Inbestidurako gehiengoa berregitea eta gutxieneko bide-orri bat beharrezko jo ditu EH Bilduk
Inbestidurako gehiengoa berregitea eta Euskal Herriarentzat onurak ekarriko dituen gutxieneko bide-orria beharrezkotzat jo ditu EH Bilduk, Gorka Elejabarrieta senatariak adierazi duenez. PSOErekin harremanak eteten dituela adierazi du Juntsek, legealdiaren etorkizunari buruzko zalantzak piztuz.
Pedro Sanchezen Gobernua osatzeko eratu zen inbestidurako gehiengoa berregitea eta gutxieneko bide-orri bat adostea beharrezkotzat jo ditu EH Bilduko Harreman Politikoen idazkari eta Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak, ETB1en egin dioten elkarrizketan.
Juntsek PSOErekin harremanak eteteko erabakiari buruz galdetuta, alderdi katalanaren jarrera errespetatzen dutela baina EH Bilduren posizio politikoa hori ez dela nabarmendu du Elejabarrietak.
«Beharrezkoa da inbestiduraren gehiengoa berrosatzea. Bide-orri bat guztien artean adostu behar dugu, Katalunia eta Euskal Herrirako gauza onak ekartzeko», adierazi du EH Biduko senatariak.
«Legealdiak aurrera jarraitzen du, eta aukera leihoak zabalik dirauen bitartean, orain arteko ildoari eutsiko diogu. Legez lege negoziatzen jarraituko dugu Euskal Herriarentzat onurak lortzeko», nabarmendu du Elejabarrietak.
Honekin batera, egungo Gobernu espainolaren alternatiba, PP eta Voxen artean osaturikoa, Euskal Herriarentzat eta beste lurraldeentzat oso txarra izango litzatekela ohartarazi du. Gauzak horrela, EH Bilduk eskuina eta eskuin muturra gelditzeko konpromisoa berretsi du.
«Baina hau ez da nahikoa, zentzua eman behar diogu legealdi honi», azpimarratu du Elejabarrietak. Ildo horretan, behingoz Estatuaren nazioaniztasunari heltzeko garaia dela gaineratu du. Gutxieneko bide-orri horri heltzeko «ezinbesteko osagaia» da, EH Bilduren ustetan.
Pedro Sanchezen agerraldia Senatuan
Pedro Sanchezek ostegun honetan Senatuan egingo duen agerraldiari buruz ere galdetu diote Elejabarrietari. «EH Bilduk ez du ustelkeria kasu bakar bat ere, eta lasaitasun horretatik irmotasuna, ikerketa sakona eta zero tolerantzia eskatuko dizkiogu Sanchezi biharko agerraldian. PPk ez du nahi egia jakitea eta ustelkeriarekin errotik amaitzea, Gobernua higatzea eta legealdiarekin lehenbailehen bukatzea baizik», erantzun du.
«PPk Senatuan bultzatutakoa ez da ikerketa batzorde soil bat, Gobernua botatzeko operazio orokor baten instrumentu bat baizik. Gogora ditzagun Aznarren hitzak», erantsi du.