INFO

Ados Pilotak lehen aldiz Lau eta Erdiko Txapelketa ospatuko du

Larunbat honetan hasiko da txapelketa, abenduaren 20an amaituko da eta orotora 10 pilotari ikusiko ditugu lehia bizian. Bi egoitza nagusitan jokatuko da: lehen fasea Olaberrian eta fase erabakiorra, aldiz, Azkoitian.

Ados Pilotako Lau eta Erdikoa ere martxan ipiniko da larunbatean. (ADOS PILOTA)

Ados Pilotak bere ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat egingo du aurten, lehen aldiz Lau eta Erdiko Txapelketa antolatuko baitu. Larunbat honetan bertan emango zaio hasiera eta finala abenduaren 20an jokatuko da.

Kaiolan orotora 10 pilotari ikusiko ditugu lehia bizian eta txapelketa bi egoitza nagusitan jokatuko da: lehen fasea Olaberrian eta fase erabakiorra, aldiz, Azkoitian.

Olaberrian zortzi pilotari ariko dira ligaxkan, bi taldetan banatuta: A taldean Iturriaga, Larramendi, Aranburu eta Orbegozo arituko diren bitartean, B taldean Agirre, Barrokal, Mujika eta Arrastiak jokatuko dute.

Fase hau larunbat honetatik azaroaren 29ra bitartean jokatuko da, pilotari bakoitzak hiru norgehiagoka jokatuz. Talde bakoitzeko lehen hirurak sailkatuko dira Azkoitiko bigarren fasera, bertan Mendiburu eta Oskoz (San Ferminetako Lau eta Erdiko Torneoko finalistak) zain izango dituztelarik. Abenduaren 6an jokatuko dira final-laurdenak, abenduaren 13an finalaurrekoak, eta abenduaren 20an izango da final handia Azkoitiko frontoian.

Aukera paregabea, beraz, pilotarientzat hain berezia eta ederra den buruz buruko lehian estreinekoz euren burua neurtzeko.

Ohi bezala, txapelketa honen partidak jarraitzeko aukera izango da Ados Pilotaren YouTubeko kanalean, eta Hamaika telebistaren bitartez.

Prentsa ohar baten bidez jakitera eman duten moduan, antolatzaileek eskerrak eman nahi diete Olaberriako eta Azkoitiko udalei, «euren laguntza eta konfiantzagatik, txapelketa gauzatzeko ezinbestekoak izan baitira».