«Xabiertxo», errautsetatik bere herriaren aitortzara
Euskal ume askoren ikasliburu edo entziklopedia izan zen “Xabiertxo” ikastola klandestinoetan. Ixaka Lopez-Mendizabalek idatzi eta Jon Zabalok ilustratua, 1925ean argitaratu zen. Haren urteurrena dela-eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Tolosako Udalak, Galtzaundi Elkarteak eta Jakin fundazioak.
Ez da eleberri, poemategi edo saio filosofiko bat, umeek oinarrizko ezagutza orokorrak jaso zitzaten idatzitako ikasliburua baizik; hala ere, zalantzarik gabeko erreferentzia da. Duela 100 urte eman zuen argitara Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarrak “Xabiertxo”, «umiei euskeraz irakurtzen erakusteko» liburua. Haren garrantziaren erakusgarri, Tolosako Udalak, Galtzaundi Elkarteak eta Jakin fundazioak zenbait ekitaldi antolatu dituzte ikasliburu horrek mende bat bete izana oroitu eta ospatzeko, “Mundua euskaratik landuz” lelopean.
“Xabiertxo” euskal ume askoren hezkuntza tresna nagusia izan da hainbat hamarralditan, eta urte askoan bakarra, ikastoletan ia ezkutuan ikasi zutenek eta ikastolen historiaren berri daukan edonork ondo dakien bezala. Hainbat testu laburrez osatua eta Jon Zabalo Txiki marrazkilariaren irudi koloretsuekin ilustratua, oinarrizko ezagutzak euskaraz irakasteko entziklopedia txikia da. Liburuaren protagonistaren izena, Xabiertxo, ez da ausaz aukeratua, liburua argitaratu zen urte berean jaio baitzen Lopez-Mendizabalalen izen bereko semea.
Xabiertxo baserri giroko mutikoa da, ikasle ona eta edukazio onekoa; baita, oso garrantzitsua, euskalduna ere. Liburuak transmititu nahi dituen baloreen jabe dena, hain zuzen ere.
Bere garaiko lana
Familia, erlijioa, heziketa eta natura ardatz dituela, askotariko gaiak azaltzen ditu: zientziak, letrak, artea, kirola; naturarekin lotuta, baserria, abereak eta gainerako animaliak, urtaroak, nekazaritza... betiere Euskal Herria eta bere kultura erreferentzia dituela, elkartasuna, auzolana eta gisako balioak goraipatuz. Euskal geografia eta historiaren ezagutza orokorra ere eskaintzen du, baita oinarrizko mailako matematika, eta ez dira falta hainbat esaera eta kanta ezagun.
Garaiko bizimoduaren eta ohituren berri jakiteko leiho bat ere bada “Xabiertxo”, eta Euskal Herriaren nortasun kolektiboaren berreskurapenaren lekuko, kontzientzia hori transmititzeko xedea baitu.
Gipuzkera edo erdialdeko euskalkian idatzita, grafia sabindarra baliatu zuen Lopez-Mendizabalek; beraz, horretan ere bere garaiko liburua da, garaiko eta lekuko egoeraren ondorio, eta nolabait ere aitzindaria ikuspuntu pedagogikotik; esate baterako, urtaroak baserriko lanekin lotuta azaltzen ditu, eta orduko zenbait aurrerapen teknologiko ere mintzagai ditu, hala nola elektrizitatea, argazkigintza, telegrafia edo telefonoa, gai guztiak modu ulerterrazean deskribatuta.
Italian Alessandro Parravicinik XIX. mendean sortutako “Giannetto” liburuak inspiratu bide zituen Lopez-Mendizabalen, eta beste hainbaten, liburua eta haren pertsonaia nagusia. Baina “Xabiertxo” bera ere izan zen besteren inspirazio, Seve Callejak dioenez: «...gazteleraz baina euskal gaiak darabiltzan beste liburu batekin ere lot dezakegu. 1940an Alejandro Manzanares oinarrizko eskolako inspektoreak ‘Juanchín’ argitaratu zuen. Euskal Herriari buruzko irakurgaiak ditu eta ‘Xabiertxo’ren antzeko egituraketa, baina mezu politikoa du guztiz ezberdina, [Francoren] erregimen berria eta Euskal Herria Espainia dela erakusten duten aipamenez josita baitago».
Gehienbat liburu hori egiteagatik da ezaguna Ixaka Lopez-Mendizabal, baina beste arlo askotan ere utzi zuen arrastoa bere bizialdi luzean. XIX. mendearen azken laurdeneko Pizkundearekin bateratsu jaio zen, 1879ko apirilaren 11n, eta euskal idazle, kultura eragile, editore, euskaltzale eta politikari abertzalea izan zen, baita Filosofia eta Letretan eta Zuzenbidean doktore ere. 1901ean Eskualzaleen Biltzarraren sorreran parte hartu zuen, eta hurrengo urteetan beste zenbait elkarte eta erakunde garrantzitsuren sorreran edo haien jardunean parte hartu zuen, hala nola Euskal Esnalea, Euskalerriaren Alde, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiarenean. 1929an berak hartu zuen aitaren inprimategiaren ardura. Politikari dagokionez, EAJko kide izan zen, 1934 eta 1935ean alderdi horren Euzkadi Buru Batzarreko presidente.
Pizkundearen seme
Urte haietan sortu ziren lehenengo ikastolak, tartean Donostiakoa, 1914an, eta 1922an Tolosakoa, Lopez-Mendizabal eta Jose Maria Agirre Lizardi, besteak beste, sustatzaile izan zituena. Beraz, haurrak euskaraz ikasteko materialaren premia handia zegoen. Ordurako liburu batzuk sortzen hasiak ziren eta ondoren beste asko egin ziren, hala nola Lopez-Mendizabalek berak 1913an idatzi zuen “Zenbakiztiya” aritmetika liburua, edo hurrengo urteetan Luis Elizalderen “Euskal-Zenbakiztia”, Joseba Zabala-Aranaren “Euskerazko zenbakera” eta “Zenbakiztija”, Gabriel Jauregiren “Kimia” eta “Pisia”, Resurreccion Maria Azkuek 1900ean idatzitako “Erkindea-Geografia”, 1933an Lopez-Mendizabalek egin zuen “Daneurtiztia” eta beste asko. Espainiako Bigarren Errepublikan areagotu egin ziren euskal testuliburu berritzaileak; esate baterako, Julene Azpeitiaren “Irakurri, matte” eta “Osasuna, merketa ta yanaritza”.
36ko gerrak etengo zuen Pizkunde haren seme da “Xabiertxo” ere. 1923an, Lopez-Mendizabalek eta Jon Zabalok “Euskalerriaren Alde” aldizkariak antolatu eta Eusko Ikaskuntzak babestutako lehiaketa batera aurkeztu eta saria irabazi zuten. Bi urte geroago argitaratu zuten Lopez-Mendizabalen aitak Tolosan kudeatzen zuen inprimategian, Primo de Riveraren diktadura betean eta, beraz, euskara eta abertzaletasunarentzako egoera labainean. Liburuak oso zabalpen handia izan zuen, eta hurrengo hamarraldietan argitalpen ugari egin zituzten, legezkoak eta batez ere legez kanpokoak.

1932an, Errepublika garaian, beraz, liburuaren bertsio modernoago bat argitaratu zen, testu berarekin. Baina 1936an ikasliburuen loraldi hura brastakoan eten zen. Lopez-Mendizabalek erbesteratu behar izan zuen eta Eusko Jaurlaritzak Argentiara bidali zuen bere ordezkari gisa. Han, “Euzko Deya” aldizkaria eta Ekin argitaletxea sortu zituen. 1941ean, “Xabiertxo” berrargitaratu zuen faszikuluka, eta 1943an, liburu osoa.
1960ko hamarraldira arte behin baino gehiagotan berrargitaratu zuten. 1951ean Miguel Alvarez Iraolak, Txillardegiren osabak, ezkutuko argitalplena egin zuen; 1959an karmeldarrek argitaratu zuten, Santi Onaindiak bizkaierara moldatuta, baita 1967an ere Ixakaren seme Xabier Lopez-Mendizabalek.
Errautsetatik ikastoletara
Gerra ondoren, liburua ezkutuan erabiltzen jarraitu zuten ikastoletan, hura lortzea erraza ez zen arren. Izan ere, 1936ko abuztuaren 11n armada frankista Tolosara sartu zenean, Lopez-Mendizabalen liburutegiko obra guztiak erre zituen plazan, tartean “Xabiertxo”ren hainbat ale. Hala ere, Elbira Zipitria ikastolen sortzaileetakoak bazeukan ale bat eta bere etxean irakasten zien umeen gurasoek eskuz kopiatu zuten.
Liburu erreketa hark, nolanahi ere, egoera hunkigarririk ere utzi zuela kontatu zioten GAUR8ri Lopez-Mendizabalen biloba Miren eta Maritxelek duela bi urte: «Liburuak plazara eraman eta su eman zieten. Baina ez ziren denak erre. Eta gauean, pertsona batzuk bertara joan ziren, geratzen ziren liburuak jasotzera, eta etxean gorde zituzten. Eta gero, inprentara etortzen ziren gure aitarengana: ‘Xabier, hau gordeta geneukan’. Eta bueltatu egin zizkiguten».
Frankismo ostean ere berrargitalpen gehiago egin ziren; 1970ean, berriro egilearen semeak argitaratu zuen aitari omenaldi bat egiteko asmoz, eta azken aldiz, 2003an, Xabier Lopez-Mendizabalek berak. Era berean, azken hamarkadetan liburuaren inguruko erakusketa ugari egin izan dira han-hemenka.
1977ko otsailaren 27an hil zen Ixaka Lopez-Mendizabal; handik bi urtera, Nazio Batuek, Haurraren Nazioarteko Urtean, Haur Liburuen Ohorezko Zerrendan sartu zuten “Xabiertxo”.
Liburuaren lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko, jardunaldi bat eta omenaldia bat izango dira bihar; larunbatean, berriz, bisita gidatua. Ekitaldi guztiak Lopez-Mendizabalen jaioterriko Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Jakin fundazioak antolatu dituzte, “Mundua euskaratik landuz” leloarekin. «Data seinalatu hau baliatu nahi da liburu hark bere garaiko testuinguru historikoan izan zuen begirada eta garrantzia azpimarratzeko, sortzaileari aitortza egiteko eta gaur egungo euskarak dituen erronken inguruko hausnarketa bultzatzeko», diote antolatzaileek.
Bihar 09:15ean hasiko da goiz osoko jardunaldia Antonio Maria Labaien kultur etxean, eta arratsaldean, 18:00etan, Zerkausian, Ixaka Lopez-Mendizabalen omenezko ekitaldia. Larunbatean, azkenik, 11:00etan Plaza Berritik abiatuta, “Xabiertxo”-ren egilea protagonista izan zuen XX. mendeko Pizkundeari buruzko bisita gidatua izango da Tolosako Alde Zaharrean barrena.