepidean, Soriako espetxean preso oreretarra bisitatu ondoren Logroñorako bidean zihoala, Donostiara bueltan.

Bi preso gutxiago uztailean

Uztailean bi preso aske geratu dira. Izan ere 21ean Jesus Maria Gomez Ezkerro ‘Txutxo’ euskal presoa aske geratu zen 24 urteko zigorra osorik bete ostean.

Preso iruindarra 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, ETAko kide izatea leporatu zioten eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, «terrorismo» delitua egotzita. Zehazki, «banda armatuarekin kolaboratzeagatik» zigortu zuten auzitegi espainiarrek.

Hogei urte geroago, 2021eko udazkenean, 3. gradua ezarri zioten. Eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna onartu zioten. Bi urte eta erdi geroago aske geratu zen, ia mende laurdeneko espetxealdia osorik beteta.

Eta ekainean Txetxu Barrios baldintzapean aske geratu zen espetxean 27 urte eman ondoren. Ainhoa Barbarin urretxuarra ere baldintzapeko askatasunean geratu zen; eta Asier Oiartzabal Txapartegi andoaindarra aske geratu zen 24 urteren ondoren, zigor osoa bete ostean.